Filologia klasikoan doktorea

Javier Velaza: «Antzinako mundua alfabetatu gabea zela uste izatea okerra da»

Irulegiko Eskua ere ikertu duen aditu taldeko kidearen ustez, Lantzeko meatzegunean aurkitutako idazkuna baskoiek beren hizkuntzan egina da, zantzu guztien arabera.

Javier Velaza. EFE
Javier Velaza. EFE
garbine ubeda goikoetxea
2024ko urriaren 24a
05:15
Entzun

Filologia klasikoan doktore da Javier Velaza Frias (Castejon, Nafarroa, 1963), baita hizkuntza eta idazkera paleohispanikoetan aditua ere. Haren ustez, Antzinako jendeak bazekien idazten eta irakurtzen, bai erromatarrek, bai eta beste kulturetakoek ere. Eta, dioenez, hipotesi hori indartzen dute hala eskuartean darabiltzan ikerlanen ondorioek, bai eta Lantzeko meatzegunean aurkitutako idazkunak ere.

Lantzeko idazkuna meatzariek meatzarientzat idatzia izan liteke?

Antzinako inskripzioak aztertzen ditugunean, gehienetan ez dugu jakiten nork eginak diren; edonor izan zitekeen. Kasu hau oso garrantzitsua da guretzat, meategietan ez baitzen edonor sartzen, meatzariak besterik, eta, horrek, hain zuzen, adierazten digu jende horrek, bederen batzuek, bazekitela idazten eta irakurtzen. Datu azpimarragarria da, ez soilik Euskal Herrirako edo Hispaniarako, baizik eta, orokorrean, mundu osorako. Antzinako munduaren alfabetatze maila dela eta, eztabaida handia dago. Hain zuzen horregatik axola zaigu hainbeste: meatzariek heziketa handirik jasoko zutenik ez da aurreikusten, nolabait esatearren, eta idazkun bat hor agertzeak adierazten du idazten eta irakurtzen bazekitela. Ez dakigu ongi zer esan nahi ote dezakeen, baina oso litekeena da informatiboa izatea.

«Meategietan ez zen edonor sartzen, meatzariak besterik, eta, horrek, hain zuzen, adierazten digu jende horrek, bederen batzuek, bazekitela idazten eta irakurtzen»

Malda esanahiarekin lotu da, Arnaud Oihenartek XVII. mendean erabilitako hitz batetik abiatuta.

Hori oso hipotetikoa da. Idazkunak hiru ikur besterik ez du, eta hirurak ere komunak dira ikur-sistema paleohispaniko guztietan. Hortaz, idazkunak bere horretan ez du argitzen zein hizkuntzatan egina den. Irulegiko Eskuak sinbolo berezi bat du tartean, Latinezko «T» larriaren antzeko hori, eta horrek adierazten du, hain zuzen, karaktere baskonikoetan egina dela. Lantzeko kasua ez da horren erraza argitzen. Alderatzearren, imajina ezazu gaur egungo inskripzio bat «l», «r» eta «n» hizki latinoak dituena; horrekin ez dugu modurik jakiteko italiera, frantsesa edota ingelesa ote den, denek erabiltzen baitute alfabeto bera.

Hortaz, zein da aurrera egiteko bidea?

Hipotesiak egiten dira. Lehenak dio idazkuna izan litekeela iberikoa, baskoia edo zeltiberiarra. Zeltiberiarra denik ez dugu uste, ikae edo igae horrek dakarren ae sekuentziarik ez zegoelako haienean. Iberiarra ala baskoia den esatea zaila da, baina geografiari begiratuta, inguru horretan baskoia hitz egiten zela uste dugu askok. Bakarren batek esango balit iberiar lantalde batek egin zuela idazkuna, Kataluniatik etorri eta bertan errotu zelako, bada, ez dakit, hipotesi ausart edo ero samarra dela esango nuke. Edozer gerta zitekeen, egia da, eta ezer ezingo da bete-betean baieztatu, baina kokagunea eta ikur mota kontuan hartuta, Lantzekoa baskoia izatea espero liteke, baskoiek beren hizkuntzan egindakoa.

«Ezer ezingo da bete-betean baieztatu, baina kokagunea eta ikur mota kontuan hartuta, Lantzekoa baskoia izatea espero liteke, baskoiek beren hizkuntzan egindakoa»

Eta hortik aurrera, igae esan eta hainbat hitz erro datozkigu gogora, irteerarekin edo igarotzearekin lotu ahal izango genituzkeenak, baskoiaren eta euskararen artean dagoen mendeetako aldea ahantzi gabe. Inskripzioaren kokagunea oso garrantzitsua da, meatzetik irteterakoan ikus baitaiteke soilik, eta ez sartzerakoan. Zerbait esan nahi zuela eta informatiboa izan behar zuela pentsatzera garamatza horrek.

