Donostiako Musika Hamabostaldiak Musika Aitzaki zikloa antolatzen du urtero, musika klasikoa beste herri batzuetara zabaltzeko asmoarekin. Ziklo horren barruan arituko da Ara Malikian biolin jotzaile ospetsua gaur, Oñatiko (Gipuzkoa) Arantzazuko santutegian, arratsaldeko zazpietan; 15 izeneko kontzertua eskainiko du. Musika Aitzaki zikloa hainbat herritan izan da jadanik, eta amaitzear dago; soilik hiru kontzertu geratzen dira ziklo horren barruan. Newman Sound abesbatza eta Easo abesbatza elkarrekin arituko dira Getarian (Gipuzkoa) eta Senperen (Lapurdi), gaur eta bihar, eta Ara Malikian, berriz, Arantzazuko santutegian izango da gaur.
Malikian Beiruten (Libano) jaio zen, 1968. urtean, baina armeniar sustraiak zituen haren familiak. Txikia zenetik musikarako talentua erakutsi zuen biolinarekin, eta, 15 urte zituela, Libanoko gerra zibila puri-purian zegoenean, Hannoverrera (Alemania) joan zen musika ikastera, beka baten laguntzarekin. Geroztik, asko mugitu da munduan zehar; urtero dozenaka kontzertu ematen ditu 40 herrialdetan baino gehiagotan. Mundu osoko lehiaketetan aitortu diote biolin jotzaile eta musikari gisa duen kalitatea: Felix Mendelssohn (Alemania), Pablo Sarasate (Euskal Herria), Niccolo Paganini (Italia), Rodolfo Lipizer (Eslovenia) eta Inernational Artist Guild (AEB) lehiaketetan, besteak beste.
Leku askotan izan den arren, azken hamabost urteak Madrilen (Espainia) eman ditu Malikianek, eta Madrilgo Teatro Realen egindako kontzertu batekin ospatu du hirian emandako denbora hori, musikari gisa egindako ibilbidearen aldi bati amaiera emateko. Horren harira, 15 diskoa kaleratu zuen 2015eko otsailean, eta izen bereko bira ari da egiten orain Malikian; askotan bukatu dira kontzertuetarako sarrerak, eta gaurko emanaldirako sarrerak ere Hamabostaldia hasi aurretik amaitu ziren.
Hizkuntza pertsonala
Ez da Malikianek Arantzazun kontzertu bat egiten duen lehenengo aldia; 2012an, Kepa Junkerarekin batera aritu zen bertan. Gaurko kontzertuan, berriz, azken hamabost urteetako bere ibilbide artistikoaren pasarte aipagarrienak entzun ahal izango dira, baina baita Malikianek berriki konposatutako obrak ere; bere errepertorio propioaren sorkuntzan jarri du arreta orain biolin jotzaileak, etapa berri batean. Malikianek beti erakutsi izan du musikaren eta gizartearen inguruko kezka; horrek bere armeniar sustraietan sakontzera eraman du musikaria, eta beste kultura batzuetako musika ere bereganatu du: hala nola Ekialde Hurbileko musika arabiar eta judua, Europa erdialdeko musika ijitoa eta klezmerra, Argentinako tangoa eta Espainiako flamenkoa. Horrela, bere hizkuntza pertsonala eta Europako tradizioaren adierazkortasuna eta birtuosismoa uztartu ditu.
Pablo Sarasateren Zapateado, Manuel de Fallaren La vida breve operako dantza, Antonio Vivaldiren Lau urtaroak sortako Uda, Paco de Luciaren Zyryab eta Johann Sebastian Bachen Aria interpretatuko ditu Malikianek gaur Arantzazun, eta horietako batzuei hainbat moldaketa egin dizkie. Bere bost konposizio propio ere eskainiko ditu kontzertuan, eta baita Ciocarlia kantu tradizionala ere. 15 biraren helburu nagusia musika klasikoa herritar guztiei hurbiltzea da, eta, hori lortzeko, obra klasikoez gain, XX. mendeko herri musikaren orkestrarako egokitzapenekin osatzen du bere errepertorioa biolin jotzaile armeniarrak. Gaurko kontzertuan, esaterako, Radiohead talde britainiarraren No Surprises abestiaren moldaketa interpretatuko du. Horrez gain, kontzertua hasi aurretik, Maialen Lujanbiok bertso batzuk abestuko ditu, sarrera moduan.
Malikianek, biolina jotzeaz gain, kontzertua zuzenduko du, eta beste musikari batzuekin batera arituko da oholtza gainean. Humberto Armasek, esaterako, biola joko du, eta Jorge Guillen del Castillok, berriz, Malikianek bezala, biolina. David Barona arituko da biolontxeloarekin, Tania Bernaez kontrabaxuarekin, eta Nantha Kumar taula indiarrekin. Perkusioaz arduratuko den musikaria Hector el Turco izango da.
Donostiako 77. Musika Hamabostaldia
Ara Malikianek kontzertu batean laburtuko du hamabost urteko ibilbidea
Biolin jotzaileak kontzertu bat egingo du gaur Arantzazun, Donostiako 77. Musika Hamabostaldiaren programaren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu