«Modernitatean norberatasuna landu beharreko zerbait zen, eta orain ia-ia Eroskin eros daitekeen zerbait». Bortitza da aldaketa, eta plaza aldarrikatzen du horren aurrean Eduardo Apodakak (1965, Bilbo). Plaza, bere itsuskeria eta jende jasangaitz guztiarekin. «Gaur egun gustuko ez dugun auzokidea ezabatu egin nahi dugu gure bizitzatik, eta gure gustuen arabera eraiki nahi ditugu harremanak. Baina pertsona pobreagoa izateko bide bat da hori». Gizarte psikologiaren alorretik egin du norbanakoaren eta gizartearen arteko orekari buruzko bere hurbilketa Apodakak, eta Juan Zelaia saiakera saria irabazi du Norberaren autonomia krisian izeneko lanarekin. «Auzokide gorrotagarrien aldeko saiakera bat da, funtsean», laburtu du egileak.
Orain urte batzuk idatzi zuenEuskal Herriaardatz izeneko lana Apodakak, beste hainbat autorerekin batera. Hor dago norbanakoaren eraikuntzari buruzko saiakeraren hazia. Naziotasuna izan zuen ordukoan ikerketarako abiapuntua, baina norbanakoa hartu du oraingoan gaitzat. «Norbanatasuna era indibidual batean landu dut, bestelako tasunik gabe. Bitan baino ez da ageri euskal hitza liburuan, nik uste, baina, noski, gutaz ari naiz, azken finean, eta baita nitaz ere». Izan ere, Apodakaren ustez, lotuta doaz norberaren autonomia eta autonomia kolektiboa. «Norbanakoaren aldeko aldarria da politikaren aldeko aldarria».
Iruñean egin zuten sariketa ekitaldia atzo, eta Inma Errea itzultzaileak irakurri zuen epaimahaiak adostutako akta. Lanaren trinkotasuna azpimarratu zuen, eta baita haren balio literarioa ere. Horrek nabarmendu du aurkeztutako beste zazpi lanen gainetik. «Zabaltzen eta praktikan indartzen ari den ikuspegi antisozialen aitzin, egileak norberaren autonomia gizartean garatzearen ideia aldarrikatzen du, ez jendartetik at, haren baitako tentsio eta dinamika baizik». Bixente Serrano Izko, Kepa Altonaga, Pili Yoldi eta Jose Angel Irigarai izan dira epaimahaiko kideak.
Serrano BERRIA egunkariko literatura kritikariak lanaren edertasun formala azpimarratu zuen. «Sakona izateaz gain, literarioki ere aberatsa dela uste dut». Europan puri-purian dagoen gaia euskarara ekartzen asmatu izana txalotu zion Apodakari: «Mendebaldeko beste hizkuntzatan, italieraz, frantsesez eta inglesez dexente landutako gaia da liburu honetakoa, eta eskertzekoa da saiakera hau zirkulu akademikoetatik at gurera ekartzen asmatzea. Euskaldunok modernitatearen trena berandu xamar hartu bagenuen, ea ez zaigun gauza bera gertatzen modernitatearen osteko ekarpen kritikoarekin».
Liburuan ezkor xamar aritu dela aitortu zuen idazleak, eta baita epaimahaiak ere. Baina liburu bukaera aldera, etorkizunerako klabe positiboren bat ere bilatzen duela. «Nostalgia maite ez duen nostalgikoa naiz», azaldu zuen Apodakak. «Hemendik aurrera datorrena zer izan daitekeen asmatzen saiatu naiz liburu amaieran, baina ez dakit nolakoa izango den etorkizuneko norbanakoaren autonomia hori».
Apodakak egiten duen diagnosia ez da oso alaia, izan ere. «Gustuen arabera egiten ditugu orain harremanak, kontsumo produktu bat balira bezala, baina hain zuzen harremanek egiten gaituzte. Norbera ere bada jendearekiko harreman horien produktu edo emaitza». Egun gutxietsi egiten dira gustuez aparteko harreman horiek, ordea, baina, hain zuzen harreman gatazkatsu horiek ere aberasgarri litezkeela uste du Apodakak. Atsegin ez zaizkigun horiek ere badirela aberasgarri. Beharrezkoak direla merkatuaz bestelako harreman horiek ere. Beharrezkoa dela plaza, alegia. «Maitalea bilatzeko enpresa bati ordainketak egiten dizkiogu».
Hala eta guztiz ere, jarrera kritiko hori nabarmendu zion Serranok Apodakaren liburuari: «Modernitateak bere arrazionalismoarekin irudikatu zuen indibiduo autonomo hura nola sartu den gaur egun degradazio moduko batean». Hori da azterketa. «Beste indibidualismo mota aberatsago batera heldu ote gaitezkeen». Hori, aldiz, liburuak egiten duen azken galdera. «Ideia zaharra da, eta historikoki egiaztagarria, planteamendu berri guztiek jaiotzan bertan dituztela euren degradazio haziak. Horregatik dira positiboak kritika saio guztiak. Ezkorrak izan arren; euren baitan daramatzate hazi eta esperantzatsuak, mundu baliotsuago bat sortze aldera».
Sariaren adin nagusitasuna
Hamaikagarren edizioa izan du aurtengoa Zelaia saiakera sariak, eta adin nagusitasunera heldu dela esan zuen Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko arduradunak. Aurrez irabazle suertaturiko idazleen lanak aipatu zituen horren frogatzat. Mahai gainean zeuden guztiak, besteak beste, Antton Luku, Kepa Altonaga eta Jon Alonsoren liburuak. Ildo beretik jo zuen Joseba IntxaustiKulturaren Aldeko Euskal Fundazioko kideak. «Hamaikagarrena denez, espero dezagun amaigabeko bide bat hasi dugula esan nahi duela. Eta iraungo duela krisiak gora eta krisiak behera. Datorren urterako zortzi ez, izan daitezela hemezortzi».
Martxorako izango da kalean Apodakaren lana.
Apodakaren 'Norberaren autonomia krisian' lanak irabazi du Zelaia saria
Egun norbanakoa kontsumo produktu baten gisa eraikitzen dela dio autoreak, eta plazaren balioa aldarrikatzen duBeste zazpi idazlek aurkeztu dituzte lanak sariketaren hamaikagarren edizioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu