Nafarroaren Eguna

Apirilaren 13tik 29ra eginen dute Baigorriko Kulturaldia

Urepelen, Baigorrin, Ortzaitzen eta Alduden eginen dira jarduerak, «euskal kulturak leku handiagoa izan dezan eskualdean». Nafarroaren Eguna apirilaren 30ean ospatuko dute

Oihana Bidart, Kattalin Bidart eta Xalbat Alzugarai, Basaizeko kide, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean eginiko aurkezpenean. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko martxoaren 15a
18:13
Entzun

Hilabete eskasean hasiko da 2023ko Baigorriko Kulturaldia; hala iragarri du Basaizea Kultur Batasuna elkarteak gaur Iruñeko Zaldiko Maldikon eginiko aurkezpenean. Zehazki, apirilaren 13an abiatuko da, Urepelen (Nafarroa Beherea), eta apirilaren 29an bukatu, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Ohi bezala, Nafarroaren Egunaren atzerako kontua euskal kulturaz blaitzea izanen da asmoa –Nafarroaren Eguna apirilaren 30ean ospatuko dute–.

Bira produkzioak ekoiztetxeak eta Beasaingo dantza taldeak eginiko Azken dantza maisua dokumentalaren emanaldiak zabalduko du egitaraua, 13an, eta Urepeleko Amerikanoenean eginen dute, 20:00etan. Biharamunean, hilaren 14an, beste ikus-entzunezko lan batekin emanen diote segida Kulturaldiari: Bolante baten historia filma emanen dute Popo Larren oroimenez –aurten dira 40 urte desagertu zela–. Baigorriko Bil Etxean emanen dute pelikula, 18:30etik, eta solasaldia ere eginen dute ondotik.

Apirilaren 15ean, Bidea da borroka komikiaren aurkezpen musikatua eginen dute lanaren egile Beñat eta Unai Gaztelumendik, 11:00etan, Ortzaizeko Menta Liburutegian.

Ordutik astebete luzera, apirilaren 23an, Intxaurra antzezlana ikusten ahalko da Baigorriko Bil etxean, 18:00etan. Mairu antzerki tailerreko kideek egina da obra, gaixorik den andre bat da istorioaren protagonista: Terexa.

Berriz, apirilaren 28an, Francoren mende kantatzen genuenean liburua aurkeztuko dute Aldudeko Alfaroinian –ostatuak antolatu du jarduera–. Colette Larraburu idazleak aurkeztuko du, eta, antolatzaileen esanetan, liburua aurkeztu ez ezik, Franco agintean zen aldiaz ere mintzatuko da Larraburu, sakon.

Azkenik, musikarik amaituko dute aldia, hilaren 29an. Batetik, Ez Dok Hiru antzezlan musikatua izanen da iluntzean, 2030ean, Baigorriko Bil Etxean. Bestetik, Cumbian’Bero txaranga izanen da herrian, karrikan, Baigorriko Ikastolatik abiatuta. 22:00etan ekinen dio ibilaldiari.

Nafarroaren Eguna, igandez berriz ere

Nafarroaren Egunaren gaineko hainbat xehetasun argitara ateratzeko ere baliatu dute Kulturaldiaren aurkezpena Basaizea elkarteko kideek. Izan ere, Nafarroako Egunaren data ere eman dute: apirilaren 30ean eginen dute. Iazkoa salbuespena izan zen, hauteskundeak tarteko, baina, aurten, igandean ospatuko dute jaia atzera ere. Goiz eta arratsaldez eginen dute festa. Besteak beste, kontzertu hauek iragarri dituzte antolatzaileek: Janus Lester, Willis Drummond, Dupla eta DJ Üzkülüz. Bertso saioa ere izanen da: Aitor Etxebarriazarraga, Joanes Illarregi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal ariko dira kantari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.