Antzerkigintzaren elkargunea

Astelehenean abiatuko dira Artedrama laborategiaren XVIII. antzerki topaketak, Aulestin. Antzerki eskolez gain, publiko zabalarentzako emanaldiak ere izango dira larunbatera bitarte, frontoian

Aulestiko antzerki topaketen aurkezpena, atzo, Bilboko Rekalde aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
«Arnasgune bat». Horixe dira Aulestiko (Bizkaia) antzerki topaketak Ander Lipus antzerkigile eta Artedrama Euskal Laborategiko (ADEL) kidearen ustez. Lipus izan zen orain dela hemezortzi urte topaketei hasiera eman zietenetako bat, eta hura da egun jarraipena ematen dietenetako bat ere. Urtero-urtero arte eszenikoak euskaraz lantzen dituzten askotariko aktore, zuzendari, antzerkigile eta antzerkizaleak elkartzen dira Aulestin, eta, sei egunez, euskal antzerkigintzaren zentro bilakatzen da 650 biztanle inguruko herri hori. Datorren astelehenean abiatuko dira jardunaldi horiek, eta hilaren 15era arte egingo dituzte.

Bi ardatzen bueltan antolatzen dituzte topaketak: kanpora eta barrura begira. Arte eszenikoen laborategi dira, batetik; eta zuzeneko emanaldiak egiteko gune ere bai, bestetik. Guztira, hamasei ikasle izango dira aurten, eta sei irakasle: Myriam Perez Cazabon, Iñaki Rikarte, Ane Sagues, Oier Zuñiga, Itziar Manero eta Ander Lipus. «Zoritxarrez, ikasle asko utzi behar izan ditugu kanpoan, baina hori seinale ona da: badago formakuntzarako gogoa».

Aurrez izena emandako ikasleek zortzi orduko ikastaroak jasoko dituzte egunero, eta irakasle horietako bakoitzarekin hainbat gai jorratzeko aukera izango dute. Besteak beste, gorputzaren hizkuntza landuko du Perez Cazabonek, sormen gaitasuna Lipusek, eta maskara antzerkia Rikartek. Finean, bateko eta besteko esperientziak biltzea dute xede: «Irakasle bakoitzak askotariko etika, estetika, ikuspuntuak, tresnak... helaraziko dizkie ikasleei».

Gai zabalak

Antzerki eskolez gainera, publiko orokorrago batentzako eskaintza ere izango da gauero topaketetan. «Proposamen oso interesgarriak egongo dira», aurreratu du Lipusek. Frontoian izango dira emanaldi guztiak, 21:30ean, eta edonork izango du bertaratzeko aukera. Antzerki eskoletan irakasle dabiltzan aktore eta zuzendarien lanak erakutsiko dira horietan guztietan. Sei ikuskizunetatik lau doan izango dira, eta azken bietarako sarrerak Ilun-zar tabernan eskuratu ahal izango dira, bost euroren truke.

Astelehenean bertan ekingo diete ikuskizunei: Atx Teatroak Balbea obra taularatuko du. Gurpil aulki batekin mugitzen den pertsonaia bat izango da antzezlaneko protagonista, Gregorio, eta heriotza izango du hizpide, galdera jakin batetik abiatuta: prest al gaude hiltzeko?. Iñaki Ziarrusta antzerkigilearen bakarrizketa saio bat izango da, eta txotxongiloak izango ditu lagun.

Asteartean, Kulunka konpainiaren txanda izango da: hitzik gabe eta maskarak erabilita osatu dute Andre eta Dorine antzezlana. Zahartzaroan murgilduta dagoen bikote bat da protagonista. Gaztetan izan zuten pasioaren eta desioaren ostean axolagabekerian eta errutinan sartu den bikote baten aurkezpena egingo dute, umore kutsuarekin kontatuta, halere.

Itziar Manerok, berriz, amonaren memoria galera izango du hizpide Memoria obran. Asteazkenean izango da hori, eta Manero bakarrik egongo da eszenan; audio bidez helduko zaio ikusleari amonaren ahotsa.

Halaber, hutsunearen ideiek zeharkatuko dute Oier Zuñigaren Eresia. Lurra arin bekizu, ama ikuskizuna, ostegunean. Amaren heriotzak bultzatuta, dolu errituen inguruko gogoeta egin asmo du Zuñigak. Belen Cruz eta Eneko Gil izango ditu kide oholtzan.

Metrokoadroka konpainiak familia ereduei buruz hausnartuko du Zeozertan dabil baina ez dakit zertan obran. Oier Guillan eta Marina Suarez Ortiz de Zarate aritu dira zuzendari, eta Maite Aizpurua, Edurne Azkarate eta Javier Barandiaran aktore.

Azkenik, Axut eta Artedramaren Hondamendia antzezlanarekin itxiko dute aurtengo programazioa. Pandemia eta Zaldibarko zabortegiaren drama izango ditu mintzagai, besteak beste.

Euskal antzerkia, osasuntsu

Azken urteotan, euskarazko antzerkigintzaren eskaintza «asko» zabaldu dela nabarmendu du Lipusek: «Gero eta proposamen gehiago daude euskaraz, eta kalitate oso onekoak dira, gainera». Hala, «gero eta zailagoa» da aukeraketa egitea: «Bereziak edo desberdinak diren horiek hautatzen saiatzen gara, baina pena ematen du, talde batzuk kanpoan geratzen direlako».

Bide beretik, adierazi du ez dela erraza izan hemezortzi urteko ibilbidea egitea: «Hala ere, merezi izan du esfortzu hori egitea, bai euskal antzerkigintzarentzat, bai euskal kulturarentzat ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.