Aurrez jadanik prekarizatuta zegoen sektore bati areago kalte egin dio pandemiak. Gaizka Insunza Audience taldeko musikari eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak koronabirusaren ondorioz sortutako osasun krisiak musikariengan zer-nolako eragina izan duen ikertu du, eta hori da atera dituen ondorio nagusietako bat. Gaixo zegoena areago gaixotu dela. Musikari elkartearekin elkarlanean egin du azterketa, eta Izaskun Alvarez eta Aitor Basañez izan ditu lankide. Inkesta bat bidali zieten elkarteko kide diren 310 musikariei, 55 erantzun jaso, eta horiek izan dituzte oinarri COVID-19aren eragina euskal musikariengan azterketa osatzeko. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Kantatzen duten herriak. Doinu (post)pandemikoak jardunaldien barruan aurkeztu du lana Insunzak, eta argia da ikerketak azaleratzen duen ondorioa: itxialdiak eta agintariek ezarritako bestelako mugek «kalte handia» eragin diete musikariei.
Insunzak onartu du: 55 inkestatu ez dira nahiko argazki oso bat egiteko, baina inkesta Musikari elkarteko bazkide guztiei bidaltzeak aukera eman die askotariko musikariengana heltzeko. Eta esanguratsuak dira ikerketak bistaratzen dituen zenbait datu. Inkestari erantzun diotenen artean, esaterako, erabateko gutxiengoa dira musika lanbide bakartzat dutenak: %18 bakarrik. Eta bestelako lan osagarriak dituzte gainerako guztiek. Bada, guztiengan izan du «inpaktu handia» zuzenekoen etenak.
Izan, zuzenekoak baitira inkesta bete dutenek musikagintzan duten diru sarrera nagusia. Nabarmen. Kontzertuetatik lortzen dute musikarekin irabazten dutenaren %89. Eta, justu, zuzenekoena da osasun larrialdiak gogorren kolpatu duen alorra.
Ikerketaren arabera, zehazki, %60tik gorakoak izan dira pandemiaren ondorioz izandako galerak inkestatu gehienentzat. Eta gehiengo horren barruan, are zehatzago, %81etik gorakoak izan dira galerak hamarretik laurentzat.
Laguntzak ez dira nahikoak
Inkestak agerian uzten ditu musikariek erakunde publikoen laguntzak lortzeko izan dituzten zailtasunak ere. Galdetegia bete duten musikarien gutxiengoak bakarrik jaso ditu laguntzak azken bi urteetan; %24k. Eta laguntzak eskuratu dituen laurden horren barruan ere, pandemiaren aurretik jasotako diru laguntzen antzekoak edo txikiagoak izan dituzte gehienek. Edonola ere, musikarien hiru laurdenek ez dute COVID-19ari lotutako laguntzarik eskatu ere egin. Eskatu ez dutenen erdiek bazekitelako ez zituztela horretarako baldintzak betetzen, eta %39k bazituztelako bestelako diru sarrerak. Laguntzak eskatu dituen gutxiengoaren barruan, gehienei baiezkoa eman diete —%77ri, zehazki—, nahiz eta, era berean, haien arteko gehienek uste duten laguntzak ez direla nahikoak izan.
Inkestatuen erretratua ere egin du Insunzak aurkezpenean. Izan ere, gizonezkoak dira parte hartu dutenen %78, eta emakumezkoak %22. Musikari elkartea Gipuzkoan dagoenez, herrialde horretakoak dira inkestari erantzun diotenen bi herenak, eta Euskal Herriko beste lurraldeetan zein kanpoan bizi da beste herena. 1954an jaiotakoa da inkestaturik zaharrena, eta 1994koak dira, berriz, gazteenak; batez beste, 23 edo 24 urteko ibilbide musikala dute. Erdiek baino gehiagok dituzte musika ikasketa formalak. %38 da soldatapeko langilea, %31 autonomoa, eta bestelako izaera juridikoak dituzte besteek. Nagusiki pop, rock, jazz eta soul estiloak lantzen dituztenak dira inkestari erantzun dioten musikariak.
Inkestan ez dago batasun handirik etorkizunean musikagintzari lotutako diru iturriak handitzeko esperantzari buruz. Esate baterako, inkestatutako musikari gehienek ez dute zuzeneko emanaldien eskaria lehengoratuko den esperantza handirik. Baina, nahiz eta ez izan diru sarrerak berreskuratzeko itxaropenik, inkesta bete duten musikari gehienek azaldu dute musikan jarraitzeko asmoa dutela. Horrek erakusten du, Insunzaren hitzetan, musikan dabiltzanentzat dirua ez dela motibazio nagusia.
Bizitzarekiko asebetetzea
Lanbide «bereziak» dira arteari lotutakoak, Insunzak azaldu duenez. Gaiari buruzko literatura akademikoak aztertua duenez, diru sarrera txikiak izaten dituzte gehienetan, eta maizenik bestelako ogibide bat ere izaten dute horregatik. Musikariek kontratu laburrak izaten dituztela ere azaldu du ikerlariak, proiektuka aritzen direlako. Horren ondorioz, pandemia heldu aurretik ere ohikoak izan dira musikarien artean jardunik gabeko aldiak, eta osasun krisiak areagotu egin ditu jardunik gabeko sasoi horiek. Hori kontuan harturik, «moldagarriak» izan behar dute musikari gehienek.
Beren bizitzak zenbateraino asebetetzen dituen ere galdetu diete musikariei, 1etik 10erako tartean. Erantzuna: 5,8.
Areago eritu dira musikariak
Gaizka Insunza ikerlariak eta Musikari elkarteak egindako inkesta batek azaleratu du koronabirusaren ondorioz zuzenekoak eten izanak «kalte handia» eragin diela euskal musikariei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu