HILBERRIA. Samih al- Quassim

Arabierazko poesian gehien itzulienetakoa

Juan Luis Zabala
2014ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arabierazko poesia garaikidearen erreferentzia garrantzitsuenetakoa izan da Samih al-Quassim poeta palestinarra, eta palestinarren eta juduen arteko elkarbizitzari aterpea emango liokeen Palestinako estatu laiko baten aldezle porrokatu eta nekaezina. Herenegun hil zen, Acre hirian (Israel), 75 urte zituela, gibeleko minbizi baten ondorioz.

Zarkah hirian jaio zen (orduan Transjordania, gaur egun Jordania), 1939an, eta gurasoen jaioterrian hazi, Galileako Rama hirian (orduan Erresuma Batuaren menpeko Palestina, gaur egun Israel).Arabiar eta israeldarren arteko gerraren ondorioz palestinar arabiarrek trumilka ihes egin zutenean, 1948an, Nakbaren garaian, Al-Quassimen familiak bertan gelditzea erabaki zuen. Israelgo gutxiengo arabiarraren parte izan zen harrezkero, eta bere burua palestinartzat izan zuen beti.

Batxilergo mailako ikasketak Nazareten egin ostean, Moskura joan zen filosofia eta ekonomia politikoa ikastera, baina ikasketak uztea erabaki zuen, poesia eta kazetaritza lantzeko, aktibismo politikoarekin batera. Israelgo alderdi komunistako kide izan zen hainbat urtetan. Behin baino gehiagotan espetxeratu zuten, eta bolada luzetan etxetik irten gabe egotera behartu ere bai, bere borroka politikoen ondorioz.

Arabierazko poetetan gehien itzulienetakoa da Al-Quassim. Haren poema bat, Arbaso zaharren odola, euskaratu zuen Joseba Sarrionandiak Hezurrezko xirulak liburuan (Elkar, 1991). Frantsesera itzulita Al-Quassimen bi liburu irakur daitezke: Je t'aime au gré de la mort (Minuit, 1988) eta Une poignée de lumière (Circe, 1997), bestelako argitalpenetan sakabanatutako hainbat testuz gain. Gaztelaniara ez dute egundo haren liburu osorik itzuli, baina bai hainbat poema eta testu solte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.