Azken ordura arte atxiki dute suspensea. Aurtengo EHZ festibala Irisarrin (Nafarroa Beherea) iraganen zen azkena zela iragarri ondotik, jakin-min handia zegoen nora mugituko zen Ipar Euskal Herriko festibal historikoa. Gaur goizean egin dute urteroko biltzar nagusia, Kanboko (Lapurdi) Emaitza gaztetxean, eta laguntzaileek Amikuzera jotzearen alde egin dute. Arberatzen (Nafarroa Beherea) izanen da 2024ko Euskal Herria Zuzenean festibala, ekainaren 28an, 29an eta 30ean.
Hau edozein autodeterminazio erreferendum baino garrantzitsuagoa da. Boto guziak behar bezala kontatu ondotik, nazioarteko ikuskarien onespenarekin, 2024ko @ehzfestibala Arberatzen (Nafarroa Behera) eginen da @berriapic.twitter.com/YJDZGzMl1h
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) September 30, 2023
Irisarrin pasatutako urteen bilan baikorra egin dute EHZko kideek biltzar nagusian. Bost urtean festibala egonkortu dela iritzi diote. «Irisarrin bost urtez egin diren lau edizioek EHZren beste etapa bat marraztu dute. Berriz txikitik eta xumetik hasi ginen 2019koan. Tartean pandemia izan zen ere, eta 2020koa bisio bilkura batean ezeztatu genuen. 2021ean musukorik gabeko oasia bilakatu zen EHZ, arnasgune bat euskararentzat eta euskal kulturarentzat. 2022an eta 2023an, Irisarrin erroturik, laguntzaile gazte-gazteekin eta programazio aberatsarekin iragan dira», aztertu dute agiri batean EHZko antolatzaileek.
Haien hitzetan, Irisarrik «egonkortasuna» eman dio festibalari, «berriz laguntzaileak lotu ditu, eredu ekonomikoa egonkortu du, eta publikoa ere hor zen». Aitortu dute batek baino gehiagok egin dietela galdera: «Zergatik zoazte Irisarritik? Bikaina da hemen!». Baina «konbentzituak» dira garai ona dela. «Toki batean egoteak arrisku bat du: erosotasuna, eta, ondorioz, gauzak handiago egin nahi izatea. EHZren historian ere usu eskutik joan dira belaunaldi aldaketa eta herri berria. Aurten ere hori dugu erronka: ahal bezain naturalki eta goxoki lekuko aldaketa egitea».
«Energiaz kargaturik»
«Orain da momentua beste abentura batzuetara joateko eta tokiz aldatzeko», adierazi dute Ihintza Etxart eta Imanol Etxebarne EHZko kideek. «Lurralde berri horretara hurbilduz, Amikuzera hurbilduz, erronka berri anitz baditugu: lurralde berri batean errotzea, hango eragileekin, kultur eragile, besta komite eta gazteriarekin. Amikuzeko gazte anitzek parte hartu dute herri berri hori hautatzeko erabakian, eta espero dugu Irisarrin lortu duguna errepikatuko dugula».
EHZ Festibaleko kideen azalpenak gaur hartu duten erabakiari buruz. 2024ean Arberatzera joko du @ehzfestibala-k @berriapic.twitter.com/srFiiZ3GHB
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) September 30, 2023
«Irisarri agurtu genuen hastapen baten zaporea zuen bukaera batekin. EHZ Amikuzen izanen da lehen aldiz. Orain, ikustekoa izanen da zer ekarriko dion Arberatzek festibalari. Eta festibalak zer duen ekartzeko Amikuzeko eskualdean, hau truke bat baita», gehitu dute agirian.
Orain arte ukitu gabeko lurraldea zen Amikuze EHZ festibalarentzat. Arrosan (Nafarroa Beherea) abiatu zen, 1996an, eta han iragan zen uda hasierako ospakizuna 2003 arte. Ondotik Zuberoara jo zuen, Idauze-Mendi herrira zehazki, eta 2009ean Heletara jo zuen (Nafarroa Beherea). Lekornen (Lapurdi) 2013tik 2017ko epean egon ondotik, birsortze prozesu bat abiatu zuten festibala antolatzen aritu diren laguntzaileek, eta Irisarrin lurreratu zen 2019an.