Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Esteban Landart. Organo jotzailea

«Ardoa bezala hobetzen da organoa urteekin»

Eraikin berria da Loiolako Erriberetako Iesu eliza, baita han dagoen Klais etxe alemaniarraren organoa ere. Instrumentua ezagutzen luze aritu da Esteban Landart, gaurko kontzertuan haren onena ateratzeko.

MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Donostia
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Samurtasunez hitz egiten du Esteban Landartek (Irun, 1965) organoaz, aspaldiko lagun batez ariko balitz bezala. Haurra zela, Irungo Amets abesbatzan kantatzen zuen, eta han ezagutu zuen Jose LuisAzkue, organoa jotzen irakatsi ziona. Geroztik, organo jotzaile gisa ibilbide emankorra izan du. Haren talentuaz gozatzeko aukera izango da gaur, Rafael Moneo arkitektoak eraikitako Iesu elizan (Loiolako Erriberak).

Eraiki berri den organo batean jotzeak zer esanahi du zuretzat?

Pozgarria da organo berri bat inauguratzea. Sarri azpimarratu ohi dugu izugarrizko ondarea dugula Euskal Herrian organo erromantikoetan, eta egia da, baina instrumentu berriak sortzea ere beharrezkoa da. Hala ere, niretzat zaharrek badute halako erakargarritasun bat, berriek ez dutena.

Urteen joanak instrumentuaren soinua hobetzen duela esango zenuke?

Ardoarekin konparatuko nuke. Ardo txar bat ozpindu egiten da denborarekin; ardo on bat, berriz, geroz eta hobea da urteak pasa ahala. Organoekin ere halatsu. Zaharberrituta ere, instrumentuek gorde egiten dituzte nolabait erabilerak emandako ñabardurak. Organo bakoitzak bere historia du: ez daude unibertso osoan bi organo berdin, urrundik ere ez.

Hortaz, kontzertu bakoitzaren aurretik,instrumentua ezagutu beharko duzue lehenik.

Hori da organistok dugun desabantaila: biolinistak beti joko du bere biolinarekin, baina guk, goazen lekuan, bertako organora moldatu behar dugu. Hori ez da beti txarra, ordea; erronka interesgarria ere bada.

Gaur, musika barroko alemaniarra joko duzu.

Organo honekin, egia esan, estilo ugari landu daitezke, instrumentu modernoa baita, polibalentea. Baina hemen inguruan oso organo gutxik ematen dute honek ematen duen aukera XVII. eta XVIII. mendeetako musika barrokoa interpretatzeko. Johann Sebastian Bachen lanak joko ditut gehienbat; nire autorerik maiteena da bera.

Harrera ona al du organoak?

Testuinguruaren arabera. Musika Hamabostaldiko organo zikloak, adibidez, izugarrizko arrakasta du urtero. Ohitura falta duten lekuetan, gehiago kostatzen da jendea erakartzea.

Nolako etorkizuna iragartzen diozu organoari?

Niretzat funtsezkoena zera da: organoa beste edozein instrumenturen mailan egotea. Hori lortzen badugu, ez dugu arazorik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.