IRUÑEA. Hilabete eskasean hasiko da 2023ko Baigorriko Kulturaldia, Basaizea Kultur Batasuna elkarteak iragarri duenez. Zehazki, apirilaren 13an abiatuko da, Urepelen (Nafarroa Beherea), eta apirilaren 29an bukatu, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Ohi bezala, Nafarroaren Egunaren atzerako kontua euskal kulturaz blaitzea izanen da asmoa —Nafarroaren Eguna apirilaren 30ean ospatuko dute—.
Azken dantza maisua dokumentalaren emanaldiak zabalduko du egitaraua, 13an, eta Urepeleko Amerikanoenean eginen dute, 20:00etan. Biharamunean, hilaren 14an, ikus-entzunezko beste lan batekin emanen diote segida Kulturaldiari: Bolante baten historia filma emanen dute Popo Larren oroimenez —aurten dira 40 urte desagertu zela—. Baigorriko Bil Etxean emanen dute pelikula, 18:30ean. Apirilaren 15ean, Bidea da borroka komikiaren aurkezpen musikatua eginen dute lanaren egile Beñat eta Unai Gaztelumendik, 11:00etan, Ortzaizeko Menta liburutegian.
Apirilaren 23an, Intxaurra antzezlana ikusten ahalko da Baigorriko Bil Etxean, 18:00etan. Apirilaren 28an, berriz, Francoren mende kantatzen genuenean liburua aurkeztuko dute Aldudeko Alfaroinian. Colette Larraburu idazleak aurkeztuko du.
Musikatuta amaituko dute aldia, 29an. Ez Dok Hiru antzezlan musikatua eta Cumbian'Bero txaranga izanen dira Baigorrin.
Apirilaren 13tik 29ra eginen dute Baigorriko Kulturaldia
Urepelen, Baigorrin, Ortzaizen eta Alduden eginen dira jarduerak. Nafarroaren Eguna apirilaren 30ean izanen da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu