Arberatze-Zilhekoa beretu du EHZ jaialdiak

EHZren laguntzaileek gune berria ezagutu dute. Plaza ingurua eta guneak elkarren hurbil izatea prezatu dute. Jendarmeek kontrol dispositibo handia ezarri dute inguruan lehen egunetik.

EHZ 2024 ostirala zerutik. JULIEN MARCHIONE
EHZ jaialdiko gune berria, Arberatze-Zilhekoan, atzo. JULIEN MARCHIONE
Iñaki Etxeleku.
Arberatze-Zilhekoa
2024ko ekainaren 29a
05:00
Entzun

Euskal Herria Zuzenean jaialdiak Arberatze-Zilhekoako (Nafarroa Beherea) erdigunea beretu du. Antolakuntza gune nagusia herriko etxean kokatu dute, eta handik kudeatzen da komunikazio guzia. Euskal Irratiek bertan eman dute estudioa, eta laguntzaile pasaia handia da, otorduetarako txokoa ondo-ondoan baitute. Gazteak saldoan ari dira lanpostu bakoitza apailatzen. Dena prest jarri dute jaialdia hasteko tenoreko. Gune berria da denentzat, eta ez dute oraindik astirik ukan den dena ikusteko. Horretatik neurtzen baita halako jaialdiaren hedadura.

Gunea berria da, baina lanean dabiltzan soinu eta argi teknikari franko EHZ eskutik eraman dutenetarik dira. Roger Hirigoien ari da argi mahaia pikoan ematen, eta Kittu Lazkarai alboko soinu mahaiaren gibelean da. Oholtza gainekoa antolatzen, berriz, Pop Robert. Popek gunea guziz «pollita» kausitu du. Pentzea egokia, eta bi oholtzak horrela jarririk, «guretzat ongi da, teknikoki sinpleago baita», erran duenez. Arberatze-Zilhekoa ez zuen ezagutzen lehenagotik, eta sorpresa biziki polita zaio. Antolatzaileek usu aipatu duten kezka bat salatu du: euria. «Ikusiko dugu euriarekin kamioiak nola aterako ditugun igande gauean».

Aitz Amilibia soinu eta argi kudeatzaileak plazako oholtza bere gain du. Hark ere ez du lehenbiziko jaialdia aurtengoa. Teilaturik gabeko oholtza jarri dute, pilota pareta agerian uzten baitu, eta zinezko herriko plaza giroa atxikitzen. «Plaza hori harrera egiteko askoz politagoa iruditzen zait», erran du Amilibiak. «Eremuak markatuagoak dira; beraz, giroa mugituko da; gune bakoitz kontzentratuagoa izanen da, eta jende guztiarentzat berotasun handiagoa». Laguntzaileen aldetik talde bertsua dute. «Gazte bat edo bi, baina bestela betiko zaharrak» direla bota du Amilibiak, irriñoa ahoan.

Ostatu eskaintza zabalagoa

Arberatze-Zilhekoan ez da tabernarik; beraz, EHZk dena ekarri du, eskaintza zabalagoa proposatuz.

Haitian komunikazio taldeko laguntzailea da. Eremuak nola antolatuko zituzten pentsatu zutenetik azpiegiturak plantan ezarririk hobeki haztatu dute nolakoa den gunea. «Gunea goxoa da. Denak hurbil dira elkarrengandik. Pentzean bi oholtzak elkarren ondoan izanez, festibal izpiritua ikusten da oraino gehiago» iruditu zaio Haitiani.

Irisarrin, tokiko ostatu batek egiten zituen goizeko askariak, plazan. EHZkoek beren gain hartu dute dena aurtengo. «Gosarirako bi menu izanen dira: bat azukretsua, bestea gazia», esplikatu du Haitianek. Besteak beste, xingarra eta arrautzak jateko parada izanen dute bestalariek. Gehiago dena, Arberatze-Zilhekoako pilota plaza hegian soropil ederra bada deskantsuan egoteko.

Plaza horretan, usaiako ostatu handitik aparte, beste ostatu «berezia» muntatu dute, zurezko ttattola baten pean. Amaia ari da ostatu horretako arduradun lanetan. «Bizki maite» du gune berria: «espazioa ontsa antolatua» iruditzen zaio. Kudeatzen duen ostatuan «arno eta garagarno bereziak» proposatuko dituzte. Euskal Herriko bost lurraldetarik jin garagarnoak izanen dira. Arnoa ere tokikoa, «kalitate hobekoak. Irulegiko zuri bat, gorri bat eta beltz bat. Baita Biba arnoak saretik ekarri beste zuri bat eta beltz bat ere».

Elaia, Angele eta Terexa ttantto saltzeko etxolan ari dira. Elaiak Lekornetik ezagutzen du EHZ; ondoko bi lagunek, Irisarritik. «Ongi da aldatzea eta beste leku bat ikustea» ausartu da Angele. «Gure ohiturak baditugu, eta ongi da kanbiatzea», gehitu du Elaiak.

Beste gune bat ere izanen da eliza gibelean: antzerki eta zirku gunea. Ikuskizunak lasai ikusteko aparteko txokoa antolatu dute.

Jendarmeen kontrolak

Jaialdia hastekotan zela giroa doi bat histu duen bakarra Arberatze-Zilhekoa inguruan jendarmeriak plantan eman dituen kontrol elemenia izan da. Jaialdira heldu zirenak zorrozki kontrolatu baitituzte bidegurutzeetan. Helikopteroarekin ere ibili dira arratsaldean gunearen gainetik.

Paristik jarri duten testuinguru politikoaren eraginez, EHZ Asanblea Nazionaleko bozekin batean gertatuko da. Antolatzaileek herriko etxea beretu dutenez, herriko kontseiluak beste gela batean antolatu ditu igandeko hauteskundeak.

Arte horretan besta piztu du Broken Brothers Barss Band karrika talde nafarrak. Gaur, 10:00etan hasiko dira animazioak, plazan, Banaketa’afro taldearekin. Bertso musikatuekin segituko dute, Maialen Akizu, Irantzu Idoate eta Haira Haizpurua bertsolariekin. Anari 17:00etan ariko da, plazan, eta Punttu Kakotx talde berriak eta Buuzbuk aspaldikoagoak jarraituko dute. Oholtza nagusietan Haira, RTZ, Gorka Urbizu, Su Ta Gar, Nakar Ke Lepo edo Vox Low lerrokatuko dira, besteak beste.

Haitianek mentura ederrak ikusten dizkio Arberatze-Zilhekoako abenturari: «Espero dut bizpahiru urtez egonen garela, eta agian gehiago ere bai».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.