Antzerkiaren labirintoan I
Mundua aldatu
Milan Kundera idazle txekiarrak Život je jinde (Bizitza beste nonbaitago) eleberrian hala dio protagonistaz irmoki: «Eta, beste behin, Jaromilek zin egiten du bera beti izango dela mundu hau errotik aldatzeko asmoa dutenetakoa».
Nik, aldiz, antzerkiko esku orrietan esaldi irmo hau erabiltzen nuen:
«Antzerkia, mundua aldatzeko egiten dut. Eta zortea badaukat, jan ahal izateko.»
Gero esaldia aldatu nuen:
«Antzerkia, jan ahal izateko egiten dut. Eta zortea badaukat, mundua aldatzeko».
Izan ere, antzerkitik bizi ahal izatea baino mundua aldatzea errazagoa ez ote den pentsatzen dut sarritan.
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Sorkuntza kaosa da. Ez dago sorkuntzarik kaosik gabe. Eta anabasaren inguruan eraikitzen da dena. Denak balio du. Baina dena ez da edozer gauza. Ezetzaren printzipioak garamatza aurkitu nahi dugun leku horretara. Argi dagoenean zer ez duzun egin nahi, egin nahi duzun horren bila hasten zara. Emaitzak ez du axola. Bideak du dena egiten. Bidean egiten duzu dena. Erabakiak hartzen dituzu. Beharrezkoa da erabakiak hartzea. Bidearen xerka zabiltza. Ez da ezer ikusten eta argia da bilatzen duzuna. Zarata dago eta isiltasuna da bilatzen duzuna. Edo kontrakoa. Argitik ilunera. Isiltasunetik zaratara. Zer da bilatzen duzuna? Eta dena dira galderak. Erantzunik ez duzu. Eta bat-batean, erantzunak aurkitzen dituzu. Galdera berriak pausatzeko. Eta esentziara zoaz. Mamira. Intimoa den hori bestearekin partekatzera. Zeren eta ni bestea naiz. Eta bestea naizelako egiten dut teatroa.
Ergatiboa administrazioan
Administrazioarekin harremana normalean hotza izaten da. Eta teknikoa. Hau da, eurekin ezin zara diskurtso artistikoetan ezta pentsaera filosofikoetan zangotrabatu. Merkatu baten barruan, industria baten barruan, ekonomia baten barruan, beti izan dut sentsazioa gure herrian gauzak hobeto egin daitezkeela, kultur politikek hartu dituzten bideek erdi baztertuta eduki gaituztela beti. Gero, egia esan, kultura inoiz ez da euskal gizartearen erdigunean egon. Kirola (futbola, batez ere) eta hain modan jarri den gastronomia izan dira euskal kulturaren banderak, edo turismora bideratutako edozein «kultur» adierazpen.
Lehen urteak administrazioarekin gogorrak izan ziren. Ez nintzen ezaguna, Antzerkiola ere ez zen ezaguna eta gure lanak hutsaren hurrengoa ziren. Gure esperientzia faltak ere ez zigun laguntzen. Antzerkia egin nahi genuen, baina inork ez zigun esan antzerkia egitea hain konplikatua zenik.
Ez dut oroitzen zein zen tipoa edo, agian, ez dut oroitu nahi, baina kargu altu bat zuen administrazioan. Ni antzerki proiektu batekin joan nintzen dirulaguntza bat eskatzera. Bere erantzuna argia eta garbia izan zen:
— Nik ez naiz Olentzero!
Olentzerorenak min eman zidan, baina ergatiboa gaizki erabiltzen zuela ikusteak, are gehiago.
Antzerkiaren labirintoan II
Drama
Drama. Ekintza. Egintza. Teatroa. Antzerkia. Antzertia. Obra. Jarduera. Arte-lana. Arte dramatikoa. Komedia eta tragedia. Barrea eta negarra. Erritua. Kultura. Ikuskizuna. Antzeratzea. Keinua. Mekanika eta poetika. Herria. Aktorea eta publikoa. Bizitza eta heriotza. Egia eta gezurra. Ametsa. Ekitaldia. Ospakizuna. Edertasuna. Arnasa.
