Gaiarre antzokiak 1932an hartu zuen leku Iruñeko Karlos III.a etorbidean. Ordutik, ezin konta ahala oinek zapaldu dute aretoko oholtza gaina. Aski zaila litzateke jakitea zenbat txalo zaparrada egin dituzten antzokira bertaratutako ikusleek, eta ia amaigabea da han izandako emanaldietako protagonistek esandako hitzen zerrenda. Urteetako ibilbidearen ondotik, antzokia bera da protagonista orain; haren inguruko proiektua abiatu dute Elena Aitzkoa artistak eta Labrit Ondareak, Irudilantegia programan. Asmoa da aztertzea zer leku hartzen duen Gaiarrek iruindarren oroimenean eta iruditeria kolektiboan. Ekainean argitaratuko dituzte emaitzak, baina lanaren fruitu batzuk ikusgai dira jadanik, baita prozesuaren bilakaera bera ere; egoitza bat garatu dute Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan.
Aretoaren zabalera guztiz hesitzen ez duen pareta batek baizik ez ditu bereizten proiektuaren bi ildoak; Labrit Ondareak bere ikerketa antropologikorako baliatzen duen txokoetako bat eta Aitzkoaren sorkuntza tailerra, alegia. Zentroko Habitación erakusketa gune iraunkorrean ari dira lana garatzen, eta hilaren 31ra bitarteko asteburuetan ateak zabalik izanen dira bisitarientzat.
Hari buruz diotena oinarri
Labrit Ondareak bere ohiko metodologiari jarraikiz ekin dio Gaiarre antzokiaren gaineko lanari, taldeko zuzendari Gaizka Arangurenek azaldu duenez. Batik bat kultura unitate immaterialei erreparatzen diete ikerketetarako, eta, hori erdiesteko, kasu honetan, hamalau testigantza jaso dituzte azterlanaren lehenbiziko fasean. Zehazki, elkarrizketa sakonak egin dizkiete ezaugarritze prozesu baten ondotik aukeratutako zenbait pertsonari, taldetan banaturik: antzokian urte luzez aritu diren langileak, antzokiko agertokia askotan zapaldu duten artistak, eta, azkenik, teatroarekiko atxikimendu maila desberdina duten pertsonak. «Gaiarrista deitu diegu antzokiaren zaleei, eta, hori horrela, gaiarrista sutsuak elkarrizketatu ditugu, ez hain gaiarristak, eta baita batere gaiarristak ez direnak ere», zehaztu du Arangurenek. Aitortu du «oso arraroa» dela Iruñean bizi den norbaitek antzokiaren berri ez izatea, baina badagoela Gaiarreren erreferentea oso urrun duenik ere. Ordea, horiek ere baliagarriak zaizkie ikerketarako. «Tipularen azken azala dira, eta erran dezaketena oso interesgarria da guretzat».
Ahots gehiago jasotzea dute hurreneko urratsa, eta, pauso horretan, herritarrei nahi diete aditu. Online bidezko eta aurrez aurreko elkarrizketak eginen dituzte datozen hilabeteetan. «Askotariko galderak eginen dizkiegu; adibidez, 'zuretzat, zer koloretakoa da Gaiarre?'»
Gainera, beste bide bat ere ari dira erabiltzen iruditeriaren aztertze lanean sakontzeko, eta, hain zuzen ere, hori da Uharte zentroan kokaturikoa. Pareta batean jarririk, ariketa bat proposatzen zaie bisitariei. «Eskatzen diegu aukeratu eta ordenatu ditzatela Iruñearekin lotutako erreferenteak. Haien artean dago Gaiarre teatroa, eta balioko digu ikusteko zer toki betetzen duen bakoitzaren imajinarioan». Ariketak zoparen teoria orokorra du oinarri, kultura arteko harremanak azaltzeko metafora gisa.
Teatroa, gorputz eta irudiz
Labritek osatutako ariketatik metro gutxira, plastiko zabal batez estalia dago aretoko zoruaren zati zabal bat. Astegunetan, bertan aritzen da Elena Aitzkoa bere sorkuntza lanean murgildurik. Normalean, eskulturarekin aritzen da gehien, baina artistak ez du maite diziplina bakarrera mugatzea; azaldu duenez, «hibridoa» da haren jarduteko era. Artelan plastikoak poesiarekin uztartzen ditu askotan, eta performance bihurtzen ditu bere obrak. Bide hori hartuko du oraingoan ere, Gaiarre teatroa inspirazio iturritzat harturik. Forma anitzeko piezak sortu ditu: berdexkak, urdin antzak eta lilak. Kapsula itxurako figurak dira, eta zoruan ditu jarririk, horma zuriaren parean. «Oso intuitiboki sortu ditut», aitortu du. Horiez gain, hainbat eszenak osatutako bideoa dago proiektatuta pareta batean: Arga ibaia eta Gaiarren bertan filmaturiko irudiak ikus daitezke, besteak beste. Gainera, txistuek eta kantuek girotzen dute sala.
Aitzkoak kontatu duenez, Labrit Ondareak eginiko ikerketa lanek elikatu dute, batik bat, obra osatzeko abiapuntua. Entzule gisa parte hartu du orain arte eginiko zenbait elkarrizketatan, eta, beraz, aditu ditu Gaiarre antzokiari buruzko hitz ugari. «Biziki interesgarria izan zen», azaldu du.
Hala ere, Aitzkoak nabarmendu du, testigantzetan esaten zenari erreparatzeaz gain, teatroa «fisikoa» den zerbaiten modura ikustea giltzarri izan dela bere lanean. «Erakutsi dizkidate Gaiarreren zirrikituak, ezkutuko txokoak, eta Gaiarre ulertu dut Iruñean dagoen gorputz baten gisara; lurralde batean dagoen gorputz bat da». Horri esker, posible izan zaio «lengoaia abstraktuago bat» izatea adierazpide.
Ekainean aterako dituzte argitara ikerketaren emaitza guztiak Aitzkoak eta Labritek, ekintza artistiko batean. Zehazteko dago data, baina, oraingoz, gauza bat da segurua: Gaiarreko agertokian izanen da hitzordua.
Antzokia herritarrentzat zer den
Iruñeko Gaiarre antzokiaren iruditeria dute aztergai Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan. Elena Aitzkoa artista eta Labrit Ondarea ari dira lanean; ekainean aurkeztuko dute emaitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu