Xabier Montoiak (Gasteiz, 1955) aurretik idatzitako narrazio guztien aldean, bestelakoa da Lautadako mamua eleberria. Batetik, Araban kokatu duelako —Gasteizko hondartzak ipuin bilduman ere hiria ageri den arren, salbuespeneko tokia da bere liburuetan—. Eta, bestetik, XIX. mendera egin duelako atzera, XX.a ohikoagoa badu ere. Nobela honek Garaio du protagonista, oinarri historikoa eta mito zabaldua duen hiltzailea. Bestela esanda, Sacamantecas. Elkar argitaletxeak plazaratu du.
Arabarren gogoan aparteko tokia duen izena da Garaio. Montoiak ere txikitandik darama iltzatuta, orduan justuki nor zer ez bazekien ere. Haren gurasoek, arabar guraso askok bezala, bi semeak beldurtzeko erabiltzen zutela kontatu du: «Anaiak eta biok mahaian jarritako zerbait jan nahi ez genuenean, edo egin behar ez genuen zerbait eginez gero, harekin egiten ziguten mehatxu, batez ere amak». Hain zuzen ere, izua eragiteko metodo horrek berak eman dio amaiera nobelari. Hala dio azken esaldiak: Ona ez bazara, Garaio etorri eta eraman egingo zaitu.
«Anaiak eta biok mahaian jarritako zerbait jan nahi ez genuenean, edo egin behar ez genuen zerbait eginez gero, harekin egiten ziguten mehatxu, batez ere amak»
XABIER MONTOIAIdazlea
Haurtzaroko oroitzapenetatik eta jakin-min hartatik tiraka sortu da Lautadako mamua: «Gaiari heltzea erabaki nuenean, Interneten bila hasi, eta serial killer batekin egin nuen topo, Euskal Herrian ezagutu den lehena eta bakarra nik dakidala».
Montoiak nobela bat ondu du, baina izan dira pertsona beraren ardatzean idatzitako beste narrazio batzuk ere lehenago. Ricardo Becerro de Bengoa idazleak (Gasteiz, 1845- Madril, 1902), esate baterako, kronika bat idatzi zuen, Montoiaren aburuz, ordea, ez da aski objektiboa: «Becerro de Bengoa politikaria zen, Madrilgo Gorteetan egona, eskuindarra guztiz, eta bere kronika aurreiritziz eta estereotipoz josia dago. Oso tonu morala du gainera. Ez dakit noraino izan ote daitekeen fidagarria».
Tonuak, hain zuzen, zer pentsa eman zion Montoiari. «Niretzat zaila zen nola kontatu; hasieratik ulertu nuen ezin nuela enfasirik jarri; hotza eta soila izan behar zuela, psikologian sartu gabe». Oroz gainetik, juzgu morala ekidin nahi izan du, eta, horrenbestez, iritzietan murgilduko ez den narrazioa bilatu du, protagonista zer pentsatzen ari den esatea baztertuta. «Irakurleak, gero, pentsa dezala nahi duena». Kamera eta mikrofonoaren sistemaz aritu da, beraz.
«Lautadako mamua nobela beltzaren generotik hurbilago dago, nobela historikoarenetik baino»
XABIER MENDIGURENEditorea
Pertsonaien erdiak idazleak berak asmatuak dira, eta beste erdiek, gutxi gorabehera, benetako izenak dituzte. Nolanahi dela ere, «Lautadako mamua nobela beltzaren generotik hurbilago dago, nobela historikoarenetik baino», Elkarreko editore Xabier Mendigurenen arabera. Halaber, «bitxia» egin zaio Montoiak protagonistari eman dion trataera: «Ez dirudi sadikoa edo».
Garaiko kronikak
Becerro de Bengoaren kronika ez ezik, garaiko prentsa eta bestelako dokumentuak ere ikertu ditu Montoiak, izan ere, Arabaz harago, Londresko, AEBetako edota Parisko kazetetan ere eman baitzen Garaiok eragindako hilketen eta izuaren berri. Horiek guztiak irakurri izanagatik ere, Garaioren buruak nola funtzionatzen zuen ulertzea zaila zaio Montoiari, hilketa guztien atzean ez baitago beti patroi bera: «Dirua inportantea zen, sexua baino garrantzitsuago beharbada; eta bortxaketa ere ez da beti gertatzen; batzuetan erritualak dira, baina beste batzuetan ez zaio tankerarik hartzen». Garaiok berak ere arrazoi desberdinak eman zituen, epaiketetako aktetan ageri denez. Eta haren alabak, edota Garaio ezagutu zutenek ere, askotariko arrazoiak aipatu zituzten.
Horrez gain, fikziorako bidea sarri eman izanak ere nahas lezake errealitatea: «Tomas Salvador idazle falangistak Cuerda de presos liburuan sartu zuen Sacamantecas, eta epaitzera Palentziatik Gasteizera eraman zutela dio bertan, baina hori asmazioa da. Garaio ez baitzen sekula Palentzian izan». Halaber, Mario Camusek film bat egin zuen Salvadorren eleberrian oinarrituta. Euskaraz, Aitor Aranak heldu zion pertsonaiari, Sacamantecas nuen aita eleberrian (Txalaparta, 2012).
Juan Diez de Garaio Ruiz de Aragandoña (Egilatz, Donemiliaga, 1821 - Gasteiz 1881), Sacamantecas eta Zurrumbon izengoitiz ere ezaguna, Arabako Lautadako hainbat herritan aritu zen laborari eta morroi lanetan, besteak beste, Agurainen, Alaizan, Izartzan eta Okarizen. Somorrostrora (Bizkaia) ere jo zuen meatzetara lanera. «Agidanez, oso langile fina izan zen, gauzak konplikatu zitzaizkion arte», azaldu du Montoiak.
Dirua hiltzeko arrazoi garrantzitsuetako bat bazen arren, Garaiok heriotzara eramandako guztiak emakumezkoak izan ziren. Montoia: «Batzuetan putengana joaten zen. Putak sei erreal eskatu, eta hark bi erreal eman nahi. Eztabaidan eta tirabiran hasi, eta halako batean putaren lepora joko zuen, eta bihurritu. Hori pare bat aldiz gutxienez egin zuen».
Lautadako mamua eleberria 21. liburua du Xabier Montoiak. Horren aurretik zortzi nobela, zazpi ipuin bilduma, eta bost poema liburu eman ditu argitara.