Duela 50 urte sortu zuten Almen ikastetxeko bertso eskola, Gipuzkoako lehena, Eskoriatza eta Aretxabaleta artean, eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak urtemuga hori baliatu nahi izan du bertso eskola horri omenaldia egiteko. Hori dela eta, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak gaur jakinarazi du Arantzazu Loidi Almeneko bertso eskolako ikasle izandakoak jantziko diola txapela hilaren 14an Donostian jokatuko den finalaren irabazleari. Bestalde, Patxi Goikolea Almeneko irakasleak emango dio saria 25 urtez azpiko bertsolaririk onenari.
Arantzazu Loidi (Aretxabaleta, 1967) haurren lehen bertso eskola hartako kide izan zen, eta, gerora, bertsolaritzaren esparru ugaritan aritu da: bertsolari, ikerlari, gai jartzaile eta epaile. Lehen plaza gazte egin zuen, artean neskatila zela, eta bakarra zen: bere belaunaldian plazara salto egin zuen lehen emakumea izan zen, eta izendapen horrek ardaztu zuen haren ibilbidea.
1982an izan zuen lehen plaza, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, eta handik hiru urtera jantzi zuen txapelketa horretako txapela, bai bat-batekoan eta bai idatzizkoan. Plaza ugaritan kantatu zuen hurrengo urteetan, baita sariketak jokatu ere: 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen, eta horixe izan zuen azken txapelketa, 1993an plazako jarduna utzi baitzuen.
Harrezkeroztik, ordea, bertsolaritzari lotuta eutsi zion Loidik, eta gai jartzen eta epaitzen aritu zen hamar urtez. Bertsolaritzaren inguruko bi ikerketa ere plazaratuak ditu, bertso eskolei eta hedabideei buruzkoak.
Bertso eskolaren sortzaile
Debagoieneko bertsozaletasuna hauspotu zuen taldeko kide izan zen Patxi Goikolea (Arrasate, 1933), Joanito Akixu eta Xanti Iparragirrerekin batera. Hirurak elkartzen hasi ziren 1974an, bertso zaharrak abesteko asmoarekin. Berehala, haur mordoxka batu zitzaien, eta bertso eskola abiarazi zuten.
Hirukote horren burutazioa aitzindaria izan zen, Gipuzkoako ikastolen mugimenduak proiektua hartu eta lurralde osoko ikastoletara zabaldu baitzuen; gaur egungo Bertsozale Elkartearen hezkuntza arautuko programaren lehen pausoa izan zen.
Goikoleak epailetzan egin zuen ibilbidea Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelketetan; besteak beste, epailetzako lehen irizpideak zehazten ere egin zuen lan. Gerora, gazteen zenbait sariketatan aritu da epaile.