Sexua
William Layton antzerki laborategian izan nuen Maria Ruiz irakasleak zera esaten zigun: «Oholtza gainean ez dakizunean zer egin bi aukera dituzu: sexua sartu edo lurrera bota eta hildakoarena egin».
Eszenatoki gainean ezin gara patata batzuk izan. Gure arma sedukzioa da. Hormonak dantzan egon behar dira. Dena atera behar da sexutik. Egiten dugunak, esaten dugunak, kontatzen dugunak, ez badu interesik pizten, hobe etxean geratu. Sexuarekin konektatu behar duzu, eta tentsio hori kanporatu.
Gorputz eta gogo osoa erabili behar da sexua egiterakoan. Eta ez bakarrik gorputzeko atal bat: demagun burua, zakila edota alua. Sexua gorputz osoarekin egitea hobe, baita teatroa ere!
Edertasuna
Fiodor Dostoievskiri irakurria: «Edertasunak salbatuko du mundua».
Gauza bat dakit ziur: oholtza gainean dagoenak edertasuna agertu behar du, argi bat izan behar da. Nola lortzen da hori? Zein den horren sekretua? Bada, ez dakit. Egiten den horretan harmonia bat egon behar da, atsegina izan, osotasun batekin egin dena, proportzioz, zuzentasunez eta barne bizipozez. Pertsonaiarik itsusiena eta gaiztoena eginda ere, zerbait egon behar du, seduzitzen duena. Hari mehe bat ikuslearekin konektatzen duena. Liluratzen, xarmatzen eta erakartzen duena. Nahiz eta munduko gauzarik okerrena eta ankerrena antzeztu, ikuslea pertsonaiarekin maitemindu egin behar da. Krudeltasunak ere edertasuna eraman behar du bere baitan. Antzezpenean beti egon behar da zirrara bat edertasunari hertsiki lotuta. Arteak bizitza transzenditu behar du, eta transzenditzeko modu bat edertasuna baliatzea da.
Krisiak
Aktore baten ibilbidean krisiak behin eta berriro kolpatzen du kontzientzia. Aldarterik gabe ofizio hau maitatzea zaila da. Batez ere bizi dugun prekaritateagatik. Aktore bezala iritsi nahi duzun mailara iristea oso zaila da, batez ere aktore lanak egitetik aparte beste mila lan egin behar direlako. Entsegu denborak mugatuak dira, sorkuntza prozesuak mugatuak dira, eta dena kontra daukazunean, egoera irauli eta aurrera egiten duzu. Dena dago zure alde, krisi berri bat etortzen den arte.
Teloia jaitsi da
Teloia jaisten denean hustasun bat sentitzen dut. Eta isiltasuna. Sortutako energia, sortutako magia, desagertuz doa. Emanaldia bukatu ondoren beti egiten dut egindako lanaren errepaso bat. Gogoeta bat. Eskaintza bat indar telurikoei. Eskertza bat zeruko indarrei. Eta antzokiko mamua agurtzen dut. Zeren eta antzoki guztietan dago mamu bat. Direnik ez da sinetsi behar, ez direla ez da esan behar.
Egun osoko tentsioa bukatuta, normalean emanaldi ondoren poz handia sentitzen dut. Bizipoza. Lasaitasun bat. Bakea. Hala ere gauean, etxera iristean, zaila da loak hartzea. Energia guztia jaitsi egin behar da, pausatu. Eta egunaren balantzea eginda, emanalditik ordu batzuk pasatu ondoren, ilargia besarkatu eta izar(a)pean sartzen naiz. Hutsetik hasiko den hurrengo egunean amesten.