Aresti eta Brecht, aurrez aurre

'Poema hautatuak' olerki bilduma argitaratu berri du alemanez eta euskaraz Euskalema elkarteak

Senpere
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Poema hautatuak deitu olerki bilduma argitaratu berri du Euskalema elkarteak. Bertolt Brecht eta Gabriel Aresti idazleen hogei olerkik osatzen dute liburua. Brechten obrak euskarara itzuliak daude, eta Arestirenak, alemanera.

Orain baino lehen ere bazeuden eginak Arestiren eta Brechten hainbat itzulpen, baina Euskalemaren argitalpenak beste ale batzuk gehitu dizkio itzulitako sortari. Bestalde, jada itzulpena jaso zuten olerkiak berriz landu dituzte. «Edizio kritikoa da Poema hautatuak liburuan argitaratu duguna. Itzulpen historikoak landu ditugu, eta olerkiak banan- banan aztertzen ibili gara. Kasu batzuetan, nabari zen olerki batzuk ez zirela alemana edo euskara oinarri harturik itzuliak izan. Horregatik egin ditugu beste itzulpen proposamen batzuk», azaldu du Elena Martinezek, Euskalema elkarteko kideak. Liburu bukaeran itzulpen historikoak aurki daitezke, eta aurretik berriak, betiere euskara eta alemanezko bertsioa ondoan dutela. Petra Elser itzultzaileak erran du ez dutela uste beren itzulpenak historikoak baino hobeak direnik, beren egitasmoa ez dela zuzentze lana izan. «Itzulpenak egiterakoan alemana eta euskara oinarri harturik lan egin nahi izan dugu, zeharkako biderik hartu gabe. Kasu batzuetan iraganeko bertsioetan testu zatiak eskas zirela ohartu gara. Olerki osoak jarri ditugu».

Martinezek azpimarratu du talde lana izan duela oinarri Euskalema elkartearen lehen argitalpenak. «Gai izan gara denek elkarrekin lan egiteko. Ez da beti erraza. Batzuetan, amore eman behar duzu, eta eztabaidatzeko gaitasuna izan. Apaltasun bat izatea beharrezkoa da itzulpengintzan taldean lan egin ahal izateko».

Bildumaren edukia

Gabriel Aresti eta Bertolt Brecht elkarren artean zerikusi gutxi izan duten bi idazle dira. Beren testuinguru linguistikoak, literarioak eta soziopolitikoak biziki desberdinak ziren. Alta, Euskalema elkarteak bi autoreak bilduma berean elkartzeko aukera egin du. Liburuaren hitzaurrean azaldua denez, bien arteko zubiak daudela ondorioztatzera heldu dira «ikuspegi liberalak traizio egin dielako». Izan ere, nahiz bi autoreak biziki tradizio ezberdinekoak izan, biak ezkerreko intelektualak dira. Hori da Aresti eta Brecht harremanetan jartzeko ezaugarri nagusia. Hala, bilduman aipatu gai gehienak esparru sozial eta politikokoak dira. Horren adibide, Arestiren Zorrotzako portuan aldarrika olerkia. «Aresti olerki horretan bi langilez mintzo da, bi langileren lanaz. Mezua oso garbia da», azaldu du Edorta Matauko itzultzaileak. Olerki estilo horren bidez agerian gelditzen da Arestik errealismorantz egin jauzia.

Baina badira olerkien esanahiak ulertzeko zailtasun gehiago sortzen dituzten testuak ere, errealismoan oinarritzen ez direnak, hain zuzen; «Arestiren Kausaren kausa olerkia bildumaren barne ezarri dugu. Idatzi zuenetik 50 urtera zaila egiten zait ulertzea. Olerki hau enigmatikoa iruditzen zait», erran du Mataukok.

Poema bilduman, euskal literaturan asko landuak izan diren olerkiak aurki daitezke, baita biziki herrikoiak direnak ere. Hain zuzen ere, Brecht eta Arestiren idatzi asko musikagintzan berriz hartuak izan dira. Poeta alemaniarraren hainbat testu kantu bilakatu zituen, esaterako, Mikel Laboak: Liluraren kontra, Langile baten galderak liburu baten aurrean, Gaberako aterbea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.