Apaletik haragoko liburutegia

Konfinamenduan, zortzi bider ugaritu dira 'Booktegi' atari digitaleko liburu elektronikoen deskargak eta webguneko edukien ikustaldiak. Haziz doa euskarazko irakurzaletasunaren aldeko proiektua

Booktegi.eus plataforma digitalaren pantaila irudi bat, liburuei dagokien ataletik hartua. BOOKTEGI.
itziar ugarte irizar
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Konfinamenduak kultur ekintza gehienak izoztu antzean utzi dituen bitartean, esku bete lan ari da Aritz Branton, Booktegi.eus webgunearen arduraduna. Zortzi aldiz hazi dira bisitak atarian, hala ugaritu liburu elektronikoen deskargak, audioliburuen entzunaldiak, bideoen bisitak... eta mugimendu hori guztia antolatzen harrapatu du BERRIAk. Gustura, hala ere: «Pozgarria da ikustea Booktegi-k baduela zer ekarri garai hauetan. Literaturarekin askotan entzuten da gehiago irakurri nahi lukeela jendeak, baina ez duela astirik, bizimodu azkar honetan ez dagoela irakurtzerik. Orain, nahigabe, denbora badugu, eta nabaritu egin da». Konfinamendua igarota, joera horrek hein batean eutsiko dion itxaropena du: «Beharbada, hau pasatzen denean, gauzak modu lasaiago batean egiten saiatuko gara, eta, horren barnean, liburuekin gozatzea egon daiteke».

Igoera «ikaragarria» izan da, Brantonen arabera, eta konfinamendu hasierako datekin bat egin du, gainera. Hasi aurretik, hilean 1.500 bisita inguru zenbatzen zituzten, eta azken asteetan 7.000 bisitatik gora jaso dituzte. Liburu elektronikoen deskargek nabarmen egin dute gora, baina baita sareratutako bideo eta audioek ere. Irakurleek nabarmen bilatu duten ataletako bat gazteentzako liburuei eskainitako atala izan da. «Ez da bereziki ondo garatua dugun atal bat, baina aurrerantzean saiatu beharko gara garrantzi gehiago ematen».

Hiru urte dira proiektua abiatu zutela. Formatu digitaleko hogei libururekin ireki zuten leihoa, eta bi hutsune seinalatzen zituen Brantonek orduan: liburu elektronikoaren erabilera urria euskal irakurlearengan, eta kalitate handiko liburu ugari ahaztuta geratzen zirela apaletan, edo are argitaratu gabe, kostuengatik.

Liburuak doan eta lau formatutan jarri dituzte eskuragai hasieratik, irakurgailu guztietara egokitzeko. Baina, horiek jartzearekin batera, berehala hasi ziren ataria osatzen, idazleei egindako elkarrizketekin, saio bereziekin—ElkarrizKatea da horietako bat, idazleek batak besteari egindako elkarrizketez osatua—, eta baita webgunetik kanpo antolatutako kultur ekitaldiekin ere. «Proiektua asko zabaltzen ari da», dio laburrean Brantonek. Audioliburuen atalean, esaterako, 90entzunaldi inguru dituzte dagoeneko; literatur lanen irakurketak biltzen ditu, eta horri egin dio azpimarra kudeatzaileak: «Hori ere aukera oso polita da. Egunotan, askotan beharbada ez dugu kemen handirik, eta errazagoa egin daiteke liburu bat entzutea, irakurtzea baino». Umorez: «Esaterako, etxea garbitzen ari garela».

Proiektua bizirik eta hazten ari den froga behinena estreinatzeko dituzten egitasmoak dira.Webgunean, berriz, atal berri bat irekiko dute udazkenean, «oraindik irakurtzen ez dutenentzat». Ume txikientzat izango da, eta ikus-entzunezkoekin, irudiekin eta testuekin hornituta egongo da. Beste bi atal ere badituzte bidean: idazleen gomendioena bata; eta Nire literatik izenekoa bestea, zeinean, podcast eran, hainbat egilek euren idazle kuttunen inguruan hausnartuko duten.

Branton bera arduratzen da atariak dakartzan lanez. Baina idazleak, zuzentzaileak, ilustratzaileak... Inguruan «lagun asko» dituela dio. Eta esker onez ekarri ditu gogora: «Idazleak oso eskuzabalak izan dira hasieratik, testuekin, denborarekin, elkarlanean jardutearekin».

Liburuen ardatzean

Webguneak biltzen eta sustatzen dituen elementuak gero eta ugariagoak izan arren, proiektuaren ardatzak liburua izaten segitzen duela berretsi du Brantonek. Helburuak ez baitira aldatu: «Euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzea; egiten dugun guztia horren alde egiten dugu». Baita lehen kolpean irakurketarekin hain estu lotzen ez diren proiektuak plazaratu ere. Gogora ekarri du, esaterako, iaz erakusketa bat prestatu zutela Bilbo Arten, Wire taldearen 154 albumaren abestien «interpretazio bisualekin». Erakusketa berri bat ari dira ontzen orain; kasu honetan, euskal abeslari baten bueltan. «Ezin dugu aurreratu izena, baina inaugurazioan musikariaren kontzertua ere izango dugu, letrak ospatzeko, interes handiko hitzak baitira».

200 liburu inguru daude jada eskuragai atarian. Eleberriak, saiakerak, ipuinak, artikulu bildumak, haur eta gazte literaturakoak, klasikoak, itzulpenak.Aurrez euskarri fisikoan plazaratutako lanak batzuk, eta Booktegirako propio apailatutako lanak besteak; artikulu bildumak, batik bat. Idazleek euren kabuz bidaltzen dituzte proposamenak batzuetan, eta ataritik ere jotzen dute haiengana bestela, norabide bietan. Baldintzak bi dira kasu guztietan: euskaraz izatea eta kalitatezkoa izatea. Euskara sustatzeko eduki literario ona behar dela sinetsita daude, eta horrek denen eskura egon behar duela. Hortik azpititularra: Guztion liburuak, guztiontzat. Branton: «Interesgarria iruditzen bazaigu, eta irakurleak imajinatzen baditugu, hori oso garrantzitsua baita, saiatzen gara ateratzen. Liburu asko ez dira inoiz klasikoak izango, baina lan onak dira, eta hemen aukera bat izango da horietara iristeko».

Astez aste plazaratzen dute lan berriren bat. Erritmo horretan, gaur artean osatutako apalategitik bost ale gomendatu ditu Brantonek: Katixa Agirreren Festa gonbidatuak narrazio bilduma; Harkaitz Canoren Azken aurreko manifestua eta, horri lotuta, Canok, Anjel Lertxundik, Iraia Eliasek eta Idoia Hernandez Hatxe-k Donostian egindako emanaldiaren bideoa; Jack Londonen Oihanaren deia, zeinak mundua zakur baten ikuspegitik agertzen duen; eta, azkenik, audio bat: Zuhaitzak landatzen zituen gizona, Jean Gionok idatzia, Mikel Vilchesek itzulia, eta Iñigo Aranbarriren ahotsean entzun daitekeena. «Oso grabaketa ederra da, eta kontatzen digunak itxaropena ematen digu. Badugu beharra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.