Are premiazkoagoa larrialdian

Pandemia garaiko kulturgintzaren egoera eta erronkak zein diren argitu nahian dihardute EHUko uda ikastaroetan. Mintzola ahozko lantegiak hamar hitzaldi eta bi mahai inguruko egitaraua antolatu du

Harkaitz Zubiri, atzo goizean, Miramar jauregian egindako hitzaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Karlos Aizpurua Etxarte Mintzola ahozko lantegiko ikerkuntza zuzendariak abiatu ditu EHUko uda ikastaroak, Pandemia garaiko kulturgintza egitarauarekin. Antolatzaileen arabera, COVID-19aren pandemiak gizarte osoa astindu du, egitura eta diskurtso askoren zimenduak kolokan jarri ditu, eta itxura sendoa zeukaten oinarrien hauskortasuna agerian geratu da. «Kulturgintzan eta herrigintzan nabarmenak izan dira ondorioak. Baina zein da benetako egoera? Nondik, nola eta nork ekingo du aurrera?». Gisa horretako galderei erantzunak topatzeko elkartu dira Donostiako Miramar jauregian, atzo eta gaur goizean.

Kulturgintzako eta herrigintzako sortzaileak, zaleak, teknikariak, ikertzaileak eta mugimenduak deitu dituzte ikastaroetara. Haien ikuspegiak eta bizipenak plazaratzeko asmoz, eta aurrera begirako erronkez aritzeko, hamar hitzaldi eta bi mahai inguru antolatu dituzte.

Kulturak salbatuko gaitu? hitzaldia egin du antropologian doktorea den Pio Perez Aldasorok. Eta ondoren Harkaitz Zubiri Esnaola soziologiako doktorearen txanda izan da, kultura kontsideraturik Pandemia garaian hobeto sentitzeko hauspoa.

Zubirik landarediaren metaforarekin hasi eta bukatu du bere hitzaldia. «Landareek argia bilatzen dute. Gai dira edozein egoeratara moldatzeko, argia bilatze aldera. Charles Darwinen ideia gogoratzen dit horrek, alegia, ondoen egokitzen direnek irauten dutela. Eta Piotr Kropotkinek gaineratu zuen bizirik irauteko zeinen garrantzitsua den elkarren arteko laguntza». Antza denez, zuhaitz berriak haz daitezen ezinbestekoa da basoa, esplikatu du Zubirik, Nature aldizkariko artikulu bat erakusteaz batera; izan ere, zuhaitzek beraien sustraien bitartez lur azpian sare bat osatzen dute, elkarri karbonoa transferitzen diote, eta sistema horrek erraztu egiten du zuhaitz berriak sortzea. «Elkarri laguntzen dioten bizidunek irauten dute ondoen. Ideia oso polita da».

Arrainek ura bezain

Jokaera kooperatiboa dutenean doakie hobeto gizakiei ere, uste du Zubirik; baina hori gerta dadin zenbait baldintza bete behar dira. «Bizitzari zentzu bat eman behar zaio. Eraikitzen dugun zentzuaren arabera izango da hobea edo okerragoa bizitza, osasuntsua edo kaltetua». Hala berean, beste baldintza bat aipatu du: «Jendearekin eta naturarekin harreman onak ez izatea oso kaltegarria da. Poluzioaren edo tabakoaren edo obesitatearen pareko arriskua da harreman onak ez izatea».

Kontakizun bizkor eta adibidez betea egin du Zubirik. Aipatu ditu Erik eta Joan Erikson, Max Weber, Mozart eta Beethoven musikarien lan baldintzak, Baudelaire idazlearen Gaitzaren loreak poema liburua, Erich Fromm filosofoaren Askatasunetik iheska liburua, Duchamp eta Klee artistak, Camusen Izurria eleberria, Tarantinoren Reservoir Dogs eta Coppolaren The Godfather filmak, Shakespeareren Lear Errege eta Macbeth antzezlanak, Verdiren Nabucco opera, Albert Bandura eta Jurgen Habermas. Eta ondorioztatu du: «Kulturak mesede handia egiten dio osasun fisikoari eta mentalari. Konexioa egiten du batzuen eta besteen artean. Integrazio sozialerako balio du. Arrainentzat ura bezalakoa da guretzat kultura».

Azken etsenplu bat eskaini du: Bartzelonako Escola d'Adults La Verneda-Sant Marti, 1978an sortua. «Oso berezia da eskola hau. Edonorentzat irekita dago. Besteak beste, solasaldi literario dialogikoak egiten dituzte». Pandemia garaian online egin dituzte, ezinbestean. Literaturako klasikoak irakurtzen eta haiei buruz solas egiten aritu dira: Mila gau eta bat gehiago, Xerezaderekin; eta Garcia Marquezen Heriotza iragarritako baten kronika. «Isolamenduari izkin egin diote. Kulturaz baliatu dira elkarrekin konektaturik segitzeko».

Gaurko gonbidatuak

Iñigo Astiz idazle eta kazetaria mintzatuko da gaur goizeko 9:00etan. Kultur kazetaria pandemian izango da haren hitzaldiaren izenburua. Ondoren etorriko dira: Manex Fuchs antzerkilaria (Kolapso egoera eta lekuko sorkuntza), Eneritz Furyak musikaria (Pandemiako pentagrama), Dinamoa sormen guneko Xabier Gantzarain (Pandemiaren zuloak eta dinamoak), eta Oihana Iguaranek itxiko du zikloa: Bat-bateko(aren) erronkak. Amaitzeko, 12:50ean, mahai inguruan jardungo dute bost gonbidatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.