Arabako Bertso Kuadrilla Artekoak txapelketa eredua izango du berriro

320 lagunek parte hartuko dute aurtengo lehian. Finala martxoaren 17an jokatuko da, Gasteizen

Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketan parte hartuko duten taldeen ordezkariak, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Duela zortzi urte, Arabako Bertsozale Elkarteak lehen aldiz antolatu zuen Kuadrilla Arteko Txapelketa, eta mugarri bat ezarri zuen herrialdeko bertsolaritzan. Zapore ona utzi zuen txapelketa osoan izan zen giroak, finalean antolatutako festak eta parte hartu zuten taldeek erakutsitako prestasunak. Gainera, bertsolaritzari beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera ere eman zuen formatu horrek. Hori dela eta, aurten, 2010ean eta 2012an erabilitako txapelketa eredua berreskuratuko du kuadrilla arteko lehiak, «orain arteko bidean sakondu eta Arabako bertsolaritza mugimendua saretu eta indartzeko» asmoz.

2010ean sortu zenetik, bi urtean behin egin da Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa. Aurten, beraz, bosgarren urtea du. Arabako Bertsozale Elkarteak eta bat-bateko taldeen ordezkariek eman dute aurtengo txapelketaren nondik norakoen berri, Gasteizen. Gogoratu dute Arabako kuadrilla artekoan bertsolari taldeek taldeka parte hartzen dutela, eta bertsotan hasi nahi dutenei edota hasiberriak direnei lagun talde batekin abesteko aukera ematen zaiela. Horrela, Arabako bertsolaritzak berezkoa duen «izaera kolektiboa» indartu nahi dute, norbanakoak talde baten parte sentiaraziz eta bertsolaritza «herrikoia» bultzatuz.

Bertsolariei oholtzan trebatzeko aukera emateaz gain, gai jartzaile, epaile eta bertsolaritzan zeresana duten bestelako pertsonek eskarmentua pilatzeko eta harrobia indartzeko baliagarria ere bada txapelketa. «Taldeka parte hartzeak bertsogintza eta inguruko bertsolaritza mugimendua astintzen ditu», azpimarratu du Oier Suarez Arabako Bertsozale Elkarteko ordezkariak.

Bi modalitate

Txapelketa bi multzotan banatuko dute aurten. Alde batetik, bat-batean lehiatuko diren taldeak egongo dira; hamalau talde daude bertan, bertsolariez gain, epaile, gai jartzaile, argazkilari, bideo grabatzaile eta sukaldariek osatuak. Talde horiek arduratuko dira beren herrian edo eskualdean saioak antolatzeaz. Aurten, guztira, 59 lagun ariko dira bertsotan, hemezortzi epaile lanetan, hamasei lagun gai jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako zereginetan. Sei eskualdek parte hartuko dute bat-bateko lehiaketan: Aiaraldeak, Mendialdeak, Arabako Errioxak, Lautadak, Gorbeialdeak eta Gasteizek.

Bestetik, txapelketa idatzian parte hartuko duten taldeak izango dira: bat-batekoan kantatzen ez duen jendearekin osatuko dira, eta ez dira haien artean lehiatuko. Arabako izaera ezberdineko hemeretzi taldek hartuko dute parte: besteak beste, euskara elkarteek, mintzalagun taldeek, lagun kuadrillek, gazte batzarrek, abesbatzek... Bertsoak prestatu, idatzi, eta jendaurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte. Arabako eskualde guztiek ordezkapena dute hor. Bi txapelketen artean, 320 parte hartzaile izango dira.

Urtarrilaren 19an hasiko dira kanporaketak, eta martxoaren 17an jokatuko da finala, Gasteizen. Kanporaketak hamalau saiotan banatu dituzte, hilaren 19tik otsailaren 4ra bitartean, eta finalaurrekoak, berriz, hiru saiotan, otsailaren 17tik martxoaren 3ra arte. Finalaurreko bakoitza irabazi duten hiru taldeek jokatuko dute finala, martxoaren 17an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.