Bertsolaritza

Arabako Bertso Kuadrillen Arteko Txapelketa urtarrilaren 27an hasiko da

Guztira 280 lagunek parte hartuko dute, eta horietatik 64 ariko dira bat-batekoan kantuan. Finala Laudion jokatuko da, martxoaren 25ean.

Maeztun egin dute Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren aurkezpena, gaur. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2023ko urtarrilaren 14a
15:55
Entzun

Bi aste barru, hilaren 27an abiatuko da Arabako Bertso Kuadrillen Artekoa. Zazpigarren urtez egingo dute aurten, eta txapelketa formatua izango du aurtengoak ere. Maeztun izango da lehenengo saioa, eta Laudion azkenekoa, martxoaren 25ean. Guztira, 280 parte hartzaile baino gehiago ariko dira, bertsolariak, gai jartzaileak, epaileak eta gainerako eginbeharrez arduratuko direnak kontuan hartuta.

2010ean antolatu zuten txapelketa lehen aldiz, eta orduz geroztik bi urtean behin antolatu dute. Mugarri bat ezarri zuen lehiak orduan Arabako bertsolaritzan, eta bide orri eutsi nahi dio aurtengoak ere: urteetan eraikitako mugimendua saretzea eta indartzea izango du helburu, hain zuzen ere. Hala adierazi dute Arabako Bertsozale Elkarteko eta taldeetako ordezkariek txapelketaren aurkezpenean.

Bi modalitate

Txapelketak bi modalitate izango ditu aurten ere: bat-bateko eta idatzizkoa. Aurrenekoan, hamabi talde ariko dira lehian, eta hamasei ariko dira bigarrengoan. Bedertzi-hamabi laguneko taldeak izango dira, eta horietatik hiru edo sei ariko dira kantuan; gainerakoak beste zeregin batzuetaz arduratuko dira. Izan ere, taldeak bertso saioak antolatzeaz ere arduratu beharko dira.

Guztira, beraz, bat-batekoan 64 lagun ariko dira kantuan, hamasei epaile lanetan, hamasei gai-jartzaile gisa, eta gainerakoak bestelako lanetan. Aiaraldeak, Arabako Errioxak, Mendialdeak, Lautadak (bi talde), Gorbeialdeak (lau talde) eta Gasteizek (hiru talde) izango dute ordezkaritza bat-batekoan.

Idatzizkoan, aldiz, hamasei taldek parte hartuko dute. Bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean kantatuko dituzte. Ez da lehiarik izango, ordea. Arabako zortzi kuadrillek izango dute ordezkaritza modalitate honetan, eta bat-batekoen saioak egiten direnean kantatuko dute.

Martxoaren 25era bitarte, hamabost saio izango dira: hamabi kanporaketa eta hiru finalaurreko. Hauek dira datak:

Kanporaketak
Urtarrilak 27: Gasteiz (bi saio) eta Oion
Urtarrilak 29: Laudio
Otsailak 3: Gasteiz
Otsailak 4: Aramaio eta Agurain
Otsailak 5: Narbaxa (Donemiliaga)
Otsaila 10: Aramaio (bi saio)
Otsailak 11: Murgia eta Korres (Arraia-Maeztu)

Finalaurrekoak
1.Finalaurrekoa. Otsailak 26, Aguraingo Zabalarten
2.Finalaurrekoa: Martxoak 4, Bastidako Kultur Etxean
3.Finalaurrekoa: Martxoak 12, Zuiako udaletxean

Finala
Martxoak 25, larunbata, Laudio

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.