Antzerkiaren ingeniariak

'The Wolves' antzezlana aurkeztuko du Deabru Beltzak taldeak bihar Bilbon, Ingalaterran maiatzean estreinatu aurretikRoyal de Lux konpainiako ingeniariak sortu ditu antzezlaneko otsoak eta piano ibiltaria

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
«Ez dugu aulkirik ez antzekorik, espazio osoa libre behar dugu otsoekin eta pianoarekin ibiltzeko». «Botika ontzia ere baduzue». «Ez dugu orain arte erabili, baina lan mota honekin hobe dugu gertu izan». Antzokietan edota taldearen beraren lokalean entseatu ohi dute konpainiek aurki plazaratuko duten lana. Deabru Beltzek, ordea, gune askoz zabalago bat behar dute The Wolves prestatzeko. Hamelingo txirularia ipuinaren «bertsio libre eta distortsionatua» osatu dute, eta Bilboko Zorrotzaurre auzoan udalak lagatako pabiloi batean ari dira lanean. Han mintzatu dira taldeko kideak BERRIArekin.

Ingalaterran estreinatuko dute maiatzaren 6an, Norwicheko jaialdian. Baina aurrez larunbat honetan emango dute Bilbon, Kaleszena jaialdiaren barruan. Arriaga plazan izango da emanaldia, 21:00etan.

Aluminiozko hankapaluetan dabiltza Zesar A. Ogara, Gorka Goikoetxea eta Aitor Fernandino. Berotze ariketak egiten ari dira pabiloiko izkina batean. Paula Alfieri eta Alex Domenech, berriz, beste puntan daude. Akrobaziak eta dantzak entseatzen ari dira elkarrekin, piano barrutik datozen doinuen erritmora. Jean-Luc Cortes frantziarrak diseinatu du piano ibiltaria, eta hark sortu du orobat musika.

Pianoa hara-hona eraman, eta jotzeaz gain, tarteka akrobaziak eta dantza ere egingo du Alfierik. Eta lan guztien arriskuaz jabeturik, beste aktore bat ere erantsi dute taldera: Domenech bera. «Lesioak egon daitezke, eta ezin dugu hainbeste arriskatu; beste aktore bat izan behar dugu prest, badaezpada», azaldu du Oscar Castaño Garbitxuk, Deabru Beltzak konpainiako zuzendariak.

Sekulako ingeniaritza lana dago The Wolves-en atzean. Pianoa ez da piano arrunt bat. Aluminiozko otso buru baten barruan dago. Eta otsoaren burua gurdi motordun bat da berez. Pianoa bakarrik ez, musika ekipo oso bat ere badarama atzera, aurrera eta alboetara gida daitekeen gurdi modukoak. Botoi bati sakatuz gero, neoizko begiak pizten zaizkio otsoari; eta beste bati emanez gero, kea ateratzen hasten da beheko aldetik. Botoi saldoa du, hamaika efektu berezi sortze aldera.

Deabru Beltzak konpainiaren zuzendariak azaldu du «sekulako zortea» izan dutela, tankera horretako ingeniaritza lana Euskal Herrian egiteko aukerarik ez baitago usu. «Duela bi urte Royal de Luxe taldearen proiektu batean lan egiteko aukera izan genuen Belgikan. Dirutan ordaindu beharrean artean ideia bat baino ez zen The Wolves lanean laguntzeko eskatu genien. Hau da, beren taldeko ingeniari robotikoetako bat gure zerbitzura jartzeko». Hala, Naonedeko (Nantes) Erwan Bellad ingeniariak diseinatu eta eraiki ditu The Wolves-eko egitura guztiak, pianista eta hiru otsoak. Iñaki Etxeandiak Deabru Beltzak taldekoak lagundu dio. «Hau beraientzat ez da ezer. 60 pertsona eraman dezaketen 25 metroko elefanteak egiten dituzte. Euskal Herrian ez dago horrelakorik».

Ia lau metroko garaiera dute otsoek, eta Ogarak, Goikoetxeak eta Fernandinok soinean jarri dituzte dagoeneko. Alfieri dago orain pianoan, eta otsoak eta pianista elkarrekin jolasean hasi dira, urruntzen, gerturatzen. Pianistak otsoak liluratu nahi ditu, atzetik itsuki jarrai diezaioten. Alfierik dir-dir egiten duen bola moduko bat atera, eta hegan egiten jarri du. «AEBetatik ekarri dugun haurrentzako jostailu bat da. Europan heldu den urtean komertzializatuko da, eta aprobetxatu egin dugu», azaldu du Garbitxuk. Zuriz pintatuko dute, eta neoizko argiekin, ilargia balitz bezala aurkeztu. Haren bitartez liluratuko ditu otsoak «pianista maltzurrak».

Otsoek begirik kliskatu gabe begiratzen diote, ahoa eta isatsa apenas mugituz, guztiz hipnotizaturik. Aluminiozko egitura horiek ere robotizatuak daude. Eta aktoreek haiek ireki eta zarratzen dituzte otsoen hortzez beteriko ahoak, eskuetan dauzkaten botoiak sakatuta. Halaber, soinuak, argiak, piroteknia eta aire konprimitua jaurtiko dute otsoek, aktoreek eskuetan dauzkaten MP3 eta bestelako botoiei emanez. Horrez gain, Garbitxuk parte hartze zuzena izango du, obra kanpotik zuzendu arren. Urrutiko kontrol bidez aktibatuko ditu era bateko zein besteko efektuak. Gauez bakarrik emateko obra da. «Emanaldi batzuk galdu egin ditugu horregatik», esan du Garbitxuk. Alabaina, iluntasuna ezinbestekoa da The Wolves-en.

Soinean, 21 kilo

Obrak ez du sosegua luzaz mantenduko. Otsoak urduriago mugitzen hasi dira, abiadura azkartzen, giroa gaiztotzen, kaosa eragin eta beldurra zabaltzeraino. The Wolves-en garrantzitsuena ez da istorioa, ikuskizuna bera baizik. «Hamelingo txirularian inspiratu gara, baina ez diogu hariari jarraitu. Animazio hutsa egin dugu, eta gure estilora ekarri, probokazio eta ikuskizunera».

Aluminiozkoak dira egitura guztiak, eta material «nahiko arina» den arren, otso bakoitzak 21 kilo pisatzen du. Hartara, prestaketa fisiko handia eskatzen duen obra da The Wolves. «Azaroaren hasieratik daramagu gimnasia berezia egiten». Otsoen egiturak ezin dituzte hiru ordutik gora soinean izan aktoreek. «Horren ondorioz obra prestatzeko prozesua luze joan da». Duela hamalau hilabete hasi ziren obra sortzen. Eta azken sei hilabeteetan ez dute hori ez den beste lanik egin. «Taldea geldirik egon da, The Wolves-en murgilduta erabat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.