Arantzazuko apostoluen bidea

50 urte bete dira Oteizak Arantzazuko santutegiko apostoluak amaitu zituenetik. 200 piezako erakusketa bat jarri dute Oteiza museoan, urteurrena ospatzeko. Urriaren 27ra arte bisitatu ahalko da

Erakusketak ibilbide bat proposatzen du apostoluak sortzeko prozesuaren gakoak ulertzeko. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
<i>Altzuza</i>
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Jorge Oteiza eskultoreak Arantzazuko santutegirako egin zuen obra konpromiso handiko proiektu bat izan zen harentzat; erronka bat. Artistak inoiz egin zuen obra publikorik garrantzitsuena izan zen, eta estetika erlijiosoak XX. mendean izan zuen berrikuntzaren ikur bilakatu zen. 1950ean hasi ziren basilika eraikitzeko lanak, eta horiek martxan zirela hartu zuen artistak apostoluak eta frisoa egiteko enkargua.Hainbat gorabehera tarteko, baina, 1969ra arte ez zuen amaitu. 50. urteurren hori ospatzeko, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 erakusketa antolatu dute, bi egoitzatan: Altzuzako Oteiza museoan (Nafarroa) eta Oñatiko Gandiaga topagunean (Gipuzkoa). Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur fundazioak eta Arantzazuko frantziskotarrek sustatu dute egitasmoa. Iragan astean aurkeztu zuten Oteiza museokoa; han, proiektuari lotutako berrehundik gora estudioko eskultura egongo dira ikusgai urriaren 27ra arte, horietako asko inoiz erakutsi gabeak. Pieza horien bitartez ikus daiteke Oteizaren obra horrek zer bilakaera izan zuen sortze prozesuan. Gandiaga topagunekoa, berriz, hilaren 28an zabalduko dute, eta hori ere urriaren 27ra arte bisitatu ahalko da.

Eraikuntzak iraun zuen hogei urteetan, eskultoreak debekuei, abstrakzioaren eta errepresentazioaren arteko talkari eta bestelako gorabeherei egin behar izan zien aurre, baina lortu zuen amaitzea. Urte haietan obrak izandako bilakaerak erakusten du artistaren bilaketa kontzeptual eta sinbolikoa, baita garai hartan hutsaren eta espazioaren inguruan egin zituen gogoeta estetikoak ere. Izan ere, irudikapen erlijiosoa egiteko hautatu zutenerako, Oteizak hartua zuen abstrakziorako bidea, eta bere eskultura proiektua Arantzazuko enkarguarekin bateratu behar izan zuen.

Oteiza museoan zabaldu duten erakusketan, urratsez urrats aztertu dute proiektuak urte haietan izandako bilakaera, eta haren garapenean eragina izan zuten une erabakigarriak jaso dituzte. Elena Martin Oteiza museoko kontserbatzailea da proiektuaren komisarioa; erakusketaren diseinua Javier Baldak egin du, eta Xabier Erkizia artistak soinu proiektu bat sortu du, Oteizak berak sortze prozesuan egindako irudi originaletatik abiatuta. Erakusketarekin batera, Oteiza Arantzazun argitalpena aurkeztu dute, proiektuaren bilakaera modu dibulgatzailean azaltzen duen dokumentua, Elena Martin eta Juan Pablo Huercanos museoko zuzendariordearen testuekin eta argazki ugarirekin osatua.

«Estatuak sortzeko urteak gogorrak, estuak eta arazoz beterikoak izan ziren, baina baita zoragarriak ere». Juan Ignacio Larrea Arantzazuko frantziskotarrak erakusketaren aurkezpenean esandako hitzak dira horiek. Urte haietako unerik erabakigarrienak eta kritikoenak zerrendatu zituen aurkezpenean. Haren hitzetan, frantziskotarren arazo ekonomikoak izan ziren proiektuaren lehenbiziko traba: «Fraideak limosna eskatzen aritu ziren bost urtez; gogorra izan zen, ekarpenak gutxika heldu zirelako, baina lortu zen». Aurkeztutako aurreproiektuen artean bat aukeratzea izan zen bigarren une erabakigarria. Larrearen hitzetan, soilik proiektu horietako batek «apurtzen zuen estetika tradizionala»: Luis Laorga eta Francisco Javier Saez de Oizarenak. «Berritzailea zen, abangoardista, arraroa», Larrearen esanetan. «Ez da erraza ulertzea fraideek nola aukeratu zuten proiektu hori, baina konfiantza izan zuten arkitektoengan eta Oteizarengan». Haren iritziz, proiektuaren sortzaileak kristau komunitatea baino «aurreratuago» bizi ziren.

Frantziskotarrek proiektua onartu arren, azkar etorri zen debekua. 1955ean, Elizak lanak geldiarazi zituen, proiektua «ez zelako egokia instituzio kristau batentzat». Oteizaren apostoluek hamalau urte eman zuten Arantzazurako bide bazterrean, botata. Hala ere, frantziskotarraren ustez, debekua, zentzu batean, «onuragarria» izan zen, denborak «hazteko» modua eman baitzion proiektuari. 1966an kendu zuten debekua, baina orduan beste alde batetik heldu ziren arazoak: eskultorearengandik. Oteiza minduta zegoen, eta ez zuen itzuli nahi, elizaren aurrealdea zegoen bezala utzi nahi zuen: hutsik. Proiektuaren arduradunak amore ematear zeudela, 1968an, Oteizak honako hau idatzi zien: «Azaroan Arantzazura joango naiz, apostoluak egitera». 1969ko urrirako burutu zuen lana.

Oteiza museoko erakusketak ibilbide bat proposatzen du, behin betiko proiekturaino egindako bidearen gakoak ulertzeko. Ibilbidearen hasieran dauden planoetan ikus daiteke Saez de Oiza eta Laorga arkitektoek hasieran elizaren aurrealderako proposatu zutena: apostoluen frisoa, eta, murruaren erdialdean, ama birjinaren irudi handi bat. Planoen bilakaeran argi ikus daiteke Oteiza proiektuan sartu izanak guztiz aldatu zuela. Azken emaitza askoz soilagoa da. Plano horiek ez ezik, obraren beste zirriborro batzuk ere ikus daitezke museoan, Martinek esan bezala, Oteizak proba asko egin zituelako, «ez zuelako hutsik egin nahi».

Ibilbidean zehar dauden eskulturek erakusten dute Arantzazun talka bat egon zela Oteiza lantzen ari zen eskulturaren eta eskultura tradizional figuratiboaren artean. Martinek aurkezpenean azaldu zuenez, apostoluak sortzerakoan, Oteizak eskulturan erabiltzen zituen ideia nagusiak eraman zituen lanera: «Estetikoa, erlijiosoa eta sinbolikoa». «Estetikoaren barruan, apostoluen frisoan espazio huts eta beteen sekuentzia bat egin zuen, eta alde erlijiosoan, berriz, apostoluetako bakoitza irudikatzea erabaki zuen». Baina apostoluak identifikatzeko ikonografia oro ezabatu egin zuen, guztiak berdin eginez, komunitatearen ideia zabaltzeko. «Oteizaren sinbolikoaren ideian euskal herritarrak daude; euskal herritarrak basilikarekin identifikatuta sentitzea nahi zuen». Horregatik, apostoluen aurpegiak zehaztugabeak izan arren, euskaldunen aurpegiera jarri zien, Martinen arabera.

Prentsaren garrantzia

Erakusketan jarritako argazki batzuetan, Oteizaren frisoa lurrean ikus daiteke, Donostiako apezpikutzak lanak geldiarazi zituen unean, debekuaren aurretik. Ordurako, bi apostoluren irudiak guztiz zizelkaturik zeuden, beste bi prozesuan ziren, eta gainontzekoak kareharri zatiak baino ez ziren. Ibilbidean hainbat buru abstraktu ere ikus daitezke; eskultoreak apostoluen aurpegiak irudikatzeko egin zuen prozesua erakusten dute.

Argazkiz eta egunkari orriez osatutako kronologia bat ere badago areto batean. «Arantzazuko proiektuak isla handia izan zuen egunkarietan», komisarioaren hitzetan, «eta, geldirik egon zenean, hedabideen rola ezinbestekoa izan zen konponbide bat aurkitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.