Izura-Azmeko (Baxenabarre) herriaren isiltasunari eta lasaitasunari zenbait ezohiko harrabots eta mugimendu lehiatzen zaizkie azken hilabetean. Latsaga gazteluan harmaila bat instalatua dute, eta argi eta soinu sistemak ageri dira han eta hor antolatuak. Badira zenbait jende eskuin-ezker korrika, jantziz kanbiatzen, testua berrikasten eta eszena mugimenduak lantzen. Azken errepikak dituzte, eta fite heldu zaie emanaldi lehena: Lurrez estali antzezlana heldu den maiatzaren 31n estreinatuko dute, Latsaga gazteluan berean, Izura-Azmen. Eta ezinbertzekoa da lekuaren aipamena, han baizik ez baitute emanen obra.
Axut antzerki konpainiak prestatua du antzezlan berria. Ximun Fuchsek idatzi du, eta bera ari da taula zuzendari ere. Jokoan, berriz, hamar aktore dira, amateurrak batzuk eta profesionalak beste batzuk: Ramon Agirre, Amaia Arbeletxe, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Ximun Fuchs, Xumai Gorostiaga, Arantxa Hirigoien, Maitexa Iriarte, Jean-Marie Irigoin, Miren Tirapu, Iñaki Ziarrusta eta Oier Zuñiga. Orotara, hamabost emanaldi pentsatuak dituzte ekaineko ostiral, larunbat eta igande oro, 20:30ean. Leku guziak salduak dira, eta, beraz, 1.500 pertsonak ikusiko dute Lurrez estali.
«Laborantzak badu mito bat: gure elikaduraren oinarria da, baina gure kulturaren sustraia ere hor errotzen da. Harrigarriki, hain inportanteak diren eta hain harro egiten gaituzten bi arlo horiek biziki gaizki tratatuak dira Euskal Herrian».
XIMUN FUCHS Antzerkigilea
Laborantzari buruzko antzezlan bat da; hobeki erran, laborantzak dakartzan arazoen eta kezkei buruzkoa. Antzerkia ehorzketa batekin abiatzen da, eta etxalde bateko familiaren istorioa kontatzen du. Ximun Fuchs piezaren idazle eta zuzendariaren erranetan, istorioa bera «aski sinplea» da. Hain zuzen, familia hori uda batez baserrian biltzen da berriz: semeak atxiki du laborantza; arreba zaharrena Baionan da fakultatean, irakasle; bestea, gazteena, idazlea da —«zirtzilagoa»—, eta aita etxaldean gelditua zen jadanik. Inguruan haurrak eta auzokoak ere badituzte. Fuchsek sakondu du: «Saiatzen dira uda pasatzen ahalik eta hoberen, goxoan. Salbu etxaldea zorrez josia dela eta zaila dela etxalde hori eramatea. Eta, etxaldea gaizki doanean, familia guztia gaizki doa».
Eta azken esaldi batekin laburtu du lana. «Familia hori Euskal Herria izan daiteke».
Laborantza eta kultura
Beste edozein gai izan zitekeen, baina Fuchsek argi zuen laborantzaz aritu nahi zuela. «Gure ofizioa uste dut dela airearen zaporea kontatzea. Zertan den jendea, zer sentitzen duen... Ni hemengoa naiz [Ipar Euskal Herri barnealdekoa], eta baditut lagunak laborari». Haren ustez, laborantzaren munduarekiko «mespretxua» eta «gaizki-ulertu handi bat» bat bada, eta, haren erranetan, «ez da erronka behar den heinean tratatzen». Horretan, kulturarekin lotu ditu laborantzak eta kulturak jasaten dituzten bidegabekeriak: «Are gehiago Euska Herrian! Laborantzak badu mito bat: gure elikaduraren oinarria da, baina gure kulturaren sustraia ere hor errotzen da. Harrigarriki, hain inportanteak diren eta hain harro egiten gaituzten bi arlo horiek biziki gaizki tratatuak dira Euskal Herrian».
Laborantzaz mintzatzeko «ekipo nahasia» sortu nahi izan zuten, profesional eta amateurrekin. Fuchs: «Frantses ereduan biziki zatikatzen dira biak». Baina, euskal munduari dagokionez, ez zaio iruditzen zentzu handirik baduenik zatiketa horrek. Eta, Euskal Herri osoko jendeak nahi zituen: «Hirietakoak, barnealdekoak bildu, zeren laborantzaren erronka, eta kulturarena, ez da zenbaitzuena; denena da».
'Site specific'
Argi zuten zer gairen inguruan lan egin nahi zuten, aski gutti aipatzen baita laborantza antzerkian; «ez bada topikoetan erortzeko», gehitu du Fuchsek. Zintzilik egoten zitzaien galdera lekuarena zen: non antzeztu? Antzoki gehienak hirietan dira, eta gutti batzuk besterik ez landa eremuetan. Argi zuten barnealdean egin nahi zutela, tratatzen zuten gaiaren lekuan berean izateko. Eta Latsaga jauregia aukeratu zuten: «Nafarroaren gotorleku bat izan zen, baserri bat, orai zaldi toki bat... Historia bat badu, eta etorkizun bat, aldi berean; antzezlana orainaldian kokatzen den istorio bat denez, metafora ederra dela uste dut».
«Leku jakin eta erreal batean antzeztu nahi genuen; nonbait, berriz sartzeko Ipar Euskal Herriko barnealdea epizentroan. Euskal Herri guzitik etortzen ahal da jendea honarat. Gure laborantzak eta gure kulturak merezi dute».
XIMUN FUCHSAntzerkigilea
Latsagan instalaturik, errepiketan hasi ziren maiatz hatsarrean. Orduan, normalean eszenatokietan jartzen diren apaingarrien beharrik ez dute izan, jauregia bera baita antzezlanaren gertatokia; istorioaren pertsonaia gisa ere definitu du Fuchsek. Ez da lehen aldia formatu horrekin lan egiten dena: site specific deitzen zaio ingelesez; hau da, leku jakin eta erreal batean antzezteari. «Guk hori egin nahi genuen; nonbait, berriz sartzeko Ipar Euskal Herriko barnealdea epizentroan. Euskal Herri guzitik etortzen ahal da jendea honarat. Gure laborantzak eta gure kulturak merezi dute».
Ekainaren 30ean izanen da hondarreko emanaldia. Aurrekontuak ez dielako gehiagorako ematen. Gainera, talde misto baten hertsadurekin ari dira: hain zuzen, aktoreen artean zenbait profesionalak direnez eta besteak amateurrak, asteburuetan trebatzera bortxatzen ditu horrek. Baina Fuchsek erran du, berez, diferentziarik ez dela egiten: «Ez du erran nahi exijentzian ttikitzen denik ezer; ez dugu pentsatzen nor den nor. Berdin da izan ikasle, profesional, laborari... Berdin da: denak aktore gara, eta istorio baten zerbitzuko».
Ikusi gehiago