Bertsolaritza

Arabako Bertsolari Txapelketa urtarrilaren 28an hasiko da, eta martxoaren 16an bukatu

Printzipal antzokian izango da finala, Gasteizen. Hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte: 2022ko finalean izan ziren bostek eta udazkeneko kanporaketen bidez sailkatu diren hamahiruk.

Arabako bertsolari txapelketa 2024
Txapelketaren aurkezpena, gaur, Baranbioko (Amurrio, Araba) Garrastatxu Txokoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko urtarrilaren 14a
14:03
Entzun

Aurkeztu dute 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Arabako Bertsozale Elkarteak Baranbioko (Amurrio, Araba) Garrastatxu Txokoan egin du agerraldia, eta han azaldu dituzte txapelketaren nondik norakoak. Finala Gasteizko Printzipal antzokian izango da, martxoaren 16an, eta lehiari urtarrilaren 28an ekingo diote.

Tarte horretan hiru final-laurden eta bi finalerdi jokatuko dituzte. Final-laurdenak Izarran, Oionen eta Laudion, eta finalerdiak Aramaion eta Dulantzin. Hemezortzi bertsolarik parte hartuko dute: 2022ko finalean izan ziren bostek eta udazkeneko kanporaketen bidez sailkatu diren hamahiruk. Tartean dira Peru Abarrategi egungo txapelduna eta Manex Agirre txapeldunordea. Bederatzi epaile ere ariko dira, eta hamahiru gai jartzaile arduratuko dira gaiak sortzeaz.

Prentsaurrekoan, Arabako bertsogintzak azken hamarkadetan egin duen bidea izan dute hizpide. Txapelketak izan dituen geldiuneak nabarmendu dituzte, eta gogorarazi dute aurten berrogei urte beteko direla Arabakoa lehen aldiz jokatu zenetik. «Beraz, bada zer ospatu», adierazi dute.

Kanporaketetarako sarrerakBertsosarrerak.eus webgunean erosi ahalko dira, eta finalekoak, berriz, Printzipal antzokiaren salmenta bideetatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.