Arantxa Gurmendi aktorea hil da, 79 urterekin

Hortentsiren pertsonaiak egin zuen ezagun, 'Goenkale' telesailean, eta antzerkirako ere lan ugari egin zuen. Euskal kulturgintzaren aldeko militantzian jardun zuen gaztetan; azken urteak, berriz, alzheimerrarekin igaro ditu.

Arantxa Gurmendi
Arantxa Gurmendi aktorea, 2010. urtean, Donostian. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
Euskal Herria
2023ko abenduaren 23a
16:01
Entzun

ETB1eko Goenkale telesaileko pertsonaia gogoangarrienetako bat jokatu zuen Arantxa Gurmendik urte luzez: Hortentsi andre bizi-bizi eta berritsuarena. Hark egin zuen askorentzat ezagun, baita Bi eta bat telesailean egindako lanak ere; baina antzerkian ere makina bat lan egin zuen, aktoreak zuzentzen ere bai —Goenkale eta Hasiberriak-en, besteak beste—, eta zinema mundua ere barrutik ezagutu zuen. Azken urte luzeak alzheimerrak jota egin ditu, eta gaur zendu da, 79 urte zituela.

Donostiako Parte Zaharrean jaio zen Gurmendi, 1944an, eta Elbiria Zipitria andereñoaren ikasleetako bat izan zen. Gaztetan hurbildu zen interpretaziora, Jarrai antzerki taldearen eskutik, eta euskal kulturaren aldeko giroan aritu zen 1960ko hamarkadan, besteak beste, Ez Dok Amairuren dinamizatzaile modura. 1966ko urtarrilean, esaterako, oraindik izen zehatzik ez zuela, Ez Dok Amairuk sorrerako jaialdia egin zuenean, Hernanin (Gipuzkoa), Gurmendi eta Raimon Saizarbitoria aritu ziren hura aurkezten. Zeruko Argia-n hainbat artikulu ere idatzi zituen garai hartan —Gazte naiz izeneko sailean—, eta talde osoko emakume bakarrenetako bat izan zen sasoi hartan, Amaia Lasa eta Mari Karmen Garmendiarekin batera.

Bihurriak rock taldeko kide ere izan zen; lau anai-arrebek osatu zuten, eta ye-ye musika egin zuten euskaraz.

Hala oroitu zituen garai hartakoak Argia aldizkarian, 2001. urtean: «Nik garai hartaz daukadan oroitzapena da gauza asko bizitu izan nituela, oso sakon eta abiada handian mugitzen ginela batetik bestera eta gauza askotara iristen ginela. Izan ere, Jarrai antzerki taldean ez ziren bakarrik egiten Zeruko Argia bultzatzeko lan horiek. Esate baterako, eskuz egiten genituen Txanogorritxu, Edurne zuria eta horrelako ipuinak. Bartzelonatik ekarri klixeak, Iñaki Beobideren etxean gilletarekin ezabatu negatiboetako bokadiloak eta tinta txinatarrarekin euskarazko bokadilo berriak eransten genituen. Inprentatik atera eta haiek saltzera joaten ginen frontoietan egin ohi ziren bertsolari txapelketetara. Gurea kate moduko bat zen; urte osoan arlo askotan lan egiten genuen, etengabe, eta hori, bakoitzaren lan propioaz aparte».

Frankismoaren hondarreko urteak izanik, klandestinitatean egin zituzten jardun horietako ugari Gurmendik eta kideek, eta Meliton Manzanasek bi bider atxilotu zuen Gurmendi bera. «Ederki zekien hark nire bizitza!», zioen Argia-n. «Ni kulturgintzan sartuta nengoen, eta zeharka politikan. Baina nire eginbeharra ez zen politika. Bergarako Aberri Eguna zela medio, bi aldiz interrogatu ninduten. Oso ondo zekiten haiek antolaketaren atzean zein zebilen, oso datu zehatzak zituzten. Eta bazekiten guk ere ezagutzen genuela zerbait».

Gaitzarenak

2010ean diagnostikatu zioten alzheimerra Gurmendiri, eta hainbatetan hitz egin zuen publikoki gaitzaren inguruan —baztertua sentitu izana aitortu zuen, esaterako, Ur Handitan telebista saioan—. 2019an, BERRIAren erreportaje batean ere hartu zuen parte, goizero-goizero zaintzailearen eskutik eguneko zentrora nola joaten zen kontatuz. Haren senar Antton Elosegik mendekoen zaintzarako «baliabideak» galdegin zituen erreportaje hartan: «Baliabideak behar dira, eta familia bat atzetik. Eta hori guztiek ez daukate. Eta ileak lazten zaizkit niri migrazioaren kontrako mezuak entzuten ditudanean. Halakoak botatzen dituztenei esango nieke: 'Zuek zainduko dituzue gure adineko guztiak?'. Etxeko langile horiek ez bagenitu gure adinekoak zaintzeko... Egoitzetan ere, gero eta langile gehiago atzerritik etorritakoak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.