Donostiako 72. Zinemaldia

'Apocalypse in the Tropics' filmak osatuko du Perlak saila Donostiako Zinemaldian

Petra Costa zinemagile brasildarraren lan berria da. Jaialdiaren 72. aldian zein aktore eta zuzendari gonbidatu dituzten ere iragarri dute. Epaimahaiko kideen berri datozen egunetan emango dute, kideren bat baieztatzeko falta baita.

Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiaren zuzendaria, eta Ruth Perez de Anucita jaialdiko komunikazio arduraduna, gaur Tabakaleran egindako aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiaren zuzendaria, eta Ruth Perez de Anucita jaialdiko komunikazio arduraduna, gaur Tabakaleran egindako aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko irailaren 6a
15:10
Entzun

Atzerako kontaketa martxan da. Donostiako 72. Zinemaldia hasteko bi aste eskas falta direla, azken lanak lotzen dabiltza jaialdiko antolatzaileak. Zinemaldia hasi aurretik egin ohi duten aurkezpen ofizialean, epaimahaiaren berri eman izan dute, baina gaur Tabakaleran egindako ekitaldian ez da halako iragarpenik egon. Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak azaldu du epaimahaiburua zein izango den zehazteko lanean ari direla, eta datozen egunetan emango dutela horren berri. Ordura arte itxaron beharko da zerrenda osoa jakiteko. 

Irailaren 20tik 28ra Donostia bisitatuko duten aktore eta zuzendarien zerrendak hartu du, bada, protagonismorik handiena. Donostia saria honako hauek jasoko dute: Pedro Almodovarrek, Cate Blanchettek eta Javier Bardemek —iaz eman zioten saria, baina, aktoreen greba zela eta, ez zuen garaikurra jasotzerik izan—. Zuzendari eta aktore horiek ez ezik, hauek ere berretsi dute Zinemaldira bertaratuko direla: besteak beste, Pamela Andersonek, Monica Belluccik, Lupita Nyong'ok, Paolo Sorrentinok, Joshua Oppenheimerrek, Angela Molinak, Gia Coppolak eta Isabelle Huppertek.

Beste 'perla' bat

Apocalypse in the Tropics izan da jaialdian erakutsiko dituzten filmetara batu den azken lana. Petra Costa zinemagilearen lan berria da, eta Perlak sailean lehiatuko da, beste hamahiru lanekin batera. Veneziako Zinemaldian lehiaz kanpo estreinatu zen ez-fikzioak Brasilgo mugimendu ebanjelikoak aztertzen ditu, eta nola horrek Jair Bolsonarori presidentetzarako bidea erraztu zion —2019ko abendutik 2022ko abendura arte izan zen presidente—.

Bestalde, Rebordinosek Argentinako zinemaren egoera salatu du; hain zuzen, Javier Milei presidente denetik, herrialde hartako kultura eta, horrenbestez, zinema jasaten ari diren «suntsipena» . Hori dela eta, dei egin dute elkarretaratze bat egitera hilaren 24rako, Argentinako kulturgileei elkartasuna adierazteko. Gainera, hango ekoizle, zinemagile eta kazetarien ordezkaritza bat ere gonbidatu dute Zinemaldira. «Jaialdi gisan, ez gara alderdi politikoen gerran sartuko, baina beti giza eskubideen alde egongo gara. Ez dugu herrialde baten kultura suntsitzen duen gobernu bat onartuko», adierazi du Zinemaldiko zuzendariak. Aurten, Argentinan osorik edo partzialki ekoitzitako hamasei lan eskainiko dira Zinemaldian.

'Hizketaldiak'

Proiekzioez gain, jaialdiaren antolatzaileek Zinemaldia ezagutarazteko eta trasmisiorako topagune ere izatea nahi dute; horrenbestez, Hizketaldiak atala ere antolatu dute beste behin. Irailaren 20tik 27ra izango dira saioak, Tabakalerako zineman, Z eta Prisma aretoetan, eta San Telmo museoan. Gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean eskuratu daitezke.

Hilaren 20an, Tabakalerako Z aretoan, Glamourraren atzean: aktorea kontratazio-paradigma berrien aurrean saioa eskainiko dute. Eva Leira eta Yolanda Serrano casting zuzendariak eta Sara Mora abokatua mintzatuko dira, Alizia Otxoaren gidaritzapean.

Zinema eta musikaren mundua uztartuko dituzte Anton Alvarezek —C Tangana artistaren benetako izena da—, Yerai Cortesek eta Harto Rodriguezek. Alvarez La guitarra flamenca de Yerai Cortés filmaren egilea da; Zuzendari Berriak sailean eskainiko du lana. Cortes eta Rodriguez izan dira filmeko musikaren egileak, zuzendariarekin batera, eta sorkuntza prozesua izango dute hizpide. Hilaren 24an izango da hizketaldia, Tabakalerako zinema aretoan.

Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek elkarlanean saio bat antolatu dute. Irailaren 24an izango da hori ere, Tabakalerako Z aretoan. Errealitate transmaskulinoak zinema iberoamerikarrean barneratuz deitu diote hitzaldiari, eta zuzendaritzan, gidoigintzan, ekoizpenean eta casting zuzendaritzan diharduten profesionalek hartuko dute parte.

Sarrerak

Astelehenean argitaratuko da jaialdiaren programazio osoa. Asteazkenetik aurrera, Zinemaldiko bulegoan (Tabakaleran) eskuratu ahal izango dira Filmez Film gidaliburuak, 2,5 euroan. Datorren larunbatetik aurrera, hilak 14, Zinemaldiak Kursaalean izaten duen informazio gunean ere egongo da eskuragarri.

Sarreren salmenta, ordea, igandean hasiko da, irailak 15, 09:00etatik aurrera. Egun horretan lehen hiru egunetako proiekzioetarako sarrerak erosi ahal izango dira. Irailaren 16an, hilaren 24, 25 eta 26rako sarrerak erosteko aukera izango da. Azken hiru egunetakoak —irailaren 26a, 27a eta 28a— hilaren 17an, asteartea, egongo dira salgai. Donostiako zinema aretoetako leihatiletan eta Zinemaldiaren webgunean erosi ahal izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.