Zinema

'Arantzazu' dokumentala zinema aretoetan emango dute

Euskal Herriko hainbat aretotan izango da dokumentala udaberrian. Gaur Donostiako Antzoki Zaharrean proiektatuko dute, eta ostiraletik datorren astelehenera Oñatin izango da. Emanaldi berezia prestatu dute herri horretan.

(ID_17126677724635) 'Arantzazu' dokumentaleko fotograma bat.
'Arantzazu' dokumentaleko fotograma bat.
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko apirilaren 9a
14:00
Entzun

Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) ondarea sustatzea eta ezagutaraztea da Arantzazu. 36 zm - 5 mende - Herri 1 dokumentalaren helburua. Pello Sarasuak zuzendu du filma. Joan den azaroan egin zuten aurkezpen instituzionala, eta, geroztik, Durangoko Azokan eta Bilboko Zinebi jaialdian eskaini dute, besteak beste. Datozen hilabeteetan, Euskal Herriko zinema areto batzuetan ere ikusgai izango da: Donostian, Oñatin, Aretxabaletan (Gipuzkoa), Soraluzen (Gipuzkoa) eta Oiartzunen (Gipuzkoa), hain zuzen.

Gaur, 19:00etan izango da Donostiako emanaldia, Antzoki Zaharrean. Sarrerak hemen daude eskuragarri. Arantzazulabek eta Artemanek elkarlanean antolatu dute ekitaldia, eta, proiekzioaren ostean, Pello Sarasua zuzendariarekin, Naiara Goia Arantzazulabeko zuzendari nagusiarekin eta Paulo Agirrebaltzategi frantziskotarrarekin solasaldia egingo dute.

Lau egunez eskainiko dute dokumentala Oñatin; santutegiaren herrian. Ostiraletik datorren astelehenera arte egongo da. Lehen emanaldia berezia izango da, herriari dokumentala aurkezteko ekitaldia egingo baitute. Herri ekitaldi musikatua egingo dute proiekzioaren aurretik, eta Eñaut Elorrietak hartuko du parte. Amaitutakoan, solasaldia egongo da, zuzendariarekin berarekin eta Arantzazulabeko kideekin batera. 19:00etan hasiko da, Santa Ana antzokian. Gainerako proiekzioak kultur etxeko zinema aretoan izango dira.

Maiatzean ere izango dira emanaldi gehiago: Aretxabaletan maiatzaren 8an, Soraluzen maiatzaren 15ean, eta Oiartzunen maiatzaren 16an.

Ondare immateriala jasotzea

Fraide frantziskotarrek 500 urtetik gora daramatzate santutegian, eta haiek herriarekin izan duten eta duten harremana, eta hari egindako ekarpenak ezagutaraztea izan da proiektuaren asmoa. Hasieran, testigantza sorta bat bildu nahi izan zuten proiektuaren sortzaileek, baina, lanaren dimentsioa ikusita, 2023an artxibo lana dokumental formatura eramatea erabaki zuten.

Azken 70 urteetako Arantzazuren historia jasotzen du lanak. Zazpi frantziskotar elkarrizketatu dituzte dokumentalean: Joxe Mari Arregi, Juan Miguel Dorronsoro, Juan Ignacio Larrea, Angel Txabarri, Manolo Pagola eta Paulo Agirrebaltzategi. Esaterako, 50eko eta 70eko hamarkaden artean hainbat esparrutan izan ziren loraldien, ordutik honako aldaketen eta etorkizunaren inguruan galdegin dituzte. Horien testigantzaz gain, euren bizitzan Arantzazurekin lotura esanguratsua izan duten hainbat kide ere agertzen dira: Lorea Agirre, Izaskun Andonegi, Xabier Euzkitze eta Jon Sarasua, besteak beste.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.