Arkitektura

Arata Isozaki arkitekto japoniarra hil da

Isozaki Atea deituriko obra inauguratu zuen, 2007an, Bilboko Abando auzoan. Pritzker saria eman zioten 2019an.

Arata Isozaki, 2005ean, Turinen, Italian. DANIEL DAL ZENNARO / EFE
mikel lizarralde
2022ko abenduaren 29a
15:19
Entzun

Arata Isozaki arkitekto japoniarra 91 urterekin hil dela jakinarazi du haren estudioak. Ehunka obraren egilea izan da Isozaki, eta haren lanak mundu osoan barreiatuta daude, baita Euskal Herrian ere. Izan ere, 2007an inauguratu zuten Bilbon Isozaki Atea deituriko etxebizitza multzoa, zeina bi dorrek eta altuera txikiagoko hiru eraikinek osatzen duten. Arkitekto japoniarraren eta Iñaki Aurrekoetxea euskal arkitektoaren arteko elkarlanaren emaitza izan zen Isozaki Atea.

1931n jaio zen, eta, Oitan (Japonia) eta Tokion Arkitektura ikasi ondoren, Kenzo Tange arkitektoarekin egin zuen lan. Orduz geroztik, haren lana mundu osora zabaldu da, eta haren gaineko erakusketak ere hainbat herrialdetan egin dituzte. Haren lanen artean daude, besteak beste, Bartzelonako Palau Sant Jordi, Oitako liburutegia, New Yorkeko Palladium dantzalekua, Milango Alliance dorrea (Italia), Shenzhengo Kultura Zentroa (Txina), Dohako Batzarren Zentroa (Qatar) eta Los Angelesko Arte Garaikideko Museoa (AEB).

2019an Pritzker sari ospetsua eman zioten, eta orduan epaimahaiak «obra emankor eta polifazetikoa ondu izana eta ekialdeko eta mendebaldeko kulturen harremanean egindako lana» aitortu zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.