Pritzkerren epaimahaiak itzal handiko egile baten ibilbidea aitortu du aurten, saria 87 urteko Arata Isozakiri eskainita. Ehunka obraren egilea da, eta haren lanek XX. mendeko bigarren erdiaren memoria egiten dute. Hori aitortu nahi izan diote, hain zuzen, arkitekturako Nobel gisa ezaguna den sariarekin: obra emankor eta polifazetikoa ondu izana, eta ekialdeko eta mendebaldeko kulturen harremanean egindako lana. Baita arkitekturaren markotik harago jo eta garai historikoen zein mugen inguruko auziak landu izana ere. Haren obra laudatuenen artean daude, esaterako, Oita jaioterriko liburutegia (1966), Bartzelonako Sant Jordi eraikina eta Los Angelesko MOCA Arte Garaikidearen Museoa (1986). Euskal Herrian, Isazoki Atea esaten dioten lana inauguratu zuen 2007an, Bilboko Abando auzoan; zazpi eraikinen multzo bat.
Bigarren Mundu Gerrak suntsitutako Japonian jaio zen Isozaki. 14 urte zituen AEBek Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketa nuklearrak egin zituenean. «Zero eremuan, hutsaren ideiak markatutak o eremu batean» hazi zela dio arkitektoak, eta hortik jo zuela gero eraikuntzari lotutako ofiziora. Tokian ikasi zuen arkitektura, eta gazte irten zen munduko obrak ezagutzera. «30 urte betetzerako, emanak nizkion hamar buelta munduari», esan du sariaren berri izatean. Hirigintzako teoriengatik ere ezaguna da.
«Estilo bat baino, ideiak» nahiago ditu Isozakik. Biei esker egin du, baina, Pritzkerrek saritu duen bidea. Lekuan arrastoa uztea ez, lekura moldatu nahi izan du bere proiektuetan: obrak inguruko paisaiarekin bat egitea. «Arkitektura baldintzen arteko oreka da. Estilo zehatzik gabe, aske sentitzen naiz; hori da nire estiloaren oinarri bakarra».
Arata Isozaki arkitektoari eman diote Pritzker saria
Arkitekturaren markotik harago jo eta garai historikoen zein mugen inguruko auziak lantzeko gaitasuna aitortu dio epaimahaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu