Gotzon Barandiaran (Literaturiako antolatzailea)

"Apurka-apurka euskarazko literaturaren plaza betetzen hasi nahi dugu"

Literaturia egingo dute ostiraletik igandera artean Larrabetzun.

Iñaki Lasa Etura.
2010eko ekainaren 2a
13:09
Entzun
Hilaren 4ean, 5ean eta 6an Larrabetzu euskal literaturaren erdigune bilakatuko da, hango Literatura Eskolaren ekimenez Literaturia jaialdia egingo dutelako, bigarren urtez. Literatur azoka ez ezik, hainbat jardunaldi izango dira, denak euskaraz. Gotzon Barandiaran idazle eta Literaturiako antolatzaileetakoarekin mintzatu da BERRIA.INFO.

Nola sortu zen Literaturia?

Larrabetzuko Literatura Eskolatik sortu zen, duela bi urte egindako gogoeta batetik. 2009an egin genuen lehenengoz, baina 2008ko udazkenean hasi ginen gogoeta egiten. Literatura Eskolan euskarazko literatura bizi izan dugu azken zazpi ikasturteotan, eta ikusi genuen euskarazko literaturak ez zeukala bere plazarik: ez geneukala lekurik literaturari buruz gogoeta egiteko, ezta era ludiko batean ere, bere formato eta proposamen eredu desberdinetan erakusteko: errezitaldietan, irakurtaldietan, saiakeretan...



Zer lortu nahi duzue ekimenarekin?

Literaturia ez da azoka soilik. Alde batetik, badauka azoka, eta euskaraz argitaratzen duten argitaletxeak hemen izango dira, baina ez daukagu testu libururik, egutegirik… Beste azoka eta jardunaldi batzuetan beste interes eta indargune batzuk daude eta, gure ustean, euskarazko literatura bigarren maila batean geratzen da. Hemen erakutsiko duguna, euskal literatura da. Badaude azokak herriz herri, baina azoka horietan espainolezko eta frantsesezko liburuak ere saltzen dituzte, eta guk euskarazko literatura agertzen duen azoka nahi dugu, bilkura bat sortu, gure neurria ikusteko.

Lagun asko al zaudete antolaketa lanetan?

Lehen esan bezala, Larrabetzu Literatura Eskolaren ekimenez sortu zen Literaturia, baina hainbat eragileren artean antolatzen dugu. Larrabetzuko herritarren laguntza ezinbestekoa da, batez ere azpiegiturari eta beste gauza batzuei dagokienez. Larrabetzuko elkarteak eta norbanako asko daude sartuta antolaketan, eta Udalak ere parte hartzen du. Horretaz gain, Euskal Herriko Literatura Eskolak urte honetan osatu duen sareko literaturzale, irakurzale eta euskalzaleek ere osatzen dugu Literaturia.

Zeini dago zuzenduta?

Ez da bakarrik literaturzaleentzat edo irakurzaleentzat, euskal kultura zale guztientzat da. Horregatik antolatu ditugu arratsaldeetarako bertso trama literarioak edota larunbat goizean umeentzako zein helduentzako antzelanak. Literaturia era ludikoan ere ospatu nahi dugunez, gauean Josepa Tapia eta Goseren emanaldiak egongo dira. Tartean poesia errezitaldiak egingo ditugu eta beste gauza asko.

Iaztik zer ondorio atera dituzue?

Iazko balorazioetan ohartu ginen huts egin genuela mezua zabaltzeko orduan. Gure ondorioa izan zen askok ulertu zutela benetako literaturzale zaleentzako jardunaldiak direla, eta badirudi literatura gutxi batzuen zaletasuna dela, edo elitista izan daitekeela. Baina Literaturia -eta Literatura Eskola- herritik sortutako ekimena da, irakurzaleek sortatukoa. Azken batean, euskarazko literatura euskarazko kulturaren zutabeetako bat da, eta guk hori bultzatu nahi dugu, jakinaraziz eta ikustaraziz literatura era ludikoan ere bizi daitekeela; bai, gogoeta egin behar dugula euskarazko literaturaz, baina baita gozatu ere. Gu hori eskaintzen saiatuko gara.

Nolakoa da euskal irakurlea?

Denetik dago. Badago oso exijentea den irakurle euskalduna –beste kulturetan bezala-, eta badago kanonen arabera irakurtzen duena; hau da, komunikabideek, argitaletxe handiek edota kanpoko sareek bultzatuta irakurtzen duena. Baina, batez ere, parte hartze aktiboa aldarrikatzen ari den irakurle mota dago, irakurle klubetan biltzen ari dena. Euskal Herriko euskarazko literatura irakurleak antolatzaile ere bagara, ez bakarrik irakurle. Irakurleak antolatzen hasi gara, eta uste dut larunbatean egingo dugun mahainguruan euskarazko literatura bultzatzeko harri txiki bat jarriko dugula irakurketa komunak egiteko. Gaur egun daukagun erronketako bat da euskarazko literatura are gehiago zabaltzea eta irakurle gehiago lortzea.

Zein helburu duzue aurten?

Mila irakurle eta hamaika gehiago lortzea, mila euskaltzale eta hamaika gehiago, mila kulturzale eta hamaika gehiago, mila irakurzale eta hamaika gehiago. Hori da bildu nahi duguna. Apurka-apurka euskarazko literaturaren plaza betetzen hasi nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.