Musikari eta entzule bakoitzak badu bere kontzertu areto kuttunena. Agian, haren lehenengo kontzertua eman edo entzun zuen tokia delako, edo bere gogoko taldea bertan ikusi zuelako. Ez dira gutxi Euskal Herrian dauden aretoak, eta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Batzuk handiagoak dira, jende gehiago sartzen da eta espazio zabalagoa dute oholtzan. Beste batzuk, aldiz, txikiak dira, eta jende gutxiagorekin betetzen dira. Hori dela eta, areto txiki horiek alde batera utzi behar dituzte kontzertu handiak. Istorioz beteriko lekuak dira guztiak, eta, gaur egun, horietako asko oraindik ere funtzionatzen ari dira. Halere, askotariko zailtasunak izaten dituzte kontzertu aretoek: arazo ekonomikoak, instituzioen utzikeria, teknologiaren zaharberritze jarraitua... .
Areto eredu ugari daude Euskal Herrian. Batzuk kontzertuak edo bestelako ekitaldiak eskaintzeko aretoak dira, Gasteizko Jimmy Jazz bezalakoak. Beste batzuk, berriz, kontzertu aretoa izateaz gain, estudioa edo entsegu lokalak ere badituzte. Horiek ere eremu profesionalak edo ez-profesionalak izan daitezke. Miarritzeko (Lapurdi) Atabal aretoa da entsegu lokalak eta estudioak batzen dituen areto profesional baten adibide argia. Elkarte moduan diharduten aretoak ere badaude,eta leku ez-profesionalak izanik, autogestioan oinarrituak eta bertako bazkideek bideratuak izaten dira. Horrelakoak dira, besteak beste, Gernikako (Bizkaia) Iparragirre rock elkartea eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Psilocybe musika elkartea.
Musika ere garestitu da
Prezioen igoerek gizarteko arlo guztiak ukitu dituzte azken urteetan, eta musikan ez da salbuespenik izan. Kontzertuak antolatzeko orduan, aretoek hainbat gasturi egin behar diete aurre: hala nola taldeei eta langileei ordaindu beharrekoa, edariak, argindarra eta beste. Garestitzearen eraginik handiena kontzertuen sarreren prezioetan antzeman da, areto askok prezioak igo behar izan dituzte eta. «Gure kasuan, Atabalen, taldeen prezioak, hotel edo garraio gastuak %15 igo dira azken urtean. Argindarra ere asko garestitu da, eta hori urte bukaerako balantzeetan asko nabaritu dugu. 2022an ordaindutakoa halako bi ordaindu genuen iaz, 70.000 euro baino gehiago», azaldu du François Maton Atabal aretoko arduradunak.
«Argindarra ere asko garestitu da, eta hori urte bukaerako balantzeetan asko nabaritu dugu. 2022an ordaindutakoa halako bi ordaindu genuen iaz, 70.000 euro baino gehiago». FRANÇOIS MATON Atabal aretoko arduraduna
Areto bakoitzak bere erabaki propioak hartu ditu prezioen igoerari dagokionez. «Egia da kostuak igo direla, eta, horrenbestez, sarrerak ere bai. Baina uste dut prezio oso apaletara ohitu izan garela Euskal Herrian. Europarekin alderatuta, prezio merkeagoak genituen hemen, eta euskal taldeen kasuan, are merkeagoak. Aintzat hartu behar da merkatua askoz txikiagoa dela bertakoentzat, baina, era berean, beste hainbat plan kulturalekin alderatuz gero, kontzertu batera joatea ez da garestia», adierazi du Iker Arronizek, Jimmy Jazzeko arduradunetako batek.
Iparragirre eta Psilocybenea aretoek antzeko prezioekin jarraitu dute. 2011n, Iparragirre aretoan berrikuntza lanak egin zituzten, eta bertako bazkide den Jon De la Fuentek esan du harrezkeroztik prezioak mantendu dituztela: «Azken hamahiru urteetan, sarrerarik garestiena hamalau edo hamasei eurokoa izan da. Normalean, gutxieneko prezioa bost eurokoa izaten da, baina badaude doakoak diren ekitaldiak ere. Beti eutsi diegu prezioei, nahiz eta alkoholean eta argian igoerak jasan ditugun». Nestor Urangak, berriz, Psilocyberen elkarte izaera nabarmendu du sarreren harira: «Gu elkarte bat gara, eta hemen lan egiten dugunok ez dugu dirurik irabazten, ez dugu komisiorik. Horregatik, askotan lortzen dugu kontzertuetako sarrerak merkeagoak izatea, taldearen eta gure artean bitartekaririk ez dagoelako. Maiatz hasieran, adibidez, New Orleanseko [AEB] Eyehategod taldea izan genuen gurean, eta Europan eman zuten birako sarrerarik merkeena guk izan genuen».
Gastuak gora doazen heinean, aisialdia garestituz joan da, eta horrek mugak jarri ditu: musikaz disfrutatzeko mugak. Matonek argi du jende askori zaildu zaiola zuzeneko musikaz disfrutatzea gaur egun, sarrerak garestitu egin baitira, baina bakoitzaren soldata ez hainbeste. Gaur egun, musika ez da denontzat, Atabaleko arduradunaren ustez, eta hori «porrot handi bat» eta «galdutako gudu bat» da. Arronizen ustez, behe klasekoak gutxinaka aisialditik eta kontsumotik aldentzen ari dira, aldentzera behartuak prezioengatik, gizarteko «beste hainbat arlotan» bezala.
«Egia da kostuak igo direla, eta, horrenbestez, sarrerak ere bai. Baina uste dut prezio oso baxuetara ohitu izan garela Euskal Herrian». IKER ARRONIZJimmy Jazz aretoko arduraduna
Sold out behin eta berriz
Arazo ekonomikoak nabarmenak izan arren, areto askok jardunean dihardute, eta horietako batzuek astero bi edo hiru kontzertu eskaintzen dituzte. Psilocybenea aretoa irailetik ekainera jarduten da urtero. Aurten hogei kontzertu programatu ditu Hondarribiko aretoak, eta horietara, Urangaren ustez, atzerritik etorritako talde «handiak» etorri dira: «Psilocybe ez da talde handien inguru berberean ibiltzen, baina noizean behin arrakasta duten taldeak ekartzeko aukera sortzen zaigu. Horren adibide dira aurten AEBetatik Hondarribira etorri diren Helmet eta Eyehategod taldeak. Nik uste Psilocyben gehienbat erdiko klaseko taldeak lantzen ditugula, hau da, ez handiak, ez txikiak. Euskal Herrian, erdiko klase hori oso ona izan dugu betidanik, eta, nire ustez, talde handiek baino klase hobea osatzen dute». Aurreko urteetan baino programazio luzeagoa izan du aurtengo denboraldian Psilocybeneak.
Arazo ekonomikoak nabariak izan arren, jendeak ez dio kontzertuetara joateari utzi. Maton: «2023. urtea gure ibilbideko urterik onena izan da, hau da, Atabalera pertsona gehien gerturatu den urtea. Ia 35.000 lagun etorri dira kontzertuetara. Pandemia ondoren, urtero-urtero zenbakiak goraka joan dira, eta programazioa ere berdin. 2021. urtean berrikuntza lanak egin genituen aretoan, eta, material berriarekin, kontzertu eta ikuskizun handiak eskaintzeko gaitasuna dugu gaur egun». Matonek nabarmendu nahi izan du, ikusleez gain, Ipar Euskal Herrian sortutako musika talde berrien gorakada. Inguruko taldeak laguntzeko prest agertu da beti Atabal, baina, era berean, arduradunak aitortu du zaila zaiela Hego Euskal Herriko talde txikiak Miarritzera hurbiltzea.
De la Fuentek Iparragirreren egoera azaldu du, eta Atabalen bide on berean doa datuei dagokienez. 2022-2023. denboraldian, Gernikako aretoan emandako kontzertu kopuruak errekorra ezarri du. «Pandemia garaian kontzertuak antolatu zituen areto bakarrenetarikoa izan zen gurea. 60-70 pertsonarentzako edukierarekin egin genituen, denak eserita. Jendea gogo handiz atera zen etxetik pandemiaren ondoren, eta gerora ere gogo horrek iraun du. Gaur egun, 220 laguneko edukiera dugu, eta, gorabeherak eduki arren, jendeak Iparragirrera etortzen jarraitzen du. Zorionez, kontzertu askotan sold out-a lortu dugu».
Elkarte bat izanik, bazkideek proposatzen dituzte aretoan ikusteko taldeak, eta De la Fuentek argi dauka Iparragirre aretoa badela toki bat talde handiek zein txikiek beren musika eskaintzeko. «Talde hasiberrientzat beti egongo da lekua hemen, elkartekoak zein kanpokoak izan. Talde handiekin, batzuetan esklusibotasun arazoak egon daitezke, hau da, areto edo jaialdi handiek taldeei kontzertuak ematea debekatzen diete eremu jakin eta denbora jakin batean. Azken finean, gurean kontzertuak egiteko muga bakarra dirua izaten da. Guk sarreretatik lortutakoa ordaintzen diegu taldeei, eta batzuek hori onartzen dute, baina beste batzuek, ez».
«Gaur egun, 220 laguneko edukiera dugu, eta, gorabeherak eduki arren, jendeak Iparragirrera etortzen jarraitzen du». JON DE LA FUENTEIparragirre rock elkarteko kidea
Jimmy Jazzek hamabost urte daramatza Gasteizko herritarrei kontzertuak astero eskaintzen, eta, Arronizen ustetan, «oso errotuta» daude hirian. Horrez gain, aretoko arduradunak adierazi du jendeak pandemia aurretik kontzertuetara joateko zuen grina «berreskuratu» egin duela. Baina aldaketa bat nabaritu du Jimmy Jazzeko arduradunak jendearengan: «Jendeak antsietate handia du kontzertuei dagokienez. Nahi gabe edo nahita, sinetsita daude sarrerak azkar salduko direla, eta, horregatik, dena azkar eta presaka egiten dute. Horrek behartu gaitu taldeen iragarpenak sei hilabete edo urte bat lehenago egitera. Baina ondo gaude orain, aretoa betetzen eta kontzertu asko ematen. 700 pertsona sartzen dira Jimmyko aretoan, eta hori Gasteiz moduko hiri batentzat, nire ustez, perfektua da». Euskal Herrian arrakasta handia duten taldeek Jimmy Jazzeko aretoa bete dute azken hilabeteetan, baina Arronizek adierazi du «zailtasun asko» dituztela atzerriko taldeak haien oholtzara igotzeko. Era berean, gaur egun, zaila egiten zaie Jimmy Jazzen talde txikiei kontzertuak emateko egunak aurkitzea.
Gazteak diskoteketara
Aretoen arazo nagusia ez da ekonomikoa, eta ez da kontzertuen programazioa; aretoen arazo nagusia gazteak bertara ezin erakartzea da. Belaunaldien arteko musika gustuak aldatuz joan dira denborarekin. «Gazteak ez dira aretoetara gerturatzen, diskoteketara eta jaialdietara joaten dira gehienbat. Horrek gure aretoko [Atabal] batez besteko adina igo egiten du, eta, normalki, 25-60 urteko adin tartean dagoen jendea etortzen da Atabalera», adierazi du Matonek. Hainbat faktorek eragin dezakete gazteen aldentzea, baina, Matonen ustez, musika estiloa da erabakigarria: «Gazteek, hemen inguruan behintzat, denek musika berbera entzuten dute: frantsesez eginiko musika urbanoa, rapa gehienbat. Horrekin zailtasun asko ditugu. Rap kontzertu batzuk eskaintzen dira aretoan, baina gero oso zaila da gazteak berriro hona itzultzera ohitzea».
«Nik argi daukat diskotekak fast food-aren modukoak direla, eta uste dut gaur egun Euskal Herriko aretoetan eskaintzen den musika exijenteagoa dela». NESTOR URANGAPsilocybe musika elkarteko kidea
Ipar Euskal Herriko egoera ez da oso desberdina Hegoaldekoarekin alderatuz. Bien arteko mugan, Hondarribian, Urangak gazteekiko hausnarketa sakonago bat erakutsi du: «Nik argi daukat diskotekak fast food-aren modukoak direla, eta uste dut gaur egun Euskal Herriko aretoetan eskaintzen den musika exijenteagoa dela. Baina gazteak Psilocybe bezalako leku batera hurbiltzeko, bitartekari bat behar da. Lehen, adibidez, jaietako txosnetan oholtza txiki bat jartzen zuen elkarteak, eta nire belaunaldiko jende askok hor ikusi genuen musika zuzenean lehen aldiz. Horren bitartez lotu ginen, eta gaur egun jada ez dago horrelako ekinaldirik». Horrez gain, Urangak uste du gizartea «geroz eta indibidualistagoa» dela, eta, kontzertuak parte hartze espazioak diren heinean, belaunaldi berriak ez direla gerturatuko.