Aresti hurbil sentitzeko aukera

Poetarekin edo haren eraginez sortutako kantuak eskainiko ditu Oskorrik 'Aresti bizsitan' emanaldian

Tolosako Leidor antzokian emango du Oskorrik lehen aldiz Gabriel Aresti bizsitan, otsailaren 22an. A. CANELLADA / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Taldeak hasierako urteetan, 70eko hamarraldiaren lehen erdian batez ere, Gabriel Arestirekin izan zuen harremana «nostalgiarik gabe» eta «hurbiltasunez» gogoratuko du Oskorrik datorren asteko ostiralean, otsailak 22, 20:00etan, Tolosako Leidor antzokian estreinatuko duen Gabriel Aresti bizsitan ikuskizunean, garai hartako kantuak formatu akustikoan emanez. Oskorrik Arestiren hitzekin eta harekin elkarlanean sortutako kantuak ez ezik —Aita-semeak, Heure ahizpei esaien, Guretzat, Adela, Astoarena, Agur jaunik…—, taldekideek haren eraginez ezagutu eta musikatutako poeta eta bertsolarien hitzekin egindakoak ere emango dituzte ikuskizunean. Tolosako 2013ko Kilometroetako aurreneko kultur ekitaldia izango da.

«Iazko urritik erabakia genuen proiektu honekin aurrera egitea, eta Tolosatik heldu zitzaigun emanaldia Leidorren estreinatzeko proposamena, aurtengo otsailean», azaldu du Natxo de Felipe Oskorri taldeko kideak. «Data gertuegi zegoenez, konpromisoa zen guretzat, baina baiezkoa eman eta zintzo ibili gara lanean, eta oso kontentu gaude aukera honekin».

Errepertorioa «oso samurra» eta «oso goxoa» da, Oskorriko musikarientzat, De Felipek dioenez. «Kantuetako batzuek ez dute arrakasta handirik izan, eta ez dira entzun aspaldiko urteetan; beste batzuk, aldiz, oso ezagunak dira.Uste dugu oso errepertorio polita eta orekatua dela».

«Arestirekiko kontuak» eregogoratuko dituzte emanaldietan, «garai hartan kantak nola egiten ziren» eta gisako gorabeherak. Agur jaunik kantua aurkeztean, adibidez, azalduko dute Arestik zioela, «bere puntu probokatzaile horrekin», Agur jaunak kantatzen zutenean berak, zutik jarri eta txapela erantzi beharrean, eseri eta txapela janzten zuela. «Komuneko paperean jaso genituen kantu haren hitzak etxean, ustekabean, gutun-azal batean. Tabernetan eta txakolindegietan ere idatzi genituen kantuak, serbilletetan».Entzuleentzat emanaldi «hurbila» izango delakoan dago De Felipe, Aresti gertutik ezagutzeko lagungarria. «Adinekoentzat ez ezik, gazteentzat ere bai. Gazte askok ezagutzen dute Aresti ikastolan edo institutuan ikasitako gai moduan, baina ez dakite askorik Arestiri eta haren inguruari buruz».

Formatu txikiagoan, noranahi

Oskorrik aspaldi zuen birmoldatu eta «modu akustikoago batean» agertzeko asmoa, beste formatu bateko kontzertuak egiteko, kultur etxeetan eta antzoki txikietan ere emateko moduan. «Egoerak ere manatzen du, eta egungo egoerarekin hobeto egokitzen dira formazio txikiagoekin egindako emanaldiak, medio xumeekin eta edozein lekutara joateko moduan». Halakoxea da Gabriel Aresti bizsitan, eta, Tolosako emanaldiaz gain, beste hainbat dituzte hitzartuak dagoeneko Oskorriko kideek udaberrirako,Barakaldon, Getxon eta Hazparnen besteak beste. Gasteizko Principal antzokian emanaldi bat egiteko esperantza ere badute. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ere aritzekoak dira, neguan, abenduaren 29an.

Kantuak berreskuratu eta moldaketak egiteko, maketa bat grabatu dute Elkar diskoetxearen estudioan, baina ez dute ikuskizuneko kantuekin diskoa grabatzeko asmorik, oraingoz behintzat, ez baitira diskoak kaleratzeko garai onak. Etortzekotan, geroago etorriko da diskoa, emanaldiek bere bidea egiten hasia dutenean, diskoa emanaldien aurretik grabatzea, egungo panorama ikusita, «etxea teilatutik hastea» bailitzateke, De Feliperen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.