1950eko hamarkadan, Donostiako Antzoki Zaharraren barne bizitza ongi ezagutu zuen Amable Ariasek (Bembibre, Leon, Espainia, 1927-Donostia, 1984). Artistaren ama, Pilar Yebra, antzokiko jantzitegian hasi zen lanean 1951n, eta hari laguntzen ordu asko eman zituen bertan. Pixkanaka, bertatik igarotzen ziren askotariko artistak erretratatzeari ekin zion, tintaz, arkatzez eta akuarelaz. Eta 1955. eta 1959. urteen artean eginiko marrazki eta urmargo sorta horretako 79 lan ikusgai jarri dituzte orain Donostiako San Telmo museoan. Laborategia aretoan, maiatzaren 28ra arte egongo da zabalik Amable Arias banbalinetan erakusketa.
Maru Rizok, Ariasen bikotekide izandakoak, Antzoki Zaharra seriea dohaintzan eman zion museoari iaz; artistak antzokian pintatutako 61 akuarelak eta arkatzez zein tintaz egindako 43 marrazkik osatzen dute saila, baita handik pasatutako askotariko artisten argazki batzuek ere. «Marrazki eta akuarela hauek erakusten digute garai haietan antzokitik igaro ziren vedette eta artisten banbalinetako mundua, arau propioak eta askatasun kutsu bat zituena. Eta artistarentzat oso aberasgarria izan zen garai hori», azaldu du Susana Sotok, museoko zuzendariak. Bildumako piezen artetik, urmargo guztiak, hemezortzi marrazki eta 29 argazki aukeratu ditu Mikel Lertxundi Galiana komisarioak, zeinak sakon aztertua duen Ariasen obra.
1942an heldu zen Arias Donostiara, gurasoekin. Sei urte lehenago, 9 urte zituela, bizi osorako ondorioak utziko zizkion istripu bat jasan zuen; mugitzeko arazo larriak zituela eta, ohean igaro zuen haurtzaroko eta gaztaroko bolada luze bat. Horregatik, Antzoki Zaharrean sartzea bere garapenerako bultzada garrantzitsua izan zela azaldu du komisarioak. «Orduko kaleko bizimodutik oso bestelako arauak zituen giro hark, eta ikasketa prozesu trinko bat izan zen harentzat». Izan ere, etxetik atera gabe pasatu zuen denboran, idazteari, irakurtzeari eta marrazteari emana egon zen, eta fantasiazko mundu bat eraiki zuen bere baitan; eta antzokiak fantasiazko beste mundu bat ekarri zion.
Lertxundiren hitzetan, hasieratik ez, baina, jendearekin konfiantza hartu ahala, haiek erretratatzen hasi zen Arias. «Erretratatzen, nolabait esatearren, zeren, ikus daitekeenez, irudi askok apenas duten ezaugarri fisionomikorik. Ordea, pertsonaia horien jarrerak harrapatzeko gaitasun goiztiar eta ohiz kanpoko bat erakusten dute erretratuek». Artistak margolariarentzat propio posatzen ageri dira zenbait obratan, baina haiek atseden hartzen edota neke keinuekin ere erretratatu zituen Ariasek. «Lapurtutako une apur batzuk ere badira», komisarioaren esanetan; «haietan, pertsonaien nahi gabeko intimitate bat agertzen du artistak».
Ariasen inguruan zebiltzan antzokiko artista horien guztien segida bat bezala erakuts zitzaketen obrak, baina lau ataletan banatzeko hautua egin dutela azaldu du Lertxundik, obrak azpigaien arabera sailkatuta. Hala, Vedetteak izenburua daraman obra sortarekin abiatzen da ibilbidea. Garai hartako hainbat vedetteren zuri-beltzeko argazki batzuk ageri dira hormetako batean, Ariasi idatzitako eskaintzak dituztenak. Eta, haien aldamenean, artistaren urmargoetan irudikatuta ikus litezke emakume horiek berak.
Hurrengo atalak Aktoreak eta komedianteak du izenburu, eta horiexek agertzen dira Ariasen marrazkietan. Haien parean den horman, garai hartako No-do albistegiko irudiekin osatutako ikus-entzunezko bat dago proiektatua; 50eko urteetako antzerkiaren inguruko hainbat bideo dira, eta, batzuetan, Antzoki Zaharra ere agertzen da. Musika eta dantza ataleko marrazkietan, berriz, bi diziplina horietako orduko sortzaileak dira nagusi.
Baina artistak soilik ez: antzokiko langileak eta bertako ohiko eszenak ere eraman zituen paperera Ariasek. Pieza horiek erakusketako azken atalean bildu dituzte, Antzoki Zaharra izenburupean. Eta han ageri dira, besteak beste, antzokiko jostunak, aretozainak eta leihatilako langileak, baita antzokiaren sarrerako eta barrualdeko zenbait irudi ere.
Lertxundiren hitzetan, Ariasen ibilbidean «fundazionala» den seriea da Antzoki Zaharra. «Geroago helduko zen espiritu kritikoa falta du oraindik, baina antzokian izandako esperientzia horri esker lortu zuen, hain zuzen ere, zentzu kritiko hori».
Katalogoa eta jarduerak
Erakusketaren osagarri, katalogo bat ere argitaratu dute, eta, komisarioaren azalpen testu luze batez gain, obren irudiak, orduko argazkiak eta beste hainbat idazlan bildu dituzte liburuan. Rizok dohaintzaren harira idatzitako gutuna dago hasieran —«... zuena da dena...» esaldiarekin amaitzen dena—, eta, segidan, Mikel G. Gurpegik antzokiaren historiaz osatutako pieza, Espido Freirek Ariasen akuarelei buruz sortutakoa, eta Ariasek berak bere bizipenak kontatuz idatzitako beste zortzi testu jaso dituzte, Sherezadeak deitzen direnak —horietako lau, sekula argitaratu gabeak—.
Erakusketa zabalik dagoen bitartean, hari lotutako hainbat jarduera ere izango dira museoan, hala nola bisita gidatuak, hitzaldiak eta haurrentzako tailerrak.
Antzoki baten barrunbeetan
Amable Ariasek Donostiako Antzoki Zaharrean pintatutako urmargo eta marrazkiak daude San Telmo museoan. Komisarioaren ustez, Arias han hasi zen garatzen «zentzu kritikoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu