85. Musika Hamabostaldia

Abraham Cupeirok antzinako soinuak berreskuratuko ditu Donostiako Musika Hamabostaldian

Ensemble Musika Praktika laukotearekin batera kontzertu bat emango du Cupeirok gaur, Kursaalean. Halaber, ostegunean, Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Agus Barandiaran eta Kamerata Oiassoko bakarlariak batuko zaizkie biei, Arantzazuko emanaldian.

Abraham Cupeiro erdian, auros instrumentua eskuetan duela Eskuinean, Fernando Buide Ensemble Musika Praktikako kidea, eta Patrick Alfaya ezkerrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Abraham Cupeiro erdian, auros instrumentua eskuetan duela; eskuinean, Fernando Buide Ensemble Musika Praktikako kidea, eta ezkerrean, Patrick Alfaya. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko abuztuaren 27a
15:10
Entzun

Abraham Cupeiro musikariaren (Sarria, Galizia, 1980) berezitasuna antzinakoak edo galdutzat jo diren instrumentuak berreskuratzea da, baita horiekin doinu eta erabilera berriak garatzea ere. Organologiarekiko interesak bultzatuta, mundu osoko eta aro ezberdinetako berrehun instrumentu baino gehiago ditu. Eta bat gehiago gehitu dio bildumari; izan ere, auros izeneko antzinako musika tresna berregin du Cupeirok, gaur 20:00etan Kursaalean emango duen kontzerturako; Donostiako 85. Musika Hamabostaldiaren egitarauan antolatu dute emanaldia. «Beraz, obraren estreinaldia izateaz gain, lehen aldia izango da instrumentu hori jendaurrean joko dena», azaldu du Fernando Buidek, Emsemble Musika Praktika laukoteko pianista eta konpositoreak.

Hain zuzen, La constelación de Sagitario obraren konpositorea da Buide, eta Musika Hamabostaldiak eta Galiziako Cidade da Cultura fundazioak egindako eskaeratik sortua da lana. Lehen aldiz joko dute Buideren obra, eta, horrez gain, Joseba Torreren Cámara II, Leonardo Baladaren Cuatris eta Karlheinz Stockhausenen miniatura zodiakalak interpretatuko dituzte Cupeirok eta laukoteko musikariek —Buiderekin batera, Regina Laza Perez Blanco biolinistak, Manuel Lorenzo biolontxelo jotzaileak eta Alejandro Sanz perkusionistak osatzen dute—. Pianista eta konpositorearen hitzetan, emanaldian Galiziako, Euskal Herriko eta Kataluniako doinuek bat egingo dute.

Era berean, badira antzinako beste zenbait instrumentu gaurko emanaldian: karnyx deritzon Burdin Aroko tronpeta zelta, kornu erromatarra, karakola eta urezko flauta. Horiek guztiak Cupeiroren esku egongo dira, eta Ensemble laukoteak harekin «elkarrizketa» izango duela adierazi du Buidek: «Gure arbasoen soinu mundu horiek birsortu eta imajinatu ahal izango ditugu gaurko kontzertuan».

Musika Garaikideko zikloa hilaren 13an hasi zen, eta bi emanaldi besterik ez da gelditzen zikloa amaitzeko; zehazki, bihar KEA ahots taldearen ordua izango da, eta bi egun barru, ostegunean, Cikada String Quartetena.

«Amazonia kulturala»

«Zergatik ez naiz lehenago hemen egon?», galdetu zion bere buruari Cupeirok Arantzazuko santutegiaren (Oñati, Gipuzkoa) berri izan zuenean. Zehazki, ostegunean, Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Agus Barandiaran eta Kamerata Oiassoko bakarlariak gaurko protagonistengana batuko dira bertan. Ahaztutako soinuak izenburua izango du kontzertuak, eta Musika Aitzakia zikloaren saioetako bat izango da. Cupeiroren ardurapean daude haize instrumentuak eta zuzendaritza musikala, eta hark proposatutako programa originala joko dute.

'Ahaztutako doinuak' emanaldian parte hartuko duten zenbait musikari. ANDONI CANELLADA / FOKU
'Ahaztutako doinuak' emanaldian parte hartuko duten zenbait musikari. ANDONI CANELLADA / FOKU

Musika klasikoa eta herrikoia uztartzen ditu ikuskizunak: «Txalaparta eta alboka joko ditut ezagutzeko desiratzen nagoen santutegi horretan, eta, horrela, zuen folklorean murgilduko naiz», aitortu du Cupeirok. Musikariarentzat, Euskal Herriko «Amazonia kulturalean» bi instrumentu horiek jotzea ekintza «ausarta» da: «Lehen aldiz alboka jo nuenean, ezin izan nion uko egin musika tresna eder horri; bulkada moduko bat da, barnetik eraldatzen zaituena». «Maitasun osoz» joko duela onartu du, eta harentzat garrantzitsuena «Europan dagoen Amazonia kulturaletik ikastea, arnastea eta harekin bat egitea» dela azpimarratu.

«Kornetak, zeina urte luzez galduta egon baita, Astor Piazzollaren doinuak biziberrituko ditu, eta handik Bela Bartok musikagilearen flauta hotsetara helduko gara, zeinak duela 110 urte errumaniarren dantza doinuak biltzen dituen», azaldu du zuzendaritza musikalaren arduradunak. Ondoren, Korrontzi taldeko Barandiarani egin dio keinu, eta harekin batera alboka joko duela esan du, zeina duela hilabete ikasi baitu jotzen. Halaber, txalapartaren «jarraitzaile leiala» dela onartu du: «Eszenatokia betetzeko adina indar du txalapartak, eta Harkaitz eta Mikelekin [Oreka TX taldeko musikariak] ikasteko plazera izan dut». Bestetik, Oiasso Kamerata taldearekin elkarlanean aritzeko gogotsu zegoen aspalditik Cupeiro, eta Hamabostaldiaren aitzakian lortu dute batzea.

Beste zenbait ikuskizunen antzera, hau ere Eduardo Txillida eta Nestor Basterretxea euskal artisten oroimenari eskainiko zaiola adierazi du Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak, «Arantzazuko santutegian beren arrastoa utzi baitzuten». Sarrerak eskuragarri daude, Kursaaleko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan eta Musika Hamabostaldiaren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.