23 proposamen aurkeztu dituzte Loraldia Sormen Digitala bekaren hirugarren deialdira, eta Lorea Argarate Zubiak eta Ines Osinagak zuzendutako AppaMaurizia izan da garaile. Zehazki, lanak Mauriziakezdauinorhil kolektiboaren sinadura du. Hain zuzen ere, izen hori zeukan 2023ko Loraldia festibalean estreinatu zuten ikuskizunak ere: Maurizia Aldeiturriaga plazandrea oinarri izanik, euskal folklorea eta formatu digitalak nahastu zituzten hartan. Eta, orain, AppaMauriziaren bitartez, euskal folklorearen ondarea are eta sakonagora eraman dute arlo digitalean; errealitate birtualeraino. Bekaren bidez, 10.000 euroko laguntza jaso du kolektiboak, prototipoa garatzeko.
Gaur-gaurkoz proiektuari buruz eman dituzten pisten arabera, euskal folklorea belaunaldi berriei transmititzea da helburu nagusietako bat. Adierazi dutenez, egileak musikari, dantzari eta kultura adituekin arituko dira elkarlanean. Proiektua osoki izanen da euskarazkoa.
Funtzionamenduari dagokionez, besteak beste aurreratu dute erabiltzaileei VR bidez eskainiko zaizkiela euskal kulturaren elementu nagusietako asko: alegia, errealitate birtualeko esperientzien bidez arituko zaizkiela, esaterako, txalapartaz, trikitiaz eta euskal dantza tradizionalez. Jakinarazi dutenez, 2026ko Loraldia festibalean plazaratuko dute proiektuaren azken emaitza, Bilbon.