Antzerkigintza obrak taularatzearekin, antzokiekin nahiz eszenografiarekin erlazionatu ohi den arren, badu adar bat agertokietatik harago doana: gidoien eta istorioen papereko idazketa. Alor hori ontzen du Susa argitaletxeko Ganbila bilduman diharduen taldeak. Beste aurrerapauso bat eman dute zeregin horretan, eta, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin batera, hiru obra eman berri dituzte argitara: Amancay Gaztañagaren 39 lore, Peru Calabazaren 99 pauso ganorabakoen aldamenean eta Patricia Urrutiaren Porno vs Afrodita.
Donostian egindako liburuen aurkezpen agerraldian, Ganbila bildumako koordinatzaile Oier Guillanek azaldu du hiru obra berriek «antzerkiaren iragana, oraina eta etorkizuna denbora bakarrean» ordezkatzen dutela. Ganbilaren eskutik datorren bosgarren publikazio takada da, eta «tankera oso desberdineko hiru lanez» osatuta dago, Guillanen esanetan.
Amancay Gaztañagaren 39 lore «etorkizunaren errepresentazioa» da harentzat: «Amancayk gai futuristak eta oso bereziak ondu ditu». Egileak, aldiz, liburua idazterakoan baliatutako erreferentziak izan ditu ahotan: «Gogoetaz jositako liburua da; antzerkigintzari, nire ibilbideari eta gorputzari buruzkoak dira hausnarketok, besteak beste».
Antzezlan klasiko baten egitura balu bezala, 39 lore hiru bloketan banatuta dago. Lehendabizikoa «bizi esperientzien inguruko saiakera baten itxurako testua» da, egilearen aburuz. Zati hori idaztean Valle-Inclanen ereduaren «influentzia esanguratsua» izan duela onartu du Gaztañagak. Bigarren zatia, aldiz, lanaren erdigunea da; «liburuaren izenburua, 39 lore, bertan agertzea ez da kasualitatea». Atal hori testu ireki batekin osatu du, eta kontatzen den istorioak antzerki bateko aktoreekin jorratzeko «aukera mordoa» eskaintzen ditu, sortzailearen ustez.
Hirugarren eta azken blokea Arrate Rodriguez marrazkigilearekin batera sortu du, eta bigarren zatian agertzen diren emakume denen deskribapenak bistaratzen ditu, batena izan ezik: «Protagonista da azken zatian ageri ez den pertsonaia bakarra, Arratek hura azalera eraman baitu», argitu du Gaztañagak. Sorkuntzarako zailtasun nagusiaz itaunduta, «ikus-entzulearen begirada bilatu ordez, irakurlearena bilatzea» nabarmendu du. Helburu hori lortze aldera, «akotazio ugariko estiloa» erabili du, eta adierazi du idazketa lanak «neketsu samarrak» izan direla.
Poetikotik pornora
Peru Calabazaren 99 pauso ganorabakoen aldamenean lanak hamabost urte eman ditu isilean, «etorkizunean noiz gorpuztuko», autoreak berak aitortu duenez, orain argia ikusteko parada topatu duen arte. Guillanek iraganaren irudikapentzat jo du lan hori, haren hitzetan «denbora gehiegi egin baitu gotortuta eta isilean». Calabazak esan du «munduan poeta gisa baina etxean ganorabako gisa ezagunak direnak» hartu nahi izan dituela gogoan lan berrian. Azaldu du «saltoka-saltoka kontsumitu daitekeen lan irakurterraz bat» sortzea izan duela xede, eta, ildo horretan, Jon Gerediagak idatzitako hitzaurrea eta liburuarekin dramaturgia posibleak egiteko argibide multzoa ere sartu ditu, «sakonetik baina umoretik idatzitako artefaktu batean».
99 pauso ganorabakoen aldamenean-ek «bizitzaren eta literaturaren arteko talka»islatzen du, Calabazaren iritziz: «Jolasteko eta aske sentitzeko deialdi bat da; taula gainera eraman nahiko lukeenak edozein eszena hartu ahalko luke, kontakizunarekiko independentzia osoz». Pentsamendu poetikoaren berrinterpretazioa izan du Calabazak gogoan liburuaren idazketan: «Niretzat, pentsamendu poetiko gisa ulertzen dudanak gutxi du olerkigintzatik nahiz lirikotasunetik; kodifikazioaren eta ordenaren gabezian sustraitzen da, oro har, poetikotasuna, eta irakurlearengan argiak piztea du jomuga».
Ganbila bildumara gehitu den azken lana Guillanek «orainaren imajina» izendatu duen Porno vs Afrodita izan da, Patricia Urrutiak idatzia. Urrutiak, liburu horren bidez, «lan gogorraren isla» erakutsi gura izan du, adierazi duenez: «Teatroak, izan ere, badu konpainia propio bat sortzearen edo obra propio bat idaztearen lanetik, eta biak oso zailak dira». Porno vs Afrodita idazteko ideia Nafarroako eskola programen inguruko zalapartak aditu zituenean otu zitzaion, fikziotzat duen pornoa errealitatean aplikatzean sortzen diren «gatazka larriez» ohartuta.
Mamu musikalak, paperean
Liburuaren lehen zatian, gerora agertuko diren pertsonaien deskribapenak ondu ditu Urrutiak: «Liburuan denetariko pertsonaiak daude, jainkoak eta mamuak barne, eta garrantzitsua da guztiak irakurleari erakustea». Bakarrik idatzi zuen lehen atala, «etxean gotortuta, porrot pertsonal bat sorkuntza bihurtu nahian». Bigarren zatia, ostera, talde lanean jorratu zuten; eta hirugarren eta azkena, aldiz,«liburuko kontakizuna oholtzara eramateko jarraibide sortarekin» apailatu dute. Urrutiak nabarmendu duenaren arabera, musika «behin eta berriz, etengabe» ageri den elementua da hala liburuan nola antzezlanean: «Lana musikaren inguruko erreferentez betea dago, eta, adibidez, bertsio asko aipatzen dira testuan zehar».
Musikaren pisua begi-bistakoa da, halaber, kontaketaren egituran zein idazkeran. Urrutia: «Testuak abesti egituraren trazak dauzka, besteak beste sarrera, interludioak, zubiak eta errepikak ageri direlako; idazkera ere erritmoduna da; saiatu naiz musikaltasuna islatzen». Hamar pertsonaiaz osatutako lan horretan, halaber, badira egilearentzat bereziak diren bi, mamuak biak: Gorka Urbizu (izenburuaren azpian aipatu duena) eta John Lennon. Pertsonaia lauen eta Porno eta Afrodita jainkoen arteko erdibidean daude. Urbizu hautatu izanak ere badu azalpena: «Berri Txarrak-en azken birak The Beatlesen kontzertua zirudien, jendez lepo zegoen leku oro; musikaria, nolabait, mito bihurtu zuten», azaldu du.
Hamar pertsonaiok lauren artean taularatzeko, berriz, «lan eskerga» egin dute, «zuzenekoak abiadura handia eskatzen baitu».
Antzerkiaren iragana, oraina eta etorkizuna, aro bakarrean elkarturik
Ganbila antzerki bildumako hiru liburu plazaratu ditu Susa argitaletxeak. Patricia Urrutia, Amancay Gaztañaga eta Peru Calabaza dira egileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu