Arau sozialak zoruaren kontra

Elena Jimenezen 'Zure pisuagatik erori' instalazio multzoa ikusgai dago Ziudadelako Labean

Ziudadelako Labea aretoan ikusgai dauden artelanetako nagusia, espazioaren erdigunean dagoena, sabaitik zintzilik. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Elena Jimenez (Alacant, Herrialde Katalanak, 1969) artistak berariazko lan bat sortu du Iruñeko Ziudadelaren Labea aretorako. Ezaugarri bereziak dituen forma zirkularreko espazio horretan, zeramika eta metal inprimatuetan sortutako hainbat instalazioren bitartez, «etxeko errebeldiaz» mintzatu da; identitateari eta irudikapenari buruzko lan bat osatu du, objektuekin eta haietatik sortutako narrazio eta testigantzekin. «Elementu afektibo batzuen eta nire obsesioen arteko harremanaren istorio bat da, errepikapenean oinarritutako proposamenen bidez konbentzioak hautsi nahi dituena. Eta manipulatutako etxe baten atalasea zeharkatzeko gonbidapena ere bada», adierazi zuen artistak aurkezpenean. Emaitzak Zure pisuagatik erori izena du, eta hilaren 27ra arte egongo da ikusgai.

Jimenezek arau sozialak apurtu nahi ditu, beraz: ezarritako moldeak desegin, eta nik inoiz ez dut plater bat hautsi dioen esaldiak edo konbentzioak transmititzen duen ideia baztertu; deuseztatu pertsona bakoitzak harengandik espero dena egin behar duen aurreiritzia.

Artelan multzoko pieza nagusia Labea aretoko kupularen erdi-erdian dago, sabaitik eskegita, eta lurreraino iristen da. Banda ezegonkor eta hauskor batzuetatik zintzilik dauden zeramikazko pieza ugariz osatua dago; zintek piezak estutzen edo zanpatzen dituztela dirudi, presionatu egiten dituztela. Obra horren bidez, egileak mugimendu sentsazioa sortu nahi du ikuslearengan. Ikusleak pieza inguratzeko aukera du, zeramikan inprimatutako mezuak irakurri eta berrirakurtzeko.

Erdiko artelanarekin batera, Ezin dut esan plater bat hautsi ez dudanik izeneko multzoa ikusi eta entzun daiteke. Baxera bateko piezen suntsiketa erakusten duen ikus-entzunezko lan bat da, eta pareta batean proiektaturik dago. Jimenezek bideoan zoruaren kontra apurtzen dituenak ez dira objektu aseptikoak; izan ere, inprimatutako dekorazio bereizgarri bat dute. Suntsitutako plater horiek ondoko beste pareta batean daude, berreginda. Ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Berregindako plateren pieza egiteko patchwork teknika erabili du; ehunak batzean datza, eta joskintzan erabili ohi da. Konposizioa zenbait kultur espaziotan bildutako irudiekin egin du. «Baina irudi horien benetako informazioa aldatu du, horren ordez jarrita irudien mezuek sortzen dituzten interrelazioak eta haiengandik ondorioztatzen diren sinergiak», azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. Inprimatutako irudiek artistak jorratu nahi dituen ideiak eta gaiak errepikatzen dituzte: «Erresistentzia, memoria, gorputzaren gaitasuna, norbere burua osatzea...».

Haustura, tentsioa, borroka

Jimenez materialen irmotasunean oinarritu da bere gogoetak adierazteko, antolatzaileen hitzetan: «Artelanetan materialen erresistentzia fisikoen ezaugarriak erakusten ditu, baita kolpe batek, eroriko batek edo bestelako eraso batek material horiek zatikatzeko duen gaitasuna ere. Eta zatiekin hausturaren tentsioa, borroka, gerra, sentimenduen hustea edo frustrazioen osteko hondarrak islatu ditu».

Errepikapenaren eta manipulazioaren bidez «jatorrizko piezaren eta faksimilearen ideia» ere zalantzan jarri nahi duela azaldu du, erreproduzituak izan daitezkeen bitartekoak edo materialak erabili baititu, baina ez dutenak «obra bakar eta originalaren aura» galtzen. Artistak azaldu duenez, grafiko berriei eta arte anizkoitzari buruzko ikerketa sarritan landu ohi duen gai bat da, artearen bidez kontatu nahi dituen beste istorio batzuetarako.

Jimenez arte plastikoetako goi mailako teknikaria da, eta MAV Emakumeak Ikus-Entzunezko Arteetan elkarteko kidea ere bada. Azken urteetan «irudi hedatua» deitzen duen prozesuen instalazioetan trebatu da, eta haren lanetarako ardatz moduan baliatu ohi ditu.

Egindako ibilbidean, marrazketa, arte grafikoa, argazkigintza eta pintura ere landu ditu. Askotariko baliabide teknikoen bidez, hizkuntza pertsonal bat sortu du, irudikapenari eta identitateari buruz hausnartzeko, eta naturaren eta gizakiaren arteko harremanaren ikuspegi pertsonal bat erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.