Aurreko aldietako arrakasta ikusita, laugarrenez egingo dute aurten Sormene jaialdia, Galdakaon (Bizkaia). Apirilaren 27tik 30era bitartean, dantza, musika, antzerkia eta beste hainbat alor uztartuko ditu ekitaldiak, eta, beste behin, transmisioa izango da ardatz nagusia.
Joan den urtarrilaren 25ean egin zuen lehen bilera Sormeneko talde eragileak. Galdakaoko Udala eta Dijitalidadea enpresa dira ekimenaren arduradun nagusiak, baina, antolakuntza talde teknikoak ez ezik, herritarrek osatutako talde batek ere diseinatzen du programa urtero. Data zehaztu ondoren, ekitaldiak antolatzen hasiko dira orain.
Errotzen hasia den proiektu bat da Sormene. Berez, euskal kulturari beste plaza bat zabaltzeko asmoz jarri zuen abian jaialdia Galdakaoko Udalak 2020an, baina iraupen gogoa nabaria da antolatzaileen artean. Aurten ere, bi agerraldi egingo dituzte: udaberrian bata, eta udazkenean bestea.