Francoren diktadurari aurre egin zioten hainbat abadek, giza eskubideen alde eginez, eta preso sartu zituzten horregatik. Apaizentzako kartzela berezi batean, Zamorako (Espainia) espetxe konkordatuan egon ziren, duela mende erdi, Alberto Gabikagogeaskoa, Xabier Amuriza, Jon Etxabe, Josu Naberan, Julen Kaltzada, Martin Orbe, Nikola Telleria, Felipe Izagirre, Juan Mari Zulaika, Pedro Berrioategortua, Periko Solabarria, Lukas Dorronsoro eta beste elizgizon ugari. Horietako zenbait hara itzuli ziren duela urte gutxi batzuk, beren borondatez oraingoan, Apaiz kartzela filma grabatzeko. Haien testigantzen bitartez kontatzen du kasua Ritxi Lizartzak, Oier Aranzabalek eta David Pallaresek zuzendutako dokumentalak. Ostiralean helduko da Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako eta hainbat herritako zinema aretoetara, eta urte berriarekin Ipar Euskal Herrikoetara.
Hain urrunekoa ez bada ere istorio nahiko ezezaguna zela jabetzeak eraman zituen zuzendariak filma sortzera, Lizartzak adierazi duenez. «Gure iragan hurbileko istorio bat da, kontatu gabe zegoena. Gaur egun, nahiko ezezaguna da, ez delako transmisio handirik egin». Garai batean, bertan preso zeuden apaizen egoera salatzeko lan handia egin zela azaldu du zuzendariak. «Baina, gaur egun, historia hori galduta dago, eta ez da hain aspaldikoa ere. Beraz, kontatu beharra zegoen, eta hori izan da gure asmoa: kontatzea munduko apaiz kartzela bakarra Zamoran egon zela, Francoren garaian, erregimenaren aurka eta giza eskubideen alde agertu ziren apaizak zigortzeko».
Ezohiko kartzela bat da, beraz, filmak agertzen duena, munduan ez baita ezagutzen berariaz apaizentzat ezarritako beste kartzelarik. 1953an Francoren erregimenak eta Vatikanoak eginiko konkordatuaren emaitza izan zen; horren arabera, atxilotutako abadeek Zamoran bete beharko zuten zigorra, beste presoengandik bereizita, haientzat gordetako hegal batean. Horregatik eraman zituzten hara, 1960ko eta 1970eko urteetan, hainbat euskal apaiz eta fraide. 1976ra arte, 50 apaiz baino gehiago izan zituzten bertan preso momenturen batean edo bestean: gehienak euskal herritarrak ziren, 40tik gora, baina izan zen han gatibu hartutako apaiz katalan, galego eta madrildarrik ere, langile-apaizak gehienak. Euskal elizgizonetatik, Gabikagogeaskoa izan zen kartzelan sartu zuten lehena, 1968an. Eta haren atzetik joan ziren iristen gainerakoak. Torturak jasan ondoren batzuk; frankismoaren errepresioa salatzeagatik atxilotu ostean beste asko. Dokumentalerako, horietako 30 baino gehiago elkarrizketatu zituzten, baita preso egon ez baina auziarekin lotura zuzena izan zuten beste hainbat pertsona ere. Haien denen lekukotasunak dira dokumentalaren oinarria.
Istorioaren ezohikotasuna ez da soilik elizgizonen kartzela bat zela, zeren, gainera, apaizek espetxetik ihes egiteko plan bat ere prestatu baitzuten, dokumentalean xehe azaltzen dutena. Garbitegitik kaleraino iristen zen tunel bat zulatu zuten; ia urtebetez aritu ziren horretan, eta zirrikitu batetik argia ikustea ere lortu zuten. Baina iheserako astebete besterik falta ez zela, espetxezainek zuloa aurkitu, eta ezin izan zuten burutu. Gerora, beste presoekin jar zitzatela eskatzeko hainbat protesta egin zituzten, hala nola mutin bat eta zenbait gose greba. Horiek eta beste asko protagonisten hitzetan azaltzen ditu filmak.
Zuzendariekin batera, hainbat laguneko taldea aritu zen dokumentala sortzeko prozesuan. Xabier eta Martin Etxeberriak, Miel A. Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok idatzi zuten gidoia, Maialen Sarasuak landu zuen edizioa, Kote Camachok ondu zituen animazioak, eta Joserra Senperenak sortu zuen filmerako musika.
Solasaldiak egiteko asmoa
Besterentzat historia dena protagonistentzat beren bizitzaren parte bat» dela ohartarazi du Lizartzak, «gehienak bizirik baitaude. Alde horretatik, zuzendariak pozik daude; batetik, protagonistek esana dietelako istorioa ongi kontatzea lortu dutela, eta, bestetik, publiko zabalago batengana iritsiko den honetan pozik ikusten dituztelako haiek ere.
Durangoko 54. Azokan, 2019an ikusi ahal izan ziren dokumentalaren zati batzuk lehen aldiz, protagonistei egin zieten omenaldian. Artean, baina, bukatu gabe zegoen lana. Eta aurtengo apirilean heldu zen azkenean estreinaldia, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Gerora, Euskal Herritik kanpo ere bidaiatu du filmak, hainbat zinema jaialditan izan baita, hala nola Bartzelonan, Edinburgon, Caracasen eta Napolin. Bide hori eginda iritsiko da lana aretoetara. Egileen eta protagonisten asmoa da, ahal den lekuetan, emanaldien ostean solasaldiak ere antolatzea. Haiek «oso gogotsu» ikusten ditu Lizartzak horretarako, eta garai batean bezain konprometitu segitzen dutela nabarmendu du.
Hain zuzen ere, Gogora institutuak eta EITBk Memoria Erraikiz egitasmoaren hirugarren denboraldia aurkeztu dute: Primeran plataforman memoria historikoarekin lotutako lau dokumental estreinatuko dituzte.