Apokalipsia eta optimismoa

Sei kanta batu ditu Siroka taldeak bere ibilbideko hirugarren estudio lanean eta '3.SZN' deitu du diskoa

3.SZN izeneko beren hirugarren estudio lana kaleratu berri duten Siroka taldeko lau kideak. SIROKA.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Sendo jokatu nahi izan du Sirokak oraingoan. Labur, baina sendo. 2009an sortu zen taldea, hamaika kontzertu emanak dituzte, eta hirugarren estudioko lanerako sei abesti hautatzea erabaki dute. Bazituzten gehiago ere aukeran, baina sei hautatu dituzte: bi bonus track gehituta ere, 27 minutuko diskoa, guztira. Nahikoa, taldekideen hitzetan inoizko Sirokarik helduena entzuteko. Rocka da funtsean egiten dutena, eta Maria Ribero abeslariaren ahots melodikoa da abesti guztietan gailentzen dena. Hark azaltzen du azken lanaren funtsa: «Iturri askotatik edaten dugu, baina esango nuke hasi garela gure estiloa definitzen». 3. SZN deitu dute lana, eta doan eskura daiteke sarean (www.sirokataldea.com), baita 10 euroren truke erosita ere.

Ruben Ribero euskal presoak idatzi ditu testu guztiak Villefranche Sur Saône espetxetik. Optimista mintzo da zenbaitetan, eta apokaliptiko besteetan; kritiko beti. Manifestazio bateko poliziaren oldarraldia deskribatzen du, adibidez, Heriotz beltza abestiak: «Entzuten al duzu tiro hotsa/ erortzen ari den mundu baten soinua». Eta ilunago dabil Egi Apokaliptikoak kantuan, mundua aldatzeko aukera erreal bakarra gizakiaren desagerpena dela esanez : «Beste modu bat posible bada/ gizakirik gabe izan beharko da». Taldekideek diotenez, propio sentitzen dituzte salaketa horiek, eta mundua eraldatzeko gogo hori. Bada beren jarrera laburbiltzeko balio dezakeen lelo bat ere Kanta honekin izeneko abestian: «Egoera aldatzeko kantatzen dugu guk».

Andoaingo Garate estudioan (Gipuzkoa) grabatu dute diskoa Kaki Arkarazo teknikariarekin, eta oso pozik daude emaitzarekin. Urtarrilean sartu, urtarrilean atera. «Oso lasai eta gustura egon gara Arkarazorekin lanean, eta horrek asko erraztu du dena. Agian, horregatik egin ahal izan dugu hain azkar lan». Alain M. Urrutia artistak egin die azaleko irudia eta digipack modura salduko dute diskoa, eta, hala, Bilboko sortzaileak egindako poster bat izango du kopia bakoitzak. Bideoklipa ere grabatu dute, bestetik, Goizeder Saez de la Fuente eta Nikola Hurtadoren gidaritzapean.

Bi bonus track ere baditu lanak. Euskal Herriko gazte mugimenduaren historia kontatzen duen Tximeletak dokumentalerako sortutako izen bereko kanta da horietariko bat, eta Londresen egindako Basque Solidarity Sound System festibalerako sortutako Inside on a Belmarsh Cell izenekoa da bestea. Alaia Martin bertsolariarenak dira lehen abestiko hitzak, eta Iheskide taldeko Xaguk ere parte hartzen du kantuan. Imanol Galfarsoro da, berriz, Inside on a Belmarsh Cell kantuaren hitzen egilea, eta Zea Mays taldeko Aiora abeslariak, La Hainek eta The Governors taldeko Juan Sangre abeslariaren kolaborazioak ere baditu.

Argitaratu gabeko bi kanta

Diskoan dauden piezez gain, beste bi abesti ere badituzte grabatuta, Riberok aurreratu duenez. «Bi elkarterentzat sortutako kantak dira, eta haien esku dago noiz kaleratu erabakitzea. Beraz, diskoan kanta gutxi dagoen arren, inoiz baino gehiago konposatu dugu oraingoan».

Gertutik ezagutzen dute gaztetxeen mugimendua taldekideek. Diotenez, hori da haien zirkuitua, eta azaltzen dute zergatik. «Bat egiten dugu haien filosofiarekin, eta gaztetxeak dira alternatiba kultural interesgarriena ematen dutenak». Eta horregatik, gaztetxeetan emango dituzte aurkezpen kontzertuetariko franko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.