Izan liteke izen bat?

Hori baztertu egin dugu, baita jainkoren baten deitura izatea ere. Lurpean 60 metroko sakoneran ez zuten erritualik egingo. Hor, meatzariak eta beste inortxo ere ez zen ibiliko, horregatik diogu informatiboa izan behar zuela.

«Inskripzioaren kokagunea oso garrantzitsua da, meatzetik irteterakoan ikus baitaiteke soilik, eta ez sartzerakoan. Informatiboa izan behar zuela pentsatzera garamatza horrek»

Besterik da hitza osorik ote dagoen. Hor espazio horretan ez da ezer falta, baina hitz baten laburdura ere izan zitekeen. Imajina ezazu esan nahi dudala «deskarga», baina «deskar» jarri dudala, hori aski delakoan, meatzariek ulertuko luketelakoan. Hortaz, ez dakigu ikae edo igae hitz osoa den, osorik dagoen arren, hau da, atzetik ezer falta ez zaion arren. Baina denak hipotesiak dira. Posibilitateekin dihardugu lanean.

Eta Irulegiko Eskuarekin zer ikusteko duen ere esan beharko da.

Irulegikoa baskoia bada, hau ere baskoia dela eta hizkuntza berean idatzita daudela ere aurreikus dezakegu. Baina testuingurua ez da bera batean eta bestean. Irulegikoa herrixka batean aurkitu genuen, eta gatazka edo gerra testuinguru batean. Lantzekoa geroxeagokoa da. Erromatarrak hor ziren, eta meatzeen ustiaketa ere erromatarrena zen, baina bertakoak eta erromatarrak elkarrekin biziko ziren ziurrenik, bizikidetzan. Bertakoak beren hizkuntzan komunikatzen ziren elkarren artean, eta idatzi ere beren hizkuntzan egingo zuten.

Gehienik zerk eman dizu arreta zuri?

Idazten eta irakurtzen dakien multzo sozialak ematen dit arreta. Mundu erromatarra ikertzen ari naiz, eta esku artean dudan proiektuan nork idazten ote zuen jakin nahi dugu. Horretarako, teilerietara jo, eta adobe hezean, alegia egosi aurretik, teiletan egiten zituzten idazkunak aztertzen ditugu. Horrelakoetan, beraz, idazten duena teilak egiten dituen norbait da, eta gizartean goi mailako inor denik ez da aurreikusten. Ongi dakit zertaz ari naizen, gure aitak ere teileria batean lan egin baitzuen, eta oso lan gogorra da, 300 gradutan egin behar da lan.

Interesgarria da jakitea jende horrek zer idazten duen eta nola idazten duen, eta harrigarria da, Kristo ondorengo bigarren mendean Virgilioren bertsoak idazteko gai baitziren. Horren arabera, kultura maila bat ere bazuten. Ez zuten beharbada Eneida osoa ezagutuko, baina bertso batzuk behintzat bai, eta teiletan ere idatzi zituzten.

Urte askoan uste izan da Antzinako munduaren alfabetatze maila oso apala zela, baina aztarna hauek kontrakoa pentsatzera garamatzate.

«Urte askoan uste izan da Antzinako munduaren alfabetatze maila oso apala zela, baina aztarna hauek kontrakoa pentsatzera garamatzate»

Zein da maila, hortaz?

William Vernon Harris estatubatuarrak azaldu zuen Ancient Literacy [1989] liburuan, erromatarren inperioak goia jo zuenean, Marco Aurelioren garaian adibidez, gizonezkoen %10ek eta emakumezkoen %5ek zekitela idazten. Kopuru hori ikaragarri apala da, eta kultura primitiboagoetara estrapolatuko bagenu, are apalagoa izango litzateke. Orain ikusten ari garenez, hori ez da horrela: jendeak bazekin idazten eta irakurtzen, bai erromatarrek, bai eta beste kulturetakoek ere. Beharbada ez zuten askorik idatziko eta irakurriko, baina alfabetatze maila bat behintzat bazuten.

Jo dezagun Ponpeiara, Vesuvio sumendiak Antzinatea anbarretan bezala gordetako inguru horretara. Han, 20.000 idazkun daude gutxi gorabehera, eta hori ez zatekeen gertatuko gizartea alfabetatuta ez balego. Mundu iberiarrean 2.500 inguru ezagutzen dira, eta etruskoenak 14.000 edo. Kontuan hartu iraun duten idazkunak euskarri gogorrean egindakoak direla, baina papiroan eta pergaminoan ere idazten zuten, bat bera ere gorde ez den arren. Antzinako mundua alfabetatu gabea zela uste izatea okerra da.

Lantzeko meatzegunean sartzean espero al zenuten halakorik?

Ezta inondik inora ere, ez baitago horren paralelorik inon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.