Lezok (Gipuzkoa) bere lekua bereganatu nahi du Euskal Herriko arte eszenikoen mapan, eta, dirudienez, martxa hartu du helbururako bidean. Iaz, lehen aldiz egin zuten Lezoko Irakurketa Dramatizatuen Partida, eta, haren «arrakasta» ikusita, egitasmoaren antolatzaileek eta Lezoko Udalak bigarren edizioa egingo dute aurten. Guztira, hogei testu aurkeztu dira aurten lehiaketara —iaz baino bi gehiago—, eta haietatik sei heldu dira larunbatean jokatuko den finalera. Lezo herri eskolako patioan izango da hori, 19:30ean, eta publikoak hautatuko du zein izan den onena. Antzerkigile ezagunen lanak daude tartean, baina hor dago berezitasuna: egilea zein den jakin gabe eman beharko du jendeak botoa.
Lierni Fresnedo aktoreak eta Oier Guillan antzerkigileak aukeratu dituzte finalera iritsitako sei testuak. «Ez da erraza izan, kalitate handia izan dugu-eta aurten», azaldu du Guillanek. «Finaletik kanpo geratu diren askok eduki zezaketen larunbatean egoteko aukera, baina sei dira aukeratu beharrekoak. Seiak aukeratzeko, hainbat gauza hartu ditugu kontuan, hala nola finalisten arteko genero oreka, belaunaldi berrien sustatzea eta hizkuntza». Finalera iritsi diren sei dramaturgoak Ainhoa Mariezkurrena, Galder Perez, Hegoa Alvarez, Jokin Oregi, Goiz Eder Iturain eta Pedro Jose Zabalza dira.
«Ez da erraza izan, kalitate handia izan dugu-eta aurten. Finaletik kanpo geratu diren askok eduki zezaketen larunbatean egoteko aukera, baina sei dira aukeratu beharrekoak»
OIER GUILLANAntzerkigilea
Larunbatean seien testuak interpretatuko dituzte. Amancay Gaztañaga, Ximun Fuchs eta Patricia Urrutia antzerki zuzendariek bakoitzak sei finalisten testuetako bi eramango dituzte oholtzara. Agurtzane Intxaurraga ere Lezoko Irakurketa Dramatizatuen Partidaren antolatzaileetako bat izan da, eta hark azaldu du nola egingo duten saioa: «Testuak interpretatzeko, sei aktoreren laguntza izango dugu, hiru profesional eta hiru amateur. Profesionalak Joseba Apaolaza, Ainhoa Artetxe eta Josune Velez de Mendizabal izango dira, eta amateurrak Naiara Bergez, Edurne Agirrezabala eta Xumai Gorostiaga». Zuzendari eta aktoreez gain, Iñaki Salvador musikaria ere bertan egongo da, interpretazio guztiak musikatzen.
Lehiaketako irabazlea bertaratuko diren ikusleek aukeratuko dute, boto bidez. Antzezlanak bozkatuko dituzte ikusleek, baina ez dute jakingo zer dramaturgok egin duen bakoitza. Lehiaketa amaitu arte mantenduko dute sekretua.
Antzerkiaz gain, festa ere izango da eskolako patioan. 19:30ean hasiko da giroa, Mad Muasel eta Big Sound DJak musikarekin hasiko baitute jaialdia. Ondoren, aurkezleak igoko dira oholtzara, Miren Gaztañaga eta Xanti Agirrezabala, eta hasiera emango diete interpretazioei. Hiru antzezlan eskainiko dituzte lehenik, eta, geldiune bat egin eta gero, beste hirurak.
Berrikuntzak
Lezo Eszena egitasmoaren parte da larunbatekoa. Intxaurraga: «Gazteak arte eszenikoetara hurbiltzea da gure helburu handienetariko bat. Horren harira, nabarmentzekoa da aurtengo hogei partaideen artean bi lezoar izan ditugula, eta biak gazteak». Aurreko urtean helburu guztiak bete zirela uste du Intxaurragak, eta, horregatik, aurten berrikuntzak ezarri dituzte egitasmoan.
Bost izan dira aurten ezarritako berrikuntzak. Lehena: kartel lehiaketa bat egin dute lehen aldiz, Partidaren kartel ofiziala aukeratzeko, eta Francisco Irigaraik egindakoak irabazi zuen. Bigarren berrikuntza: aurten lehiaketatik kanpo pieza antzeztu bat ere aurkeztuko dute egunean bertan. Iñaki Rikarte dramaturgoak idatzitako testua Intxaurragak zuzendu eta Sandra Fernandez eta Patxi Perez aktoreek antzeztuko dute. Hirugarren berrikuntza: aurten janari furgoneta bat jarriko dute eskolan, bertan afaltzeko aukera egon dadin. Ikusleen artean sariak banatuko direla da laugarren berrikuntza. Besteak beste, 100 euroko bonu bat Donostiako Viktoria Eugenia antzokirako, eta San Telmo museorako bisita gidatu bat. Eta azken berrikuntza: aurtengo testu guztiekin liburu bat egingo du Lezoko Udalak. «Liburuxka oso ongi etorriko zaie Euskal Herriko antzerki eskolei, euskarazko antzezlan berrien bila dabiltza eta», adierazi du Intxaurragak.
2023ko Partidaren arrakasta «sorpresa bat» izan zen, Lezoko zinegotzi Jon Legorbururen ustez. «Lezo bezalako herri txiki batean horrelako antzerki festa bat edukitzea plazera da», esan du. Horregatik egin dute berriz aurten egitasmoa, eta zinegotziak argi dauka bide onean jarraitzen badu urteroko ekitaldia izango dela aurrerantzean.