Listo, amaitu da. Fokuak itzali dituzte, eta Basoa guneko beat-ak ere isildu dira. Hiru eguneko jaia bukatu da, eta musikazaleek hurrengo urtera arte agurtu dute Kobetamendi. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, eta azaldu dute 110.000 lagun bildu direla.
Zapatuko momenturik jendetsuenetako bi Arcade Fire eta Jungle taldeen kontzertuak izan ziren. Kanadarrek indartsu hasi zuten emanaldia, konfiantzaz beterik, hiru Neighborhood (Tunnels, Laika eta Power Out) errenkadan jota. Funeral debuteko lanak hogei urte bete ditu aurten, eta bira berezia egiten ari dira disko hori hasi eta buka jotzen; jaialdietan, baina, beste lanetako abestiak ere tartekatzen dituzte. 2022an kaleratutako WE diskoko abestiei (Age of Anxiety II (Rabbit Hole) eta End of the Empire II (Last Round), No Cars Go edo Keep the Car Running eta antzeko klasikoei ere tartea egin zieten. Wake Up kantuak borobildu zuen festa. Beharbada Arcade Fireren azken estudioko lanek ez dute bereganatu publikoaren arreta, baina zuzenekoan gutxik egiten die itzala.
Junglek ere jendetza batu zuen agertoki nagusiaren parean. Tom McFarland eta Josh Lloyd-Watsonek gidatutako taldeak dantzan jarri zituzten han batutako milaka lagunak, Casio, Keep moving eta Busy Earnin' eta halako kanta arrakastatsuekin.
Aurretik, beste talde ingeles bat aritu zen bigarren agertokian: Slowdive. Boskotea shoegaze eta dreampop doinuen aitzindarietako bat da, eta bigarren gaztaroa bizitzen ari dela esan daiteke. 1995ean taldea desegin zuten, baina 2014an ostera batu zen, eta ibilbide oparoa izaten ari da ordutik; azken hamarkadan kritikaren onespena jaso duten bi disko luze kaleratu dituzte —Slowdive 2017an eta Everything is alive 2023an—, eta jaialdi ugaritan egon dira. Azken laneko Shanty-rekin ekin zioten emanaldiari, oraindik eguzkiak erruz jotzen zuela, eta trantze egoeran sartu zituzten han batu ziren zaleak; ilundu ahala, argi jokoak bidaian murgiltzera gonbidatzen zuten, eta kontzertuak goia jo zuen Alison eta When the Sun Hits klasikoekin. Jaialdi masiboak ez dira plaza erraza izaten Slowdive bezalako taldeek euren proposamen sotilak aurkezteko; hala ere, publikoak errespetuz jokatu zuen, eta Rachel Goswell, Neil Halstead, Christian Savill, Nick Chaplin eta Simon Scott musikariek ere gozatu zuten.
Etxekoak nagusi
Aurreko egunetan bezala, etxeko taldeak arduratu ziren guneak abiatzeaz. Oki Moki gipuzkoarrak karpan, eta Airu bizkaitarrak bigarren agertokian. Horien ostean, Zea Maysek bestelako Bilbo bat ere existitzen zela aldarrikatu zuen Kobetamendin, Doctor Deseok bere abestietan deskribatzen duena, Corazon de tango kantuaren bertsioa eginez, edota auzo biziak dituena, Kukutza III ereserkia emanez. Beharbada ez dira izango lehen urteetako gazte sumindu haiek, baina euren abesti berriekin ere lortzen dute publikoarekin konektatzea, eta dantzan jarri zituzten bigarren agertokian batu ziren lagunak.
El Columpio Asesino taldeak ere dantzan jarri zituen agertoki nagusian zeuden milaka zaleak. Nafarrak agur biran murgilduta daude, eta ezinbesteko hitzordu zuten aurretik ere zapaldua zuten BBK Live. Zale ugarik abestu zituzten oihuka Toro, Perlas eta Preparada abestiak, mende laudeneko ibilbidearen ostean, azken biderra izan zitekeelakoan.
Kanoi bizitza
Musikan ere, bizitzako beste esparruetan bezala, azalpenik ez duten (akaso behar ez dutelako) fenomenoak gertatzen dira. Horrela, lan bakarra kaleratuta, BBK Liveko agertoki nagusian jotzera iritsi da Alcala Norte. Zeresana ematen ari dira madrildarrak sare sozialetan —Rosaliak txio batean aipatu zuen La vida cañón abestia— zein kalean —Kobetamendirako joanean, autobusean zein oinez, hainbat lagun taldetan entzuten ziren eurei buruzko elkarrizketak—, eta espektatiba handia zegoen zuzenean nola konpontzen diren ikusteko. Popetik asko duten post punk abestiak dira eurenak, melodia itsaskorrekin, eta hasieratik poltsikoratu zituzten zaleak. Taldekideen jarrerak ere asko lagundu zuen, Athleticeko Piratak taldearen edota RIP taldearen kamisetak soinean, parrandarako eta musikaz gozatzeko gogotsu zeudela erakutsi zuten.
Beste urte batez, milaka musika zale ez ezik, festa giroaz gozatzea gura edota dantza egitea gura dutenak ere erakartzea lortu du BBK Live jaialdiak. Hurrengo aldia 2025eko uztailaren 10ean, 11n eta 12an izango dela iragarri dute. Oraindik ez dute talderik baieztatu, baina ikusi beharko da elektronikaren aldeko apustuarekin jarraituko duen.