Arabako bertsolaritza sustatzeko asmoz, Aerrimatu egitasmoaren laugarren aldia egingo dute abenduaren 15ean eta 28an, Villabuenan, Langraizen eta Izarran. Denera, Arabako hamabi bertsolarik parte hartuko dute, hiru saiotan banatuta; saio bakoitzean lau bertsolari eta gai jartzaile bat egongo dira. Bertsolari hauek parte hartuko dute aurten: Hegoi Amabizka, Iñaki Viñaspre, Orlando Arreitunandia, Paula Amilburu, Aitor Ugarte, Eli Zaldua, Peru Abarrategi, Unai Anda, Irati Anda, Martin Abarrategi, Oihane Perea eta Xabi Antia. Gai jartzaile, berriz, Irati Anda, Uxue Diaz de Zerio eta Marta Ugarte ariko dira.
Arabako Bertsozale Elkarteak antolatzen du Aerrimatu egitasmoa, eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak diruz lagundu. 2021ean abiarazi zuten, Arabako bertsozaleak kohesionatzeko, jende gehiago bertsozaletzeko, eta lurraldeko bertsolari eta gai jartzaileak dinamizatzeko. Helburu horiekin batera, zeharkako bestelako xede batzuk ere baditu egitasmoak: besteak beste, euskara erabiltzeko «guneak eta uneak» sortzea, eta euskal kulturaren ekosistema aberastea. Helburu horiek ardatz hartuta, irabazlerik ez da izaten saioetan, bertsolaritzaz «gozatzea» baita asmoa. Saioak areto itxietan edo kalean egiten dira.
Aurten, abenduaren 15ean egingo dute lehen saioa,13:00etan, Villabuenako Kultur Etxean. Bertsolariak hauek dira: Hegoi Amabizka, Iñaki Viñaspre, Orlando Arreitunandia eta Paula Amilburu. Gai jartzailea Irati Anda izango da. Egun berean izango da bigarren saioa, 18:30ean, Langraizko gizarte etxean. Bertsolari hauek ariko dira: Irati Anda, Martin Abarrategi, Oihane Perea eta Xabi Antia. Uxue Diaz de Zerio ariko da gai jartzaile. Abenduaren 28an, berriz, Izarrako Kultur Etxean egingo dute saioa, 19:00etan. Aitor Ugarte, Eli Zaldua, Peru Abarrategi eta Unai Anda igoko dira oholtzara. Marta Ugartek emango ditu gaiak.