Kritika. Musika

Arauez gaindiko ‘zer’ hori

Marta Garcia
2024ko abuztuaren 20a
05:05
Entzun

BUDAPEST FESTIVAL ORCHESTRA

Zuzendaria: Ivan Fischer. Biolina: Patricia Kopatchinskaja. Egitaraua: S. Prokofieven Gai hebrearren gaineko obertura, B. Bartoken 2. kontzertua biolin eta orkestrarako eta A. Dvoraken 7. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: abuztuaren 17a

Azken hogei urtetan, Budapest Festival Orchestrak zazpi aldiz bisitatu du Musika Hamabostaldia, eta esan daiteke haren emanaldiak gertakari handi gisa bizi izan dituela publikoak. Ivan Fischer berak eta Zoltan Kocsisek sortu zuten Budapesten 80ko hamarkadan, hain zuzen, Hungariako musikari gazteak bildu eta aukera profesionalak emateko helburuz. Egun, munduko hamar orkestra onenen artean zerrendatzen da. Kursaalera ekarri duten lehen programan, exilioa eta norbere lurraren oroimena izan ziren taula gainean. Lehenik, Prokofievek 1919an idatzitako Gai hebrearren gaineko obertura obran, Estatu Batuetan zegoela emigrante juduen enkargua, orkestrako haizeen tentuaz zein klarinete bakarlariaren freskotasunaz gozatzeko aukera.

Zuzenekoaz ari garenez, salbuespena egingo dut Kopatchinskajaren itxura esplizituki aipatzeko, hain zuzen, musika klasikoaren eremuan isilean onartzen diren arau asko ausardiaz —eta naturaltasunez— apurtzen dituelako: oinutsik eszenatokian, berariazko imintzio eta keinuak hedatuz. Berezko izaera zabaltzen du kanpotik, eta interpretazio zirraragarri eta irudimentsua barnetik. Bartoken kontzertua bizia izan zen une oro, bai lehen gai rapsodikoan, bai harpaz, zelestaz eta biolinez lagundutako kantuan, kromatismo guztiak argituz eta bariazioetan fin. Bisa, C. P. E. Bachen pianorako presto bat pizzicato bihurtuz, oparia izan zen.

Azken zatian, Dvoraken 7. sinfonian, orkestraren trinkotasuna eta sekzioen malgutasuna azaleratu ziren guztiz, sen nazionalistak marraztutako bohemiaren dirdaia gogoan. Scherzoa bereziki kartsua izan zen, hariak bete-beteak eta Fischerren batuta aise. Amaieran orkestrako emakumeek abestu zuten Dvoraken Hoře (Atsekabea) duoa, goxokia.

Sailkapenak egiteko irizpideak askotarikoak dira, baina ezin uka orkestra honek eta bere betiko zuzendariak beti eskaintzen dutela guztiak liluratzen dituen zerbait. Ez nuke esango erabateko zehaztasuna edo enpaste perfektua direnik; sentsazioa daukat umore ona dela zer horren pizgarri eta bermea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.