'Antzezmetraia' eta 'Espazioa' proiektuak hautatu ditu TopArabak

Hainbat kultur diziplina nahasten dituzte bi egitasmoek. Egileek urtebeteko epea eta diru laguntza izango dute beren lanak garatzeko

Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu zituzten bi proiektu irabazleak, atzo. RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Antzezmetraia eta Espazioa izan dira TopAraba egitasmoaren bi proiektu irabazleak, eta, hortaz, sortze prozesurako diru laguntza jasoko dutenak. Hainbat kultur diziplinatako sortzaile arabarrei begirako programa da TopAraba, eta euskarazko kultur sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea du xede. Bigarren urtez antolatu dute egitasmoa Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital fundazioak.

Antzezmetraia diziplinarteko metodologian oinarritutako ikus-entzunezko lan bat sortzeko proiektu kolektiboa da, eta zinema eta antzerkia nahastea du helburu. Xede hori lortze aldera, sorkuntzaren munduko hainbat esparrutako jendea batu da: Beñat Fontanedak, Ainhoa Imazek, Aitor Vinagretek eta Josune Velez de Mendizabalek osatzen dute taldea. Imazek azaldu duenez, jabetu dira proiektuak sortzeko eta esperimentatzeko «aukera infinituak» eskainiko dizkiela; izan ere, eszena batzuk grabatu dituzte dagoeneko: «Film bat sortzeko prozesuan gabiltza lanean, baina metodologia honek edozein diziplinarekin jolasteko eta beste batzuekin nahasteko aukera ematen digu».

Produzitzeko «arau propioak» sortu dituzte, gainera. Vinagret aktoreak esplikatu duenez, Velez de Mendizabalek eta berak «inprobisatzeko aukera paregabea» izango dute, ez baitute gidoirik izango: «Antzezpenaren, gidoiaren eta grabaketaren mugak hautsi nahi ditugu, eta modu horizontalean ekoitzi. Askatasun horrekin sortzea plazer hutsa da».

Ez hori bakarrik, batak bestearengandik ikasteko ere balioko die proiektuak. Partaide bakoitza esparru jakin batetik dator, eta, beraz, ekarpenak eta lan egiteko erak askotarikoak izango dira. Horregatik, prozesua nolakoa izan den erakutsiko duen making of bat grabatzea erabaki dute. Imazek gehitu duenez, emaitza inportantea izan arren, bideaz gozatzea ere garrantzitsutzat dute, eta «irrikaz» daude sortu ahala gozatzeko.

Bestalde, Eneko Etxebarrietak eta Miyuki Okaberenek Espazioa proiektua onduko dute. Lehen Hezkuntzako haurrei begirako obra eszeniko bat izango da, non antzerkiak, zinemak, magiak eta musikak topo egingo duten.

Antzezlaneko protagonista astronauta bat da, eta espaziontzia Lur planetaren parean aparkatu du. Etxebarrietak azaldu ditu tramaren nondik norakoak: «Belaunaldi berriei hausnarketak eta tresna interesgarriak eskainiko dizkie obrak, gure Lur planetak gaur egun aurre egin behar dien egoera konplexuak ulertzen eta gainditzen laguntzeko».

Sortzaile talde bakoitzak gehienez ere urtebeteko epea izango du proiektua garatzeko, eta, horretarako, Vital fundazioak emandako laguntza izango dute: lehenak, 4.500 euro, eta bigarrenak, 3.000 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.