Arabako Foru Aldundiak ez du itxiko Gasteizko Amarika erakusketa aretoa. Aldundiak atzera egin du aretoa ixteko erabakian, eta, hortaz, ez du ekintzailetza eta berrikuntza zentrorik eraikiko bertan. Elkarteko ordezkariak bilera batera deitu ditu gaur goizerako Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak, eta han jakinarazi die erabakia. Arabako hainbat artista eta kultur eragilek egindako presioaren ondorioz baztertu du erabakia aldundiak, elkarteko kideek diotenez.
Urtarrilaren amaieran iragarri zuen Arabako Foru Aldundiak Amarika aretoa itxiko zuela, bertan ekintzailetza eta berrikuntza zentro bat sortzeko asmoa baitzuen. Kultura diputatuak argudiatu zuen azken urteotan nabarmen gutxitu direla aretoan antolatutako erakusketak, eta ez zaiola behar besteko probetxua atera gune horri. Eta esan zuen aurrerantzean Arabako foru sareko museoek, Artiumek eta Ignacio Aldekoa kultur etxeak hartuko zituztela Amarika aretoak hartu ohi dituen erakusketak.
Iragarpen horrek hautsak harrotu zituen Arabako kulturgileen artean, eta, handik egun batzuetara, Amarica elkartea sortu zuten aretoaren defentsan aritzeko. Besteak beste, sinadura bilketa abiatu zuten change.org plataforman, eta herrialdeko dozenaka artistak eta ehunka norbanakok babestu zuten aretoaren alde abiatutako kanpaina. Hain justu ere, Amarica elkarteak uste du jendearen «indarrari» esker lortu dela aretoa ez ixtea: «Ekintza kolektiboek erakusten dute bat eginda indartsuago garela, eta artea eta kultura ezinbestekoak direla gure herrialdearen identitaterako».
Del Val diputatuaren esanetan, berriz, erabakiak erakusten du bere departamenduak aintzat hartzen duela kultur eragileen ahotsa, eta «entzute aktibo» horri esker erabaki dutela Amarika aretoak kulturarako gunea izatea aurrerantzean ere. Hori bai, esan du aretoa «biziberritzeko» proiektu bat behar dela eta Kultura Planaren barruan aztertuko dutela.
Ekintzailetza eta berrikuntza zentroa non jarriko duen ez du erabaki oraindik aldundiak.
«Beste etapa bat»
Aldundiaren erabakia ontzat jo du elkarteak, eta iragarri datozen hilabeteetarako programatuta zeuden erakusketei eutsiko diela, eta beste batzuk ere egingo dituela. Nolanahi ere, elkarteak uste du ezinbestekoa dela erakusketa aretoaren inguruko proiektu berri bat egitea, eta Kultura Saila bat dator horrekin. «Aldundiak badaki herritarrengan interesa piztuko duen proiektu berri bat sortu behar dela», adierazi dute elkartekoek.
«Ekintza kolektiboek erakusten dute bat eginda indartsuago garela, eta artea eta kultura ezinbestekoak direla gure herrialdearen identitaterako»
AMARICA ELKARTEA
Amarica elkartearentzat, funtsezkoa da «koherentea» eta «kalitatezkoa» izatea erakusketa aretoaren inguruan sortuko den proiektua, eta «oinarri sendoak» izatea artearen eta kulturaren egungo errealitatearekin engaiatuta egoteko. Aretoarentzat «etapa berria» irekitzeko abagunea sortu dela iritzi dio elkarteak, eta azpimarratu du aldundiarekin elkarlanean jardun nahi duela prozesu horretan. Kultura Saila ere bat etorri da planteamendu horrekin, elkartearen arabera.
Amarika aretoarentzat «aro berri bat» irekiko dela uste du elkarteak, eta alde guztien konpromisoa eskatu du kulturarentzat egokia den proiektu molde berria martxan jartzeko. Egitasmoa bera ez ezik bestelako alderdiak ere zaindu beharko direla uste du, eta, besteak beste, kudeaketa eredua, gardentasuna, aurrekontua eta sektorearen beharrak lehenesteko eskatu die instituzioei.
EH Bilduren eskaria
EH Bilduk ontzat jo du aretoa ez ixteko erabakia, baina ohartarazi du aretoak eta kultur sektoreak dituzten erronkak eta zailtasunek bere horretan dirautela. Koalizioak mozio bat erregistratu du gaur Arabako Batzar Nagusietan, zeinaren bitartez aldundiari eskatu dion legealdia amaitu aurretik Amarika aretoan artistentzako sormen gune bat sustatu dezala, betiere kudeaketa eredua sektorearekin adostuta. Horrekin batera, Sortzaileak saria sortzea galdegin dio erakundeari, «sormenari eta sortzaileen lanari garrantzia emateko eta lanean jarraitzeko akuilu izateko».