Arabako Bertsozale Elkarteak ohar baten bidez jakinarazi du Arabako txapelketa atzeratuko duela. «Arabako Bertsozale Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 17ko agindua eta abenduaren 14ko dekretuan ezarritako araudia aztertu ondoren, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa udaberrira atzeratzea erabaki du, araudi honekin eta pandemiaren egoera honetan txapelketaren helburuetako batzuk betetzea zaila delako». Elkartearen arabera «Araban bertsolaritzaren erakusleiho izateko, bertsolaritza aktibatzeko eta zabaltzeko, bertsozaleak kohesionatzeko eta berriak sortzeko helburuarekin» egiten da txapelketa, besteak beste.
Elkarteak urtarrilaren hasieran aurkeztu behar zuen 2022ko txapelketa, eta apirila bitartean egitekoa zen txapelketa bera. Momentuz, ez dituzte txapelketaren data berriak iragarri.