Hamar urte iragan dira Erramun Martikorenak Kantuz sortu naiz eta aitzineko diskoa argitaratu zuenetik. Orain, Gure lurretik izeneko lanarekin heldu da Baigorriko laborari eta artzaina, bere sendien iraganean arakatzen duen diskoarekin.
Martikorenaren familiako bizipenetan oinarriturik arbasoen historia ezagutarazi nahi duen disko bat da Gure lurretik. Izan ere, kantariak bere bizipenen bitartez euskaldunen historia kontatzen du: euskara, natura, emigrazioa, gerla, maitasuna,familia, besta... aipatzen ditu diskoa osatzen duten hamabost kantuetan zehar. Angel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunaren iritziz,diskoa katebegi garrantzitsua da kultura eta hizkuntzaren transmisioan, edukiz zabala eta mezuz aberatsa. Azaroaren 20an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izanen da entzungai, Mikel Markezekin batera emanen duen kontzertuan.
Martikorenak aspaldian gordeak zituen hitzak baliatu ditu kantu bilduma honen osatzeko. Diskoko hamabost kantuetatik hamaika sekula argitaratu gabeak ziren. Hitzen egileak Jules Moulier Oxobi, Azkaineko Elizalde apaiza, Gratien Adema Zalduby, Joan Batista Elizanburu eta Pierre Bordazarre Etxahun Iruri dira. Diskoko bi maitasun kanta, Eztei ederrak eta Lau eta Zortzi, ahozko transmisioak ekarri ditu Martikorenaren belarrietaraino, ez baitira lehenago idatziak izan. Kantariak 1960ko hamarkadan ikasi zituen, Baigorriko koralari entzunik, soldaduskatik herrira itzuli zenean.
Historiari loturiko kantuak
Diskoa osatzen duten hamabost kantuek lotura estua dute beren artean, eta orain ehun urte inguru idatziriko bertsoetan oinarritzen dira. Arbasoen historia kontatzen dute.
Lehen kantua, Bizi dadin euskara, atxiki nahi den nortasunaren eta munduarekiko irekidura islatzen duen kantu bat da. Bigarren kantuak, berriz, Bidarraiko artzain xaharraren bizimoldea deskribatzen du, artzain etxoletako bizia, 1800. urte inguruan. Martikorena ere, 14 urterekin eskola utzi ondoren, artzain ibili zen Iparla inguruko etxoletan. Segidan, Ameriketako emigrazioari buruzko bi kantu hunkigarri eta sakon aurkezten ditu.Kantariaren familiak hurbiletik ezagutu du emigrazioa: haren ama Kalifornian sortu zen, eta ondoren, Baigorrin Otsobi baserrian instalatu, egun Martikorena bizi den lekuan. Agur Ameriketako euskalduner kantuan Ipar Euskal Herriko historiako pasarte garrantzitsu bat omentzen da, agirien arabera 1835 eta 1914 urte bitartean urtean 2000 euskaldunek emigratzen zutela kalkulatzen baita. Familia batzuk Amerikatik itzuli ziren ondoren, eta maitasuna, ezkontza, haurraren sortzea eta halako gertakari hunkigarriek badute beren lekua disko honetan ere.Lo hadi aingüria Etxahun Iruriren kantua Isabelle Jauryk du kantatzen.
1914an, lehen mundu gerla hasi zenean, Martikorenaren aitatxi, bere belaunaldiko gazte anitz bezala, gerlara deitu zuten Frantziaren alde borrokatzera, eta lau urte igaro zituen lubakietan. Historiako pasarte lazgarri hori ere ekarri nahi izan du kantariak. Garai hartan jendeak bizi izandako gosea, miseria, beharra ere aipatzen ditu.
Nahiz eta sufrimendu garaiak ezagutu gizakia beti biziari, esperantzari lotzen denez, diskoko azken kantuek umoreari bidea irekitzen diote: amuarrainak eskuz arrantzatzen zituzten artzainen gorabeherak, baserri eremuko bestak, eta, azkenik, bertsolariaren hamaika kopla, Martikorenaren aho soinuaz lagundurik.
Elkarlan aberatsaren emaitza
Bertso zahar horien hitzak doinuz laguntzeko, bost melodia moldatu ditu Martikorenak. Haren ustetan, argi dago euskal musikak bilakaera bat izan duela, bai orain eta baita lehen ere, beste herriekiko trukaketa, sorkuntza eta birsorkuntzek etengabeko bilakaera ekartzen baitute.
Baina Martikorena ez da bakarrik aritu disko honen lanketan. Musikari lanetan hiru gitarra jotzaile ari dira: Mikel Markez, Xabi San Sebastian eta Mixel Ducau. Biolontxelo nahiz eskusoinuan, berriz, Pello Ramirez.
Ahotsean, berriz, laguntzaile ugari ukan ditu, batzuk kantagintzan esperientzia handikoak, besteak usaian lagunartean kantatzen dutenak. Kantiruki elkartea, Jean Mari Crouspeyre eta Pantxo Indart mahastizainak, arreba Angela, Jean Mixel Bedaxagar, Isabelle Jaury eta Markez. Kantariak azpimarratu duenez, Kantiruki taldeko hiru emazte eta bere arreba Angela Amerikan bizi izandakoak dira, eta horrek balio handiagoa ematen dio haien parte hartzeari, sentikortasun handiz kantatzen baitute. Guztiei bere esker ona adierazi die Martikorenak, eta Donostian bere alboan izanen direla iragarri du. 2005ean erretiratzea erabaki arren, indarberriturik itzuli da Baigorriko artzaina.
Arbasoen mundurako bidaia egin du Erramun Martikorenak
Hamar urte diskorik grabatu gabe pasatu ondoren, iraganean arakatu du 'Gure lurretik' lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu