Bost urte joan dira Arantxa Urretabizkaiak bere aurreko liburua, Bidean ikasia eman zuenetik. Sarritan, liburu bat amaitzean, hurrengoari nondik heldu jakin ohi duela azaldu du idazleak. «Kasu honetan ez da horrela gertatu. Lehenengo bi urteetan ez zetorkidan kontatu nahi nuen ezer, gutxienez bi urtez han buru-belarri egoteko modukorik ez. Gauza da halako batean txinparta bat sortu zela». Lagun bati beste lagun baten berri ba ote zuen galdetu zion halako batean, eta hark kontatu zion «azken etxearen bila buru-belarri» zebilela hura. «Eta prast, horrek su txiki bat piztu zuen barruan. Hari horri tira eginda atera da Azken etxea». Pamiela argitaletxearekin plazaratu du idazleak bere bosgarren eleberria dena.
Izenburuak iradokitzen duen moduan, bizitzaren azken urteak pasatzeko etxe baten bila dabil liburuko protagonista. Hendaia aldeko etxe bat begiz jo du, eta hura lortzen tematuko da. «Ez du bizimodu arrunta eraman, eta ez da arrunta izango helburu hori lortzeko ahaleginetan egingo duen bidea», aurreratu du idazleak.
Beste pertsonaia batzuk ere badira istorioan, eta ia denak zaharrak direla azaldu du. «Baina ez ohiko zaharrak; aitona-amona maitagarri edo entrañableak izatetik oso urruti daude», zehaztu du. Bizimodu arrunta izan ez duten gizon eta emakumeak dira, haren hitzetan, «eta modu desberdinetan» egiten diote aurre zahartzaroari. «Izan ere, badirudi zahartzaroak berdintzen gaituela, baina zahar guztiak ez gara berdinak, gazte guztiak berdinak ez diren bezalaxe, eta hauek ez dira aitona-amona tradizionalak».
Ez du haiei buruz xehetasun askorik eman, istorioaren «intriga puntua» ez zapuzteko. Edonola ere, egileak uste du idazle batek ez dakiela zer egin duen, baizik eta zer egin nahi izan duen, eta ikuspegi horretatik mintzatu da bere lanaz. «Orain arte dozena bat irakurle ez zituen izango, eta horrek esan nahi du oraindik egin dudanari buruz oso azaleko iritzia daukadala. Pello Eltzaburuk [Pamielako editorea] esan zidan thriller krepuskular bat egin nuela. Agian arrazoi du, baina nik egin dudanari buruz dakidana da, batetik, fikziozko liburua dela, ez duela ezer autobiografiatik. Nik ez nuke pertsonaia hauen bidea hartuko, eta ez nago seguru haien adiskidea izango nintzatekeen ere».
Estiloari dagokionean, xehetasun bat aipatu du idazleak: «Liburuak ez dakar elkarrizketarik, edo elkarrizketak destilatu egin ditut; erabili ditut ahozko hizkeran erabiltzen ditugun bezala». Hautu hori egitea «negozio txarra» dela aspalditik dakiela gehitu du; liburu saltzaile batek azaldu ziola jende ugarik, liburu bat ireki eta «marratxo batekin hasten diren esaldiak ikusten ez baditu», bertan uzten duela. «Baina tira, ez gaude negoziotan ibiltzeko ere literaturan. Askotan esan dut: niretzat literatura da askatasunaren esparrua, nahi dudana egiten dut, ateratzen zaidana».
Kontatzeko modu berriak
Iratxe Retolaza irakasle eta literaturan adituak sakonki ezagutzen du Urretabizkaiaren ibilbidea, eta bera arduratu da liburu berriaren edizioaz. Gogora ekarri du idazleak, bere ibilbidearen azken urteotan, narraziogintzan «lekukotzatik, pentsamendutik eta kronikatik hurbilago egon diren hainbat bide» landu dituela batez ere, eta oraingoan berriro heldu diola nobelari. Lan berrian, haren literaturan askotan errepikatzen diren gai, motibo eta ikuspegiak topatu dituela azaldu du. «Adibidez, giza harremanen ikuspegi berezi bat lantzen da; horiek izaten dira narraziogintzaren ardatz nagusiak, baina horiek ere lotzen dira pertsonaiek dituzten bizi ibilbideekin, eta bizi ibilbide horietan leku nahiko garrantzitsua izaten dute bizi hautuek, erabaki txikiak hartzeak pertsonengan eta nortasunengan duen eraginak».
Horrez gain, «besteen begiradek eta besteen ahotsek nortasunengan nolako eraginak izaten dituzten» ohiko ardatz bat izaten da Urretabizkaiaren narraziogintzan, Retolazaren hitzetan. «Unibertso literario horren oihartzunak etengabeak dira nobela honetan, baina irakurle bezala nire inpresioa izan da koska bat haratago joan dela, batez ere unibertso literario horretako gai errekurrente horiek kontatzeko beste arkitektura bati egin diolako bide; aurreko nobeletan ibili ez zituen kontatzeko era batzuetara egin du jauzi, eta hori beti da poztekoa, ezagutzen duzun unibertso literario batean ikusten duzulako beste tonu bat, beste ahots bat, eta nik behintzat nobela honetan hori ere topatu dut».
Arkitektura horren osagaietako batzuk aipatu ditu Retolazak, tartean, idazleak hainbat pertsonaiaren ikuspegitik kontatu duela istorioa. Eta ikuspegi ugari horiek jorratzeko, nobelak zerbait «berezia» duela iritzi dio: «Jakin-mina pizteko gaitasun handia du, eta jakin-min hori lotuta doa pertsonaien nortasunekin; oso ondo dago dosifikatua informazioa, eta, beraz, irakurleak une oro sortzen ditu hainbat galdera pertsonaien nortasunen, bizi ibilbideen, hautuen inguruan. Hala, intrigarako eremu txiki bat sortzen da, baina intriga horren galdera guztiak dira pertsonaien nortasunaren eta ibilbideen ingurukoak. Hori bada kontatzeko modu berri bat».
Asko edo gutxi, lanak irakurlerik izango duela ziur da idazlea. «Eta izango ditu batez ere irakurle antolatuak. Nire belaunaldikoak hasi ginenean ez genuen apenas irakurlerik, idazleak gehiago ginen ia irakurleak baino. Orain, irakurleak ditugu, eta antolatuak, eta iruditzen zait irakurle taldeen fenomenoa dela gure literaturari azken hamarraldietan gertatu zaion gauzarik hoberenetakoa».