Gari Uriarte eta Beñat Oribe. Dupla taldeko musikariak

«Arazo moral antzeko bat dago musika dantzagarriarekin»

Aguraingo bikoteak folklorea birplanteatzeko gogoeta bultzatu nahi du bere lehen diskoan. Uste dute doinu berriak iristen ari direla Euskal Herrira, eta pozik daude izaten ari diren harrerarekin.

IÑIGO URIZ /FOKU.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Dupla taldeko kideak dira Gari Uriarte (Agurain, Araba, 1994) eta Beñat Oribe (Agurain, Araba, 1994). «Landa eremuko musika urbanoa» egiten duen talde bat direla esan dute, eta gazteen eguneroko hizketagaiak dituzte hizpide. Iazko abenduan kaleratu zuten euren estreinako lana: Folklore (Rural Kids, 2019) EPa. Hain zuzen ere, diskoaren aurkezpena egiten ari dira orain Folklore Tour birarekin. Agurainen kontzertu «kontzeptual» bat emango dute gaur, eta martxoaren 10ean Gernikako Lekuek Festibalean arituko dira, besteak beste.

Estilo ugari jotzen dituzue: trapa, popa, rapa, musika elektronikoa... nola definituko zenukete zuen musika?

GARI URIARTE: Musika urbanoa egiten dugu. Modan dago gaur egun, eta gu saiatzen ari gara mundu horretan gure tokia aurkitzen. Musikatik harago, irudia, janzkera eta bideoklipak ere oso urbanoak dira. Funtsean, pop musika egiten dugu, gaur egungo gustuetara moldatuta: popular; hau da, herritik eta herriarentzat.

Estilo hauek ez dira oso ohikoak izan, orain arte behintzat, Euskal Herrian. Aldaketarik sumatu duzue?

G.U.: Oso kontserbadoreak izan gara hemen alde horretatik, eta ongi dago hori, baina aldaketa beharrezkoa da. Gainera, reggaetonarekiko, poparekiko eta estilo horiekiko ikuspegi negatiboa oso hedatuta dago, matxista delako edo komertziala delako, eta hori ere aldatzen ari da. Guk olatu berria deitzen diogu mugimendu horri. Mundu mailan musikarekiko gustuak aldatzen ari dira, eta Euskal Herrira ere gutxinaka iristen ari da. Mendi puntara joanda ere, olatu berriak hartuko zaitu.

BEÑAT ORIBE: Datozen belaunaldi gazteak ikustea baino ez dago horretaz jabetzeko. Gu oso identifikatuta sentitu gara musika urbanoarekin, zertxobait zaharragoak garen arren.

Nola sortu zen Dupla proiektua?

G.U.: Hasieran, ikus entzunezko proiektu gisa aurkeztu ginen. 2018ko azaroan, gure lehen singlea eta bideoklipa igo genituen sareetara: Somos así, gure inguruari buruzko kanta bat.

B.O.: Hilabetean behin kanta berri bat igotzen genuen, bideo batekin lagundurik. Kanta sorta bat bildu genuenean, bira txiki bat egin genuen Dupla ezagutarazteko.

G.U.: Gero, gure lehen lanari ekin genion, eta berriz bueltatu gara tauletara; oraingoan, Folklore lana aurkeztera.

Bideoklipak ikusita, pentsa daiteke zuen kantek asko dutela komikotik eta parodiatik.

G.U.: Komedia asko gustatzen zaigu. Euskal Herriko musika eszenan beltza izan da nagusi, eta aldaka mugitzeak nolabaiteko erreparoa ematen duela dirudi. Guk kolore biziak erabiltzen ditugu: arrosa, hori mina... Berezitasun hori bilatzen baitugu. Letren aldetik satira sartzen dugu; ez zaigu gustatzen panfletoak kantatzea, baina mezu potenteak bidaltzen ditugu hala ere, umorez.

Abenduan Durangoko Azokan izan zineten aurreneko aldiz, Folklore aurkezten. Zer-nolako harrera izan zuen?

G.U.: Eskaintza berezia prestatu genuen Durangorako: Duplatxupsak. Euro baten truke, txupatxusak, saldu genituen, kartoizko zorro batekin. Bertan, QR kode bat zegoen, gure diskoko kanta batekin.

B.O.: Kanta bakoitzak kode bat zuen, eta erosleak ez zekien zein ari zen erosten; beraz, tonbola modura aritu zen jendea. Oso pozik bueltatu ginen etxera egindako salmentekin.

Arriskutsuegia agian, ezta?

G.U.: Bai, baina ez genuen CD formatua egin nahi, guk geuk ere ez dugulako non jarri.

B.O.: Gaur egun, formatu digitala da arrakasta daukana. Gainera, guk zeresana bilatzen genuen, eta, beraz, gure proiektu kontzeptualarekin bat egingo zuen zerbait.

Folklore izena jarri diozue diskoari. Zer dela eta?

B.O.: Esan daiteke txantxa moduan egin dugula, hein batean.

G.U.: Baina gogoeta bat da aldi berean. Ez da kritika bat. Folklorea zer den eta zer izango den birplanteatzeko egin dugu. Trikitia folklorearen parte bihurtu zen moduan, subbase-a, chastona, trapa, musika elektronikoa eta beste asko gure folklorearen parte izango dira. Gu folklore gisa ulertzen denaren kontrakoa garela esan digute. Baliteke, baina nik uste dut gurea ere folklorea izango dela.

Zertan oinarritzen zarete letrak idazterakoan?

G.U.: Gure istorioak eta gure lagunenak dira: diruaz, lanaz, festaz, drogez eta sexuaz kantatzen dugu hori delako gure ingurua. Gero, noski, fantasia kutsu bat gehitzen diogu. Gure letrak oso esplizituak dira, baina gure egunerokotasunean oinarritzen gara.

«Hautsi dira tabu kulturalak,/ dantzarekiko arazo moralak», diozue kanta batean. Zer gertatzen da dantzarekin Euskal Herrian?

B.O.: Arazo moral antzeko bat dago zabalduta euskaldunon artean dantzarekin eta musika dantzagarriarekin. Zenbait taberna eta espaziotan kentzeko eskatu izan da, ez delako aproposa.

G.U.: Baina aldatzen hasi da. Sarri-sarri kantua ongi dago, baina, ordu bietatik aurrera, gorputzak aldaka mugitzea eskatzen du. Eta esango nuke aldatzen ari dela, eta gero eta gehiago perreatzen dela herriko tabernetan, adibidez.

Biran murgilduta zaudete. Zein da orain erronka nagusia?

G.U.: Olatu berriaren eszena indartzeko lanean gaude, beste talde batzuekin espazio desberdinetara iristeko. Xsakara, Nikotina eta Iratxe Agilerarekin, